Poloniako garapen funts publikoak (PDF) Societe Generale bankura jo du Talgoren akzioen gehiengoa erosteko aholku eta finantzaketa bila. Pesa Bydgoszcza Poloniako tren ekoizlearen jabea da PDF funtsa, eta orain Euskal Herrian sortutako enpresa batu nahi du taldera. Mugimendu hori zuzenean kontrajartzen zaio Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren nahiari, haiek onartu baitute nahiago dutela Talgo Sidenorren esku gelditzea; eta, ahal bada, hil bukaera aurretik egitea nahi dute.
El Confidencial agerkariak argitaratu eta Efe albiste agentziak jaso du Poloniako funtsak Societe Generale kontratatu duela, eta horrek erakutsi du PDFren asmoak zurrumurru bat baino gehiago direla orain. Sorturiko ikusminaren adierazle izan da merkatuak ireki bezain laster enpresaren akzioek izandako ia %4ko gorakada.
Iragan asteartean Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburuak berretsi zuen Jaurlaritzak nahiago duela Talgo Sidenorren esku gelditzea, eta eragiketa hori «azken txanpan» zegoela. Diskrezioz eta lasai aritzeari dei egin zion Jauregik bere agerraldian, baina, Poloniako funtsaren mugimenduaren ondoren, ez da erraza izango lasaitasunari eustea. Haren asmoa da bi konpainiak bat egitea eta Talgok duen eskari zorro handia garaiz ekoitzi ahal izatea. Informazioa eman duten agerkariek eragiketaren gertuko iturriak aipatu dituzte, eta gaineratu dute Espainiako Gobernuak baduela asmo horren berri.
NOR DA TALGOREN JABEA?
Talgo burtsan kotizatzen duen enpresa bat da, eta haren jabetza akziodun ugariren artean banatuta dago. Nagusia, baina, bakarra da: Trilantic Capital inbertsio funtsa. Hark akzioen %29,9 ditu. Trilantic aspaldiko ezaguna da euskal ekonomian. Bere garaian diru asko irabazi zuen Euskaltelen zuen zatia saldu zuenean, eta ITPko akziodunen artean ere egondakoa da. Orain beste negozio aukera on bat du.
Bigarren akziodun nagusia Torrente Blasco familia da, %5,03rekin, eta hirugarrena Amundi (%3,01). Amundi Credit Agricole Frantziako bankuak kudeatzen duen bulego bat da, eta Talgon duen bere parteak 16,4 milioi euro balio du. Santa Lucia aseguru etxeak %2,87 du; Santander Asset Managementek, %1,86, eta Norges Bankek, %1. Beste guztiaren parterik handiena administrazio kontseiluko kideek dute. Hor Oriol (%7) eta Abello (%3) familiak nabarmentzen dira; konpainiaren sortzaileen ondorengoak, hain zuzen. Akzioen %51 free flow dira, alegia, merkatuan dauden jabetza puskak dira.
Espainiako Gobernuak, dena den, estatuaren interesen izenean operazioa blokeatzeko aukera du. Hala egin zuen iazko uztailean Magyar Vagon Hungariako konpainia Talgo erosten saiatu zenean. Horrelako erabaki protekzionistak, baina, gaizki ikusiak dira nazioarteko merkataritza erakundeetan.
Prezioarekin sokatiran
Magyar Vagonek eskaintza oso ona egin zuen —bost euroko akzioko—, eta Talgoren jabeek txarrera hartu zuten Espainiaren betoa. Izan ere, salmenta gehienetan bezala, kasu honetan ere prezioa da korapilo nagusia. Azken egunetan argitaratu denez, Sidenorrek akzioen %29,9 nahi ditu; Trilantic AEBetako inbertsio funtsaren esku daudenak, hain zuzen. Hura da akziodun nagusia, eta akzioko lau euroko eskaintza jaso zuen. Guztira 150 milioi euro inguruko eskaintza litzateke, baina Hungariatik iritsitakoa baino dezente kaskarragoa.
Trilanticen eta Sidenorren arteko sokatira asko tenkatzen ari da, eta Espainiako Gobernuak urtarrilean argitu nahi du auzia. Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin bildu da, eta haien babes osoa du. Biek ala biek nahiago dute Sidenorrek erostea, konpainiaren erabakigunea atzerrira joaten ikustea baino; eta, hala gerta dadin, presioa egiten ari dira. Talgok lantegi bat eta mantentze lanetarako tailer batzuk ditu Espainian, eta fabrika bat Euskal Herrian, Ribabellosan (Araba), 700 langilekoa.