Pilota egileen jakintza familian baizik ez zen transmititzen Ellande Alfaro ikasi nahian galdezka hasi zelarik. 2014. urtean, aitzinetik ezezkoa emana bazion ere, azkenean Jeannot Lukugarai armendariztarrak irakatsi zion goma, artilea eta larrua nola biribilkatu pilotak egiteko. 2015ean, Eskutik enpresa sortu zuen, bakarrik. Gaur egun, lau langileko kooperatiba bat da, eta Sarako Urtxola jatetxearen gainean du egoitza; pilotez gain, xisterak egiten eta konpontzen, eta pasaka eskularruetan ere ari dira.
Berriki, Euskal Elkargoak berrikuntzaren sari bat eman dio enpresari, pilota irazgaitz bat eta haurrentzako xistera merkeago eta arinago bat asma dezan. Horrek prentsa erakarri du haiengana, baina ez dira hain zale; orain soilik informazioa euskaraz hedatzen dutenei ematen diete baiezkoa, enpresaren oinarri bat agerian utzirik. Komunikatzen baino gehiago, nahiago dute denbora lanean eta berrikuntzak asmatzen pasatu, eta xede anitz badituzte bidean, Ellande Alfarok dioenez: “Baditugu hamarnaka proiektu ez nituenak pentsatuko hasieran, beti pentsatuz gure lana dela herriari laguntza bat ekartzea pilota bizitzeko”. Pasakako eskularruak egin eta konpondu, xisterekin berdin, eta pilota biziarazteko beste dozenaka xede dituzte.
Iparraldeko Pilota Batzordeak bultzaturik, pilota goxoak anitz garatu dira azken urteetan. Beren eskuei egokituak ez ziren kategorietako pilotak eginez lehenik, pribatuen pilota lehiaketentzat gero, Eskutik ezaguna bilakatu da sail horretan. Irisarri izeneko pilota asmatu dute, adibidez, “hango Gure Doia trinketarentzat bereziki galdeginak izan direnak”, Alfarok dioenez. Ortzaizeko Haize Mendi plazarentzat “pilota arrunt torta eta goxoa”; Urdiñarbeko trinketeko lehiaketarentzat kategorien araberakoak; Alduden Alfaro ostatuak badu bere pilota, eta Bankan, ezker paretarentzat, beste bat sortu dute.
Pilota elkarteen merkatua
Langile bakarra izatetik lau izatera pasatzeko —bosgarren langile bat erretretara joan berri da martxoan—, lekuko pilota elkarteekin lan egin dute hastapenetik. “Inguruko pilota elkarteendako ari gara, eta hor da pilota bizi”, argitu du Alfarok, pilota munduko antolakundeekin duten harremanaz galdeturik. Lapurdi, Baxenabarre, Zuberoa, Gipuzkoa eta Nafarroa “hurbila” hunkitzen dute, bereziki “hemengoak” diren modalitateetan berezituak baitira: trinketa, plaza berria, joko garbia…
Frantziako Pilota Federazioarekin eta nazioartekoarekin harremanik ez dutela zehaztu du enpresa sortu zuenak, damu batzuekin: “Federazioaren eta pilota egileen artean harreman handiagoa behar litzateke piloten segipen bat emateko, ebaluatzeko… Ez da batere”. Arau batzuk finkatu ziren, eta ez dira aldatu, haren erranetan; gaztetxoen pilota nola egin zehazten du arautegiak, adibidez, baina “gaur egun ez da batere hala egiten”. Nazioarteko Federazioarekin ez ditu harreman hobeak Alfarok: “Ez dira sobera axola. Eginarazten ahal baditu gomazko pilotak Txinan bi euroan, eta mundu mailako espezialitate bakarra, pixka bat Front Ball-arekin egiten dutena… Gu herrian egoten gara”, trenkatu du.
1. FRANTXIX KARRIKART
Lakarra, 1967; Eskutik-eko langilea
“Jakintzak gureganatu nahi ditugu, eta gero transmisioa segurtatu”
Ellande Alfaro bezala, Frantxix Karrikart ere pilotari izan da pilotak egiten hasi aitzin. Baina pilotari izateak ez dio lan horretan lagundu, bere erranetan: “Ez nuen kasu egiten pilotak nola eginak ziren. Xisteran uste dut berdin dela: pilotari izanik ere ez dut uste badakitenik xisterak nola eginak diren”. Karrikart, hain zuzen, xisterak konpontzeko sartu zen Eskutik enpresan. “Baina pilotak ere egin behar ziren, eta plazer handiz pilotak ere egiten ditut”, gehitu du. Eta pilotak aholkatzeko, dudarik ez du “zubi lana” egiten laguntzen diola pilotari izateak.
Pilota egiten Martine Hursuegi orain arteko lankidearekin ikasi zuen bezala, xisterak konpontzen eta egiten “Usurbilgo Jesus Marirekin” ikasten du, eta eskertzen du, bai baitaki transmisio hori familian egin ohi dela. Eskutik enpresan, berriz, beste logika bat dutela dio: “Jakintzak ontsa gureganatu nahi ditugu lehenik, eta gero transmisioa segurtatu, familiaz kanpoko egitura batean, gure ondokoek ere ezagutu dezaten”.
Xede berrien eramaileetarik bat da Karrikart, eta esku huskarekin gertatu dena ikusi nahi luke xisteran ere: “Esku huska osagarri aski onean da, haur anitz ari baitira, eta zerendako ari dira? Zeren eta pilota goxoak ere egin dira. Xisteran ere ohartu gara ez baditugu haurrak ariarazten zaila izanen dela”.
2. MARTINE HURSUEGI
Senpere, 1961; Eskutik-eko langile ohia
“Nahi nuen ene jakintza pasarazi; ez nuen joan nahi fitsik utzi gabe”
Umiltasunez dio azken 37 urte hauetan pilota egilea izan dela, martxoan erretreta hartu duen arte. Beste langileek jakintzaren transmisioan zutabe gisa aipatzen dute Martine Hursuegi, eta bera, pozik: “Nik ikasi dudalarik, ez zen transmisiorik biziki. Hemen bai, nahi nuen ene jakintza pasarazi; ez nuen joan nahi fitsik utzi gabe”. Ezagutu ditu garaiak umetxoen kategorian kimu pilotak zirenekoak, “gogorregiak haientzat”, eta gaztetxoentzat bai, baina gazteen pilotarik ez “eta helduen pilotara salto handia zen”, haren ustez. Aitzinatze handia izan da adin bakoitzari egokitu pilotak egiten hastea. Pilota goxoak haur gehiago esku huska aritzera pusatu dituen bezala, emazte gehiago ari da eskuz, eta baikor da: “Telebistan ikusi ditut. Kontent naiz, zeren pittat galtzen ari zen pilota; emazteak sudurra sartzen badu, beharbada piztuko da”.
Bere ibilbidean, pilotaren mundua aldatzen ikusi du, eta badaki umorez kontatzen. Garai batean, adibidez, pilotari batek galdetzen zuen pilota egiten zitzaion, aurkariaren arabera pentsatua; baina Hursuegik dudarik ez du utzi nahi: “Orain ez dugu hala egiten; araua bada, eta denek pilota bera dute”. Hargatik, hain zuzen, irrigarri zaio pilotariek partidetan pilotaz hainbeste kanbiatzea: “Hori buruan da. Guk berdin egiten ditugu”, dio, irriñoa ezpainetan. “Pilota zuri eta beltzaren artean bezala, batzuentzat beltza hobea dela erraten dute, baina ber ahuntz larrua da, salbu bat tindatua dela”.
3. CLAIRE GRILLARD
Sara, 1983; Eskutik-eko langilea
“Badira xisterak kitean, baina gure helburua da hastapenetik egitea”
Pilotarekin duen harremanaz galdeturik, “plazan pasatzean” luzeko partida batzuk ikusiak dituela ihardetsi du Claire Grillardek, “bereziki Sarako bestetan”. Igande goizetan senarra ikustera joaten zen pasakan ari zelarik, baina ofizioz aldatu nahi zuelako hasi zen Eskutik enpresan. Eskulanetara bideratu zuen bere bidea 2019ko hondarrean, eta zumea lantzen hasi zen saskiak egiteko.
Lanaz kontent da, “zerbait konkretua” egiten duelako orain, eta kooperatibak ere pozten du: “Ofizialki urtarrilean sortu da kooperatiba, baina jadanik hala funtzionatzen zen. Ez zuen nehork erabaki bat hartzen bakarrik, beti denen artean. Eta gu ere hola integratuak izan ginen”.
Karrikartekin batean, xisterak konpontzen ikasi du, eta berriak egiteko trebatzen ari dira orain, Usurbilen (Gipuzkoa). “Badira xisterak kitean, baina gure helburua da hastapenetik egitea”, zehaztu du. Zumezkoaren ondoan, haurrei egokitu xisterarekin ari da Grillard ere: “Haurren xistera batek hirurehun euro balio du; halere; ikusten ari gara hemengo enpresekin zer litzatekeen egokiago”.
4. THIERRY LOPES ETXEPARE
Basusarri, 1980; Eskutik-eko langilea
“Maitatu dut izpiritua, zeren denek behar genuen zerbait ekarri”
Duela bost urte hasi zen pilotagintzan Thierry Lopes Etxepare, xisterarekin bezala “pasakan ere, jakitate bat berreskuratu behar zelarik”. Bietan saiatu, eta pasakako eskularruak egitea maitatu zuen bereziki. Saiatu eta saiatu, ikertu eta ikertu, hasi zen eskularruak egiten. “23.a egiten ari naiz orain. Pasaka zerbitzu bat da elkarteentzat; horrekin ez dugu sosik irabazten” dio, eta irabaziak pilotetatik sartzen direla gehitu du. Datuak ere eman ditu: 450 euroan saltzen dute eskularrua, baina bizi osoan irauten ez badu, “bederen 30 urte bai”, ziurtatu du. Aski ez balitz, hauskorrak diren bi puntu hobetu nahian ari dira lanean. Eskularru zaharrak desmuntatzen ditu usu, eta “aldi oroz ikasten” du horiekin.
Eskulanaz gainera, enpresaren logika orokorrak erakartzen du Lopes: “Maitatu dut izpiritua, zeren denek behar genuen zerbait ekarri”. Euskaldun berria da, eta lanean aberastasun hori ukaitea ere eskertzen du: “Kristoren urratsa egin dut; ari nintzen familian, ingurunean, baina ez lanean. Orain euskaraz ari naiz gehiago, frantsesez baino”.