Politikaren atzeko dirua

Botere ekonomikoarekin, botere politikoa. Zuzenean hauteskundeetara aurkeztetik alderdi politikoen B kutxak betetzeraino, plutokraziak mila aurpegi ditu; baita Zuckebergek ere.

Irune Lasa.
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Birritan ukatu zuen Mark Zuckerbergek AEBetako presidentetzara aurkeztu nahi zuela. Baina 2017. urtean haren jokaerak susmoak piztu zituen. Hasteko, ikusgarriago bihurtu zen hedabideentzat. Itzuli bat hasi zuen, urte berriko asmoa omen, ezagutzen ez zituen AEBetako estatuetan zehar. Etxalde bat Wisconsinen, Forden lantegi bat Michiganen... «Nire lana mundua konektatzea eta bakoitzari ahotsa ematea da. Aurten ahots horietako gehiago entzun nahi ditut nik neuk», esan zuen, askorentzat politikarien doinua zuten adierazpenetan.

Alderdi demokratarentzat aritutako inkestagile ezagun bat ere kontratatu zuen, teorian Chan Zuckerberg Iniciative plataforma filantropikorako.

Zuckerbergek noizbait bere burua AEBetako presidente ikusi ala ez, muinean, Zuckerbergek berak jakingo du bakarrik. Hala ere, hauteskundeetara aurkeztea ez da milioietan igerian dabiltzan aberatsek politikan esku hartzeko edo eragiteko duten modu bakarra.

Fundazioak eta B kutxak

Asko izan daitezke botere ekonomikoarekin botere politikoa eskuratzeko moduak. Zuzenak edo zeharkakoak, agerikoak edo ezkutukoak... Adibidez, Facebooken sortzaileak, edo zehatzago Chan Zuckerberg Initiativek, 350 milioi dolar banatu zituen 2020ko AEBetako presidentetzarako bozetan, pandemiaren ondorioz posta bidezko inoiz baino boto gehiago kudeatu behar zituzten eskualdeen artean. Porrota eraman ezinean gelditu ziren Donald Trumpen jarraitzaileen arabera, hauteskundeen emaitza baldintzatzea izan zen laguntza horien xedea.

Dena den, ikusi behar zen Trumpek berak nor gonbidatu zuen palkora presidente karguaren zina egin zuenean 2017ko urtarrilean; hantxe zegoen Sheldon Adelson zena, alderdi errepublikanoaren diru emaile ezaguna. Kasinoen magnateak ohorea mereziko zuela pentsatuko zuen Trumpek. Ikerketa baten arabera, Adelson senar-emazteek guztira 500 milioi dolar eman zizkioten alderdi errepublikanoari hauteskunde desberdinetarako. Bai, botere politikoa erosteko, eta batez ere sionismoaren aldeko politikak helburu.

Ez da pentsatu behar ere halakoak AEBetan soilik pasatzen direnik. Ikusi beharko litzateke Europako zenbait alderdiren B kutxak nork betetzen dituen.

Bada, hala ere, erabat agerikoa eta legezkoa den modu bat aberatsek euren boterea handitzeko erabili ohi dutena: filantropia. Haren bidez, aberatsek erabakitzen dute zer egin eta zer ez bestela zerga bilketako dirua izango litzatekeenarekin.

Dirudienez, haiek dakite ondoen—gobernuek baino hobeto, argi dago— beren dirua nola eta zertarako erabili.

Dell ordenagailu konpainiaren jabe Michael Dellekoso argi esplikatu zuen Davosko Foroan 2019an: «Jarri nahiko duten %70eko zerga tasa horrekin ordainduko genuen baino diru gehiago jarri dugu emazteak eta biok azken hogei urteetan gure fundazioan. Erosoago sentitzen naiz funts horiek esleitzeko fundazio pribatu gisa dugun abileziarekin, haiek gobernuari ematearekin baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.