Gazpromek eten egin die gas hornidura Poloniari eta Bulgariari, erregaia ez dutelako errubloetan ordaindu. Bai Bulgariako Bulgargazek bai Poloniako PGNiGk oharra jaso dute Gazprometik: haien herrialdeetatik barna Europako beste herrialdeetara (adibidez, Alemaniara) garraiatzen jarraituko den gasaren zati bat eurentzat hartzen badute, konpainia errusiarrak beste hainbeste murriztuko du gas emaria.
Erabaki horren ondorioetako bat gas naturalaren prezioaren jauzi ikusgarria izan da. Europako gasaren gerokoak %20 garestiago salerosi dira goizean, 117 eurotan megawatt ordua.
Errusiako gas naturala errubloetan, ez eurotan ez dolarretan, ordaintzeko derrigortasuna martxoan dekretatu zuen Vladimir Putinek, «adiskide ez diren herrialdeentzat». Horrekin, nolabait europarren gasarekiko menpekotasuna baliatuz errubloaren balioari eutsi nahi dio, moneta errusiarra ahulduta dagoelako Mendebaldearen zigor ekonomikoen ondorioz. Horrez gain, Gazprom Bankek zigorretatik kanpo jarraitzea ere segurtatuko luke Putinek.
Europako Batasunak berak eta Batasuneko zenbait herrialdek hasieratik egin zioten uko oraindik ere Errusiatik inportatzen duten gasa eta petrolioa errubloetan ordaintzeari, besteak beste, zigor ekonomikoei iskin egiteko modu horrek indarreko kontratuen baldintzak hausten zituelako.
Hala ere, gasaren faktura ordaintzeko datak hurbildu ahala, herrialdeak erabakitzen hasi behar dira zer egin. Haientzako mezu zuzena da Poloniari eta Bulgariari hornidura etetea. Eta etete gehiago etor daitezkeela ohartarazi du Gazpromek. Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenen ustez, «xantaia bat» da etendura, eta EBk erantzun bateratua eman beharko lioke.
Hungariak, errubloetan
Baina EBk herrialde batzuk Putinen dekretua betetzeko prest daude. Hungariak, esaterako, akordioa egin du Gazpromekin, gasa ordaintzeko eurotan izendatutako Gazprom Banken kontu batean, zeinak kopurua errubloetan gordailutuko duen Gazprom Exporten. Hurrengo ordainketa maiatzaren 22an egin behar du Hungariak. Herrialde hartako atzerri ministro Peter Szijjartoren arabera, Eslovakiak ere akordio berdina lotu du.