Lan esplotazioa

Poliziak 43 lagun atxilotu ditu etorkinak esplotatzeagatik

Atxilotuen artean, Erriberako landa eremuko enpresaburuak daude. Lan esplotazioa, etorkinen trafikoa, agirien faltsutzea eta langileen eskubideen aurkako delituak egozten dizkiete

Espainako poliziak atxiloketetako bat egiten. ESPAINIAKO POLIZIA
joxerra senar
2023ko azaroaren 9a
12:38
Entzun

Espainiako Poliziak dozenaka atxiloketa eta miaketa egin ditu Erriberan (Nafarroa), eta inguruko Espainiako eremuetan, Errioxan eta Aragoin. 43 lagun atxilotu dituzte oraingoz, eta landa eremuan etorkinak esplotatzea egozten diete, besteak beste.

Poliziaren arabera, «oso ongi egituratutako sare irmo, egonkor eta konplexua» osatzen zuten, eta gutxienez hirurogei partaide zituen. Laneko esplotazioa, etorkinen trafikoa, agirien faltsutzea eta langileen eskubideen aurkako delituak egozten dizkiete.

Esplotatutako etorkin gehienak senegaldarrak dira. Sareak haien jaioterrian eta Espainian atzematen zituen, eta nekazaritzako lanpostuak eskaintzen zizkieten. Behin bertan zeudela, «esklabotzaren pareko lan baldintzak ezartzen zitzaizkien, haien beharrak eta egoera administratibo irregularrak baliatuta».

Ikerketa urte hasieran abiatu zen. Gizarte Segurantzak segurtasun indarrekin batera landa eremuan egindako ikuskaritzetan, hainbat herritar esplotatu identifikatu zituzten, guztiak paperik gabe. Orduan, sei lagun atxilotu zituzten «agiriak faltsutzeagatik».

Operazioaren lehen fasea

Gerora, ikerketa zabaldu eta beste 27 lagun atxilotu zituzten. Haietako bi, 37 urtekoa bata eta 53koa bestea, instrukzio epailearen aurretik pasatu ziren, eta espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak.

Etorkinak ekartzen zituzten, eta Nafarroa hegoaldeko eta Zaragozako etxebizitzetara eramaten zituzten: «Migranteak pilatuta zeuden han, gutxieneko bizi eta garbitasun baldintzarik gabe. Poliziaren arabera, etxebizitza gehienen jabea sare horretako buruzagia da.

Landa eremuan oso baldintza gogorrak ezartzen zizkieten. «Astean zazpi egun lan egitera behartzen zituzten, egunean bederatzi-hamar ordu». Orduko zazpi euro ordaintzen zieten, kontraturik egin gabe eta, ondorioz, Gizarte Segurantzan izen eman gabe. «Ordu erdi atseden eginez gero, soldatatik kentzen zieten».

Atzerritar paperak dituen beste etorkin baten paperak lortzera behartzen zituen sareak, lan ikuskaritza aurkeztuz gero hari izkin egiteko.

Ikerketan, egiaztatu dute landa eremuko hamabost enpresaburuk eta laborarik parte hartzen zutela, eta, langileak kontraturik gabe izanda, etekin ekonomikoa ateratzen zutela.

Ribaforadan eta Alfaron (Errioxa, Espainia) miaketak egin zituzten lehen operazio horretan. Iruzurrezko kontratazio agiriak, langileak ordezkatzeko atzerritar txartelak, etorkinak garraiatzeko ibilgailuak eta 6.000 euro atzeman zituzten.

Beste hamar atxiloketa

Gerora beste hamar lagun atxilotu dituzte, eta horien artean Nafarroako enpresaburuak daude, eta sareko beste hainbat kide, buruzagiaren albokoak.

Operazio horretan, deklarazioa hartu zaie esplotazioa jasan duten bost biktimari. Oharrak zehazten duenez, nazioartean lan esplotazioaren biktimak babesteko protokolo bat dago, eta haren irizpideei jarraitu diete.

Operazioa ez da amaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.