PINUAK HILZORIAN DAUDE

Gaixo daude Gipuzkoako eta Bizkaiko pinuak, 'Lecanosticta acicola' onddoak erasanda. Erabat gorritu dira, eta pinudi jabe askok moztea erabaki dute, eta beste zuhaitz batzuk landatzea haien lekuan. Diru ugari eman izan duen zuhaitza arazo iturri bihurtu da orain.

Onddoak erasandako intsinis baso bat, Beizaman. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ohikoa da udazkenean zuhaitzak gorritzea, baina aurten udan iritsi da kolore hori euskal basoetara, eta berez gorritzen ez diren zuhaitzek ekarri dute, gainera. Erantzulea Lecanosticta acicola onddoa da, pinuak gaixotu baititu. Kalte egiten die azikulei pinuaren hostoei; erori egiten dira, eta pinua hil ere egin daiteke.

Intsinis (Pinus radiata) pinu gazteetan du eraginik handiena gaitzak, hezetasun handiagoa edukitzen baitute. 1944tik ezaguna bada ere, badirudi aurten aurreko urteetan baino gogorrago jo duela, batez ere Gipuzkoan, baina baita Bizkaian ere. Eguraldia da hedapenaren arrazoi nagusia. Izan ere, hezetasuna eta tenperatura epelak behar ditu. Beste berezitasun bat ere egon da aurten; izan ere, onddoaren ondorioak normalean uda amaieran antzematen badira ere, aurten maiatzean ere agertu ziren arrastoak.

Onddoak ez du eragin handirik izango lehengo aldiz azaldu den zuhaitzetan, baina hil egiten dira lau edo bost urtez jarraian egiten badie eraso.

Horrekin kezkatuta daude pinudien jabeak. «Oso larri daude», dio Javier Villarrek, Gipuzkoako ENBA Euskal Nekazarien Batasuna elkarteko kideak eta pinudi jabeak. «Gaitza aurreko urteetan baino kalte handiagoa ari da egiten. Erremediorik jarri ezean, ugarituz joango da, pinuz pinu kutsatzen baita». Fernando Opakua Gipuzkoako basogintza elkarteako zuzendari teknikoak zehaztu du kaltetuenak Azpeitia eta Errezil ingurua nahiz Mendaro direla. Zenbakiei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiak dio onddoak intsinis eta Pinus negra pinudien %36ri eragin diela. Villarrek kopuru handiagoak aipatu ditu: «Intsinisen %100 ez bada, ehuneko handi bat kaltetu da».

Kaltea egina dago jada, eta erremedioa aurkitzea ez da erraza. Opakuak azaldu du badagoela pinu gorrien artean berde mantendu denen bat; beraz, zatiak hartu eta erreproduzitu egin beharko lirateke. Hori egin nahian dabiltza Neiker ikerketa eta garapen teknologikorako euskal institutuarekin batera. «Hazitakoan erresistenteak diren ikusi nahi dugu». Hala ere, esan du zaila izango dela onddoaren hedapena gelditzea; «egoera nahiko konplikatua da». Villarrek dioenez, intsinisaren mundua bukatu egingo da administrazioak ez badie tratamendurik ematen. «Naturari ahalik eta kalte txikiena egiten dion tratamendu bat aztertu, lortu eta egin egin beharko litzateke».

Gipuzkoako Foru Aldundiak baieztatu du gaitzari aurre egiteko neurrien bila ari direla. Horretarako, sektoreko hainbat eragileren laguntza dute: Neiker, Hazi, Baskegur, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza. «Tratamendu fitosanitario esperimentalak burutzen ari gara».

Gaur-gaurkoz, intsinisak garrantzi handia du basoetan eta pinuzaleen poltsikoetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zuhaitzen %31 dira, Eustaten arabera. Nafarroan, berriz, %3 inguru dira. Errentagarritasun ekonomikoa ematea da hainbeste pinu egotearen arrazoi nagusia; izan ere, diru iturri oparoa izan da hainbat urtean, azkar hazten delako 40 urte inguru behar ditu eta manipulatzeko erraza delako.

Zuritik beltzera

Azken lauzpabost urtean erabat belztu da intsinisaren mundua, eta, hori ikusita, botatzea eta beste zerbait landatzea erabaki dute pinuzale askok. «Oraintxe bertan, noraezean gaude», dio Villarrek. Adierazi du badaudela beste espezie batzuk intsinisa ordezkatzeko, baina urte gehiago behar dituztela hazteko, eta ez dakitela gaixotasunak haiengan eragina duen ala ez. Gainera, hainbat espezieren azpian ez denez ezer ateratzen, ezingo ditu ganaduak bertan jarri. «Pinudiak onak ziren, ganadua eta basoko animaliak ibil zitezkeelako. Espezie berriek eskastu egingo dute gure ekonomia eta ekologia». Cryptomeria japonica koniferoa landatuko du ziur aski, baina ezer ez zaio aterako azpian. Gainera, kezkatuta dago hazteko ere urte gehiago behar dituelako: «30-40 urteren ordez, 60 urte behar ditu, eta aldea dago etekinak 35 urtera edo 60 urtera jasotzearen artean». Zalantzarik ez dauka: azpian bizia duen espezieren bat balego, horretara joko luke. «Ez naiz eukaliptoaren laguna, suteak izateko arriskua ehun aldiz handiagoa baita». Sagarrondoak jartzea ere ez zaio irtenbidea iruditzen: «Sagarrak soilik jartzen dituena gosez hiltzen da». Uste du posible dela leku lauetan ganaduentzako zelaiak ipintzea, baina haren ustez hori ezingo da egin orain arte pinudiak egon diren lurren %80an. «Nahiko beltz ikusten dut gaia».

Opakuak azaldu du basozaleak pinudi kaltetuak botatzen ari direla, eta beste zuhaitz batzuk landatzen ari direla horien tokian: «Cryptomeria japonica ari da nagusitzen. Eukaliptoa ere kontuan hartzekoa da».

Bi zuhaitz mota horiek landatu dituenetako bat da Jon Mikel Murua EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteko kidea, pinudi jabea eta basoko langilea. «Eukaliptoak ez du kalterik egiten». Azaldu du lurrak, altuerak eta orientazioak jartzen dituztela mugak pinudien lekuan zer jarri erabakitzeko. Haren asmoa da leku batzuetan espezie batzuk jartzea eta bestetan beste batzuk, lurrak dituen ezaugarrien arabera. «Landatzen eta basoa zaintzen jarraitu nahi dut».

Bizkaiko ENBAk dio orain arte pinuak egon diren leku guztietan eukaliptoak landatuz gero, desoreka handiak sor litezkeela ekonomian, ingurumenean eta landa garapenean. «Leku batzuetan, eukaliptoak sartzea ona izango da; beste batzuetan, ez du eraginik izango; bestetan, txarra izan liteke». Ikusten dute aukera ona dela malda txikiko lurrak nekazaritzarako, frutagintzarako eta abeltzaintzarako berreskuratzeko.

Kezka eta haserrea agerikoak dira, ordea, pinudi jabeen artean. «Nahiko lan izan dugu baserritik bizitzeko, eta orain latzagoa egingo zaigu. Hil amaieran ez kobratzea tokatuko da», dio Villarrek. Azaldu du batzuek ustiaketak itxi eta beste zerbait bilatu beharko dutela. «Hori gertatzen da dirurik ez dagoenean».

Muruak dio orain daukaten arazo nagusiena zera dela, pagadiak heldu baino lehen moztu beharra. «Oso gutxi aprobetxa daiteke hamabi eta hamabost urte arteko zuhaiztia, eta balio txikia du ekonomikoki». Pinuak moztu, garbitu eta beste espezie bat landatzeak lan handia ematen dio, baina oraingoz ez du irtenbiderik ikusten Intsinisarekin jarraitzeko. «Zatirik handiena salba daiteke 30 eta 40 urte arteko pagadia kaltetuz gero, baina bestela ez dago ezer, lana soilik».

Aldundiaren laguntza

Onddoaren kalteei aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundia laguntza ekonomikoak ematen ari da. Opakuak adierazi duenez, laguntza bat dago mozketarako, pinuen adinaren araberakoa, baina berriz zuhaitzak landatzeko baldintzarekin. «Prozesuaren %90 ordaintzen digute, baldin eta eukaliptoa jartzeko asmoa ez badugu. Ez dago laguntzarik eukaliptoarentzat». Azaldu du oso garrantzitsua dela aldundia ematen ari den laguntzei eustea, jarduera bertan behera ez gelditzeko. «Egurra ekoizten jarraitu beharra daukagu, ekologikoa delako eta onurak sortzen dituelako». Muruak dio arazoa duela lau edo bost urtetik datorrela, eta aldundiak orduan ere ematen zituela laguntzak. Hala ere, aurreko urtean eta aurten laguntza plana arazora egokitu behar izan zuten: «Beti egon izan da laguntza bat zuhaitzak berriz landatzeko, baina ehunekoa igo egin da orain». Pinudi jabeak dio aurten dezente igo dela diru laguntza eskaerak egin dituztenen kopurua, eta, diru kopurua mugatua denez, arazoa egon daitekeela. «Eskaerei erantzutea eskatzen diot aldundiari».

Gipuzkoako Foru Aldundiak baieztatu du diru laguntzak eman dituela kaltetutako pinudiak mozteko eta bere ordez erresistenteak diren beste espezie batzuk landatzeko.

Bizkaiko ENBAren arabera, lurralde horretan ere badituzte diru laguntzak pinuak botatakoan beste zuhaitzen bat landatzeko, baina Gipuzkoako salbuespen bera dute: eukaliptoa landatuz gero, ez dago laguntzarik.

Egoera txarra da, baina Muruak esperantzarako tartea ireki du. Esan du zumarrek eta haritzek horrelako kalteak izan dituztela, baina basoak iraun duela. «Jakin behar da gaitz horrekin bizitzen edo espezie horrekin jokatzen». Uste du aurrerantzean ez dela espezie bakar bat landatuko. «Orain arte, zuhaitz bakarra izan da nagusi, baina espezie ugaritako basoak izango ditugu hemendik aurrera». Alegia, egoera txarretatik ere atera litekeela zerbait ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.