Bilboko auzitegiak «justifikazio gabekotzat» jo du Petronorrek maiatzean indarrean jarritako ABEE aldi baterako enplegu erregulazioa. CCOOk eman du epaiaren berri, eta ziurtatu du enpresak kontratuak berregin beharko dituela eta aldi baterako langabezian geratutako langileen soldatak ordaindu beharko dituela.
Maiatzean abiatu zen Petronorren aldi baterako erregulazioa. Beste malgutasun neurri batzuk agortuta, 965 langileetatik 364 erregulazioan jarri zituen findegiak, erregaien kontsumo jaitsierak haientzako nahiko lan bermatzerik ez zuela argudiatuta. Urrian zen amaitzekoa. Sindikatuek kontra egin zioten enpresari, besteak beste langile askoren faltak enpresan segurtasun arazoak sortuko zituela adierazi baitzuten, eta auzitegietara jo zuten.
CCOOk langileen borroka «ausarta, kementsua eta bateratua» goraipatu du, eta zorionak eman dizkie langileei. Enpresari, berriz, eskatu dio epaia berehala betetzeko.
Alba filialaren sorrera
Hain zuzen ere, Petronorrek jakinarazi zuen atzo enpresa bat sortu duela deskarbonizazioarekin eta trantsizio energetikoarekin lotutako jarduera guztiak biltzeko. Alba Emission Free Energy SA izena izango du enpresak, Petronorren filiala izango da %100ean, eta Bizkaian izango du egoitza.
Hidrokarburo enpresa gehienak bezala, Petronor ere bere burua prestatzen ari da erregai fosilek energiaren alorreanorain baino askoz leku gutxiago izango dutenerako. Eguzki energiaren arloan hasi da, hidrogenoaren inguruan hainbat proiektu ditu abian, eta erregai sintetikoak garatzen ari da. Arlo horiek guztiak Alba adarrean bildu ditu Muskizko findegiak.
Petronorren erregulazioa, «justifikaziorik gabekoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu