PKF Attest enpresak kudeatuko du Balenciaga ontziolaren hartzekodunen konkurtsoa

Ikuskatzaileak bi hilabeteko epea du ontziolaren egoeraren inguruko txosten bat osatzeko. Bien bitartean, Balenciaga inbertitzale baten bila ari da.

Balenciagako langileek egindako protesta bat, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Balenciagako langileek egindako protesta bat, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko abenduaren 18a
09:20
Entzun

Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziolak azaroaren amaieran iragarri zuen hartzekodunen konkurtsoa egingo zuela, eta atzo sartu zen ofizialki, Donostiako Merkataritza Arloko Lehen Epaitegiak hala ebatzita. Beraz, enpresaren jabeek haren egunerokoa kudeatzen jarraituko duten arren, PKF Attest enpresak ikuskatuko du hura.

Atzera kontaketa hasi da orain, PKF Attestek, Sestaoko (Bizkaia) Navalen itxiera kudeatu zuenak, bi hilabeteko epea izango baitu egoeraren inguruko txosten bat egiteko. Balenciagak, berriz, hilabete du enpresaren egoeraren berri emateko hari. Bitartean, zorraren zati bat ordainduko lukeen inbertitzaile baten bila ari da ontziola, eta aurrera egiteko beharrezko luke epaileak bideragarritasun plana onartzea ere. Era berean, Espainiako Ekonomia Ministerioari eskatu dio ez jartzeko betorik planteatu dezakeen berregituraketa planari.

Urrian, ontziolak hartzekodunen konkurtsoari izkin egitea lortu bazuen ere, egoerak ez zuen hobera egin, eta azaroan eskatu zuen hura, bere zorrari aurre egin ezinik. Izan ere, hartzekodun handienetako batek, Espainiako Ekonomia Ministerioaren Fonrec birkapitalizaziorako funtsak —Cofides sozietate publiko-pribatuak kudeatzen du— ez zuen ontzat jo Balenciagak aurkeztutako berregituratze plana, Donostiako merkataritza auzitegiaren oniritzia izan arren.

Eraikuntzaren azken fasean zegoen itsasontzi baten kontratua hautsi izanak galera handiak eragin dizkio ontziolari, eta eskariei aurre egiteko gaitasunik gabe utzi du. Ondorioz, nahiz eta uztailean beste bi itsasontzi eraikitzeko kontratuak sinatu, Cofidesek ez zuen argi Balenciaga gai izango ote zen horiek finantzatzeko zorra ordaindu bitartean. Hala, Cofidesen ezezkoak atea itxi zion berrregituratze planari.

Bitartean, abuztuaren hasieratik enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean daude beharginak. Aurrez, denbora eman zuten soldata kobratu gabe lanean ere. Oraingo egoeraren atzean enpresaren kudeaketa txarra dago, langile batzordearen esanetan. Era berean, baina, Cofidesen jarrera ere txarretsi zuen azaro amaieran egindako agerraldian, eta erakunde publikoei konponbide bat topatzeko deia egin. Izan ere, uste dute enpresa bideragarria dela.

Gaur elkarretaratze bat egingo dute ontziolako langileek. Donostian izango da, Espainiako Gobernuak duen ordezkariordetzaren egoitzaren aurrean, 10:00etan. Bihar, berriz, erakunde arteko mahaia bilduko da Zumaian, aferari irtenbide bat emateko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.