Pitzaduren arazoa konpontzen ari dira pixkanaka

Irune Lasa.
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Gas naturalaren garestiaren ondorioz argindarra inoiz ikusi gabeko prezioetan izanik, pentsa liteke energia nuklearra ikur duen Frantziarentzat energia krisia arinagoa izango zela, baina kontrakoa gertatu da. EDFk azken urtean zehar hainbat erreaktore gelditu behar izan ditu, eta elektrizitatea esportatu ohi zuen herrialdeak argindarra inportatu egin behar izan du, noiz eta, hain zuzen, argindar hori oso garestia zenean.

Abuztukoa izan zen unerik okerrena: herrialdeko 56 erreaktore nuklearretatik 32 egon ziren geldirik.

Gertatua ulertzeko, iazko udazkenera egin behar da jauzi, korrosioaren lehen zantzuak orduan topatu zituztelako. Civauxko (Vienne, Akitania Berria) 1 erreaktorearen hamar urteroko ikuskatzean, ultrasoinuzko gailuek ezohiko seinaleak antzeman zituen, eta gero zunda batek bost milimetrotik gorako pitzadurak topatu zituen hiru zentimetro lodi zen metala zuten tutuetan.

«Tutueria lagungarriak dira, baina zirkuitu primariora konektatuak», azaldu zuen EDFko Cedric Lewandowskik joan den ostegunean Frantziako Senatuan, erreaktoreak gelditzera behartu dituen arazoa azaltzeko egindako agerraldian. «Sostengurako zirkuituak dira, normalean itxita daudenak, baina gertaera batean ura injektatu behar dutenak. Hori oso inportantea da erreaktorearen segurtasunarentzat».

Arazo «larria»

ASN Segurtasun Nuklearreko Agintaritzako presidente Bernard Doroszczukek ere «egiazko segurtasun arazoez» hitz egin zuen Luxenburgo Jauregian, gaia «larria» zela esanez. Pitzatutako tutuetan ura injektatuz gero, Doroszczuken arabera, gerta zitekeen zuloa sortzea. «Haustura istripu nuklear bat izango zatekeen», ASNren presidentearen arabera. Zuloak «kalteak eragingo zituen instalazioan, erreaktorearen galera iraunkorra, eta ihesak kanpora; neurritsuak baina ihesak».

Hasieran, korrosioa soilik mota jakin bateko erreaktoreetan gerta zitekeela uste zuten, baina Penlyn ere pitzadurak antzeman zituzten tutueria berdintsuetan. Eta horren ondorioz dozena bat erreaktore gelditu zituzten.

Lehen zantzuen arabera, tutuerien antolaera litzateke pitzaduren eragile nagusia, eta arazoa, batez ere 1.300 megawatteko erreaktoreetan legoke, ez hainbeste 900 megawattekoetan. Hamasei erreaktore dira arazoak izateko arrisku gehien dutenak.

Haietatik hamarretan abiatu dituzte konponketa lanak, eta seitan jada amaitu; beste batean datozen asteetan amaituko dituzte; eta beste hirutan konponketak urte amaierarako amaitzea espero du EDFk. Gainerako sei erreaktore kalteberak 2023. urtearen erdirako ikertuak eta konponduak nahi ditu konpainiak; eta 2025. urte amaierarako herrialdeko erreaktore guztiak egongo lirateke ikuskatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.