Pixkanaka, paretak pitzatzen

Espainiak, Finlandiak, Greziak eta Portugalek ere ireki dizkiete lan merkatuak Europa ekialdeko langileei

Leire Olaetxea.
2006ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Bi urte igaro dira Europa ekialdeko hamar herrialdek Europako Batasuneko nortasun agiria hartu zutenetik. Lasai asko bidaiatu daitezke horrela Frantziara, Alemaniara edo Italiara, adibidez; eta Txekiar Errepublikako edo Poloniako enpresek ekoitzitakoa ere Europako Batasunean saltzeko oztopoak bertan behera gelditu ziren 2004ko maiatzaren 1ean. Lan merkatuarena, baina, beste kontu bat da.

Europako agintariak beldur ziren (eta hainbat herrialde oraindik beldur dira), lan merkatua irekitzeak ekialdetik langile uholdea ekarriko zuela uste baitzuten. Eskulan merkeak kezkatzen ditu gehien. Orain arte soilik Erresuma Batuan, Irlandan eta Suedian jardun zitezkeen Europa ekialdeko hamar herrialde horietako langileak, batasuneko hiru herrialde zahar horiek baizik ez zituzten ireki ateak hasiera-hasieratik. Aho batez azpimarratu dute ez direla damutu.Atzotik aurrera, baina, lan merkatuaren pareten pitzadura handitu egingo da, eta Espainiako, Finlandiako, Greziako eta Portugalgo ateak ere zabalik izango dituzte ekialdeko beharginek. Gainontzekoek bost urte barru arte jarri ahal izango diote giltzarrapoa lan merkatuari, 2011ko maiatzean kendu egin beharko baitiote, derrigor. Alemaniak eta Austriak eusten diote irmoen ateari. Biek azpimarratzen dute, gertutasunagatik, ezin alderatu daitekeela beren egoera Portugalekin edo Erresuma Batuarekin, esaterako. Eta Austriak argudiatu du ez duela muga hautsi nahi bizilagun dituen herrialde txiroagoek egitura ekonomikoa indartu arte.Iaz EB-15ean 16 eta 64 urte artean zituzten pertsonen %0,4 baizik ez ziren Europa ekialdekoak; eta Irlandan eta Austrian dira gehien. 50 biztanletatik bat da Europa ekialdekoa Irlandan, eta %1,4 dira Austrian (edonola ere, bikoiztu egin dira, %0,7 baitziren 2004an). Duela bi urte mugak apurtu zituzten Erresuma Batuak eta Suediak ere, eta ez dute aldaketa bortitzik jasan. 2003an biztanleen %0,2 zituen Erresuma Batuak ekialdekoak, eta egun %0,4 ditu. Bere horretan da Suedia (%0,2).

«Lan merkatuari on egiten diote»

Are gehiago, Europako Batasunekoak ez diren etorkinak Europa ekialdekoak baino gehiago direla ondorioztatu du Vladimir Spidla EBko Lehia komisarioak bultzatu duen ikerketa batek. Batasunak bizilagun berriak hartu zituenetik langabezia tasak jaitsi egin direla azpimarratu du, eta Irlandan, Espainian eta Erresuma Batuan Ekialdeko langileen jarduera tasa bertakoak diren herritarrena baino handiago dela nabarmendu du. «Lan merkatuari on egiten diote, eta hazkunde ekonomiko jasangarriari eta finantza publikoei ere bai».

Auzitan jarri du, gainera, adibidez Eslovakiako edo Esloveniako langileek irlandarrekin edo portugaldarrekin lanpostuengatik lehiatzen direla. «Ordezkatu beharrean, paper osagarria dute». Eurostaten arabera, eraikuntzan eta ostalaritzan jarduten dira gehien Europa ekialdeko langileak.Baina ez prestakuntza eskasa dutelako. Etorkinen erdiek baino gehiagok erdi mailako ikasketak dituztela bildu du Eurostatek, eta hamarretik bik baino gehiagok goi mailakoak. Beste horrenbeste dira maila txikiko ikasketak dituztenak, helburu herrialdeetan baino askoz gutxiago (%31).

-

Nork zer



2004-05-01: Europako Batasunarekin bat egin zuten duela bi urte Europa ekialdeko hamar herrialdek, eta egun horretatik bertatik lan merkatua ireki zuten hiru herrialdek: Erresuma Batuak, Irlandak eta Suediak.

2006-05-01: Espainiak, Finlandiak, Greziak eta Portugalek atzo zabaldu zuten Europa ekialdeko langileentzat lan merkatua.

20011-05-01: Europa zaharreko gainontzeko herrialdeek bost urte barru arte jarri ahal izango dituzte mugak gehienez. Alemaniak eta Austriak azken unea arte itxarongo dute; Belgika, Frantzia eta Luxenburgo ari dira urrats txikiak egiten. Herbehereek urte amaieran jakinaraziko dute beren jarrera zein den.

-

'BOLKESTEIN' ARAUA



Zerbitzuen liberalizazioa, leunagoa



Europako Batasuneko Barne Produktu Gordinaren %70 inguru eragiten dute zerbitzuek. Horiekin etekin handiagoa lortzeko, zerbitzuen muturreko liberalizazioa proposatu zuen Frits Bolkestein aurreko Barne Merkatuko komisarioak. Jatorri izenaren atala moldatzea lortu zuten, ordea, sindikatuen eta hainbat gizarte eragileren protestek. Atal horren arabera, adibidez, Poloniako enpresak langilea han bertan kontratatu eta hango lan-baldintzetan Euskal Herrian jardutera derrigor zezaketen. Orain, baina, herrialde bakoitzeko segurtasun eta osasun publikoari eta ingurumenaren babesari jaramon egin beharko diote. Era berean, zerbitzuen liberalizaziotik kanpora sektore gehiago gelditzea lortu zuten. Garraioak, aldi baterako enpresak eta osasun publikoa eta pribatua, tarteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.