Internet

Plataforma teknologiko handienak edukia gehiago zaintzera behartuta daude Europan

Gaurtik aurrera ezarriko da X, Facebook, TikTok, Google eta antzekoetan legez kanpoko edukia eta eduki kaltegarria murrizteko Zerbitzu Digitalen Legea Europako Batasunean.

TikTok aplikazioaren erabiltzaile bat. EFE
Irune Lasa.
2023ko abuztuaren 25a
13:24
Entzun

Gaurtik aurrera, EB Europako Batasunean edukiak gehiago zaintzera eta moderatzera behartuta daude Interneteko hemeretzi bilatzaile eta plataforma handi, eta, Zerbitzu Digitalen Legea urratzen badute, isun handiak ordaindu beharko dituzte.

Sarean topatu daitezkeen legez kanpoko edukiak eta eduki kaltegarriak murrizteko legea 2022an onartu zuen EBk. Apirilaren 16tik dago indarrean, baina konpainia handiek gaur arteko epea izan dute zerbitzuak egokitzeko.

Orain behartuta daude beren webguneetatik lehenbailehen kentzera legez kanpoko edukiak, hala nola haurrei egindako sexu abusuen irudiak, eta desinformazioa eta gorrotoa zabaltzen duten mezuak eta produktuak, baita ziberjazarpenari bide ematen diotenak ere. Legez kanpokoa zer den, baina, ez duZerbitzu Digitalen Legeak ezartzen: EBko eta estatu kideetako legediak hartuko dira kontuan horretarako. Konpainiak behartuta egongo dira funtzionamenduari dagokionez gardenago izatera ere.

Hemeretzi handi

Haien webguneek hilabetero 45 milioitik gora erabiltzaile europarren bisitak izaten dituztelako –europarren %10enak–, oraingoz hemeretzi konpainiari eragiten die legeak: Facebook, Instagram, TikTok, X (Twitter), Youtube, Snapchat, Linkedin eta Pinterest sare sozialei; Amazon, Booking, Aliexpress, Zalando eta Google Shopping salmenta plataforma handiei; Wikipediari eta Google Mapsi; Googlen eta Applen app dendei; eta Google Search eta Bing bilatzaileei.

Konpainietako batek Zerbitzu Digitalen Legea urratuz gero, Europako Batzordeak isuna jar diezaioke, urteko diru sarrera globalen %6rainokoa. Urraketa larria bada, salbuespen gisa, Batzordeak EBn jarduteko aldi baterako debekua ere jar diezaioke plataformari, bilatzaileari edo dena delakoari.

Legea betetzen den egiaztatzeko, Batzordeak besteak beste Gardentasun Algoritmikorako Europako Zentroa izango du Sevillan (Espainia). Lan horiek finantzatzeko, gainera, bilatzaile eta plataforma handiek haien diru sarreren %0,05 ordaindu beharko dizkiote Europako Batzordeari.

Sare sozialek lehenbailehen ezabatu beharko dituzte legez kanpoko edukiak baldin eta agintari eta norbanakoen jakinarazpena jasotzen badute. Norbanakoek ohartarazpen horiek egin ahal izateko, plataformek prozedura errazak jarri beharko dituzte eskura. Tokiko legeak betearazteko, EBko herrialdeetako agintariek konpainiari agin diezaiokete legez kanpoko edukia kentzeko, berdin dio zein den konpainiaren jatorrizko herrialdea.

Halako edukiak sarritan sareratzen dituzten erabiltzaileen kontuak bertan behera utzi beharko dituzte plataformek, betiere erabiltzaileari abisu bat eman ostean.

Legez kanpoko edukiez gain, legez kanpoko produktuen —faltsutuak edota arriskutsuak direlako—salmenta ere murriztu nahi du legeak. Salmenta plataformek «eginahalean» jardun beharko dute horretarako. Gainera, hala eskatuz gero, produktu horien saltzaileen trazabilitatea eskaini beharko dute.

Algoritmoak

Halaber, konpainiak behartuta egongo dira algoritmoetan oinarritutako edukien gomendio eta publizitateen parametroak azaltzeko, eta, edukiak gomendatzeko algoritmo aukeren artean, gutxienez batek ez du oinarritu beharko erabiltzaileen datu pertsonaletan.

Ildo horretan, Zerbitzu Digitalen Legeak mugatu egin nahi ditu publizitate pertsonalizatuak, eta erlijioaren, sexu preferentzien, osasun informazioen eta sinesmen politikoen inguruko datu pertsonalen araberako publizitate pertsonalizatuak debekatuko ditu. Helburu horrekin, haur eta nerabeen datuak jasotzea ere debekatuko die plataformei.

Konpainia teknologiko handi batzuek jada iragarri dute neurriak hartu dituztela. Facebookek, esaterako, Europako erabiltzaileei aukera ematen die ikusten dituzten kontuek zabaldutako edukiak egokitzeko. Tiktokek ere aukera ematen du bideo eskaintza erabiltzailearen kokapenaren arabera egiteko edo mundu zabaleko oihartzunaren arabera, eta ez konpainiaren algoritmoen arabera. Snaptchaten, berriz, publizitatea jartzen duten konpainiek ez dute modurik izango nerabeei publizitate pertsonalizatuak erakusteko.

Hemeretzi konpainietatik bik, bestalde, Zerbitzu Digitalen Legeari buruzko kritikak auzitara eramatea erabaki dute. Amazonek eta Zalandok uste dute ez dutela egon behar plataforma teknologiko oso handien zerrenda horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.