Oinarrizko errenta

Plataforma bat sortu dute oinarrizko errenta unibertsala bultzatzeko

Iazko maiatzean Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen egitasmoarekin jarraitzeko asmoa agertu du taldeak. Nabarmendu dutenez, Euskal Herrian «pobrezia eta desberdintasun soziala areagotzen» ari dira.

Taldeko kideak asteartea honetan Bilbon egindako aurkezpenean. BERRIA
jokin sagarzazu
2023ko maiatzaren 9a
16:20
Entzun

Eusko Legebiltzarrak babestu ez arren, ez dute amore emango: lanean jarraituko dute herritar guztientzat eta baldintzarik gabe oinarrizko errenta bat lortu arte. Orain deituriko plataforma bat sortu dute, eta astearte honetan aurkeztu dute, Bilbon.

Azaldu dutenez, Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako HEL herri ekinaldi legegilea bultzatu zutenetako asko daude duela hilabete gutxi sortu zuten talde horretan eta sustatzaileen artean.

Iazko maiatzean, legebiltzarrak ez zuen tramiterako onartu egitasmoa, EAJ, PSE, PP-Ciudadanos eta Voxen aurkako botoekin; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk soilik babestu zuten. Legebiltzarrera iristeko, 22.000tik gora sinadura bildu zituzten, eta 80 kolektibo eta gizarte erakunde baino gehiagoren atxikimendua jaso zuten.

Orduko babesak eta gaur egungo egoerak eraman ditu egitasmoarekin jarraitzera. «Prozesu horretan parte hartu zuten pertsona guztien militantzia nekaezina izan zen; horrek erakutsi zuen oinarrizko errentaren aldarrikapena premiazkoagoa dela eta inoiz baino indar handiagoa duela».

Elkarrizketa.«Oinarrizko errenta luzerako etorri da; hau ez da amaitu»

Nabarmendu dutenez, «pobrezia eta desberdintasun soziala areagotzen» ari dira Euskal Herrian, enplegu «gero eta prekarioago eta okerrago ordainduengatik» eta inflazioaren «neurrigabeko hazkundearengatik»; horri administrazioek zerbitzu publikoak «merkantilizatzeko eta pribatizatzeko» duten joera gehitu diote. «Gehienok gero eta bizimodu pobretuagoa dugu; merkatuak, berriz, bere etekinak handitzen jarraitzen du gure kontura», salatu dute.

Plataformako kideen ustez, aberastasuna banatuko duten politika publikoen aldeko apustua egiteko garaia da, «pertsona guztiek bizi baldintza duinak izateko duten eskubidea bermatzeko baldintzarik gabe».

Kolektiboaren aurkezpenarekin batera, Kataluniako Oinarrizko Errentaren Plan Pilotuari buruzko mahai inguru bat antolatu dute, astearte honetan Bizkaiko Batzar Nagusietan, 18:00etan, Alba Camps ERCko parlamentariarekin, Dolors Medina plan pilotuko bulegoko soziologoarekin eta Itziar Gerendiain Orain plataformako kidearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.