Petronorrek eta OCO Technology Ingalaterrako enpresak agregakinak ekoizteko planta bat eraikiko dute Bilboko portuan. Urtearen bigarren seihilekoan hasiko dituzte lanak, eta 2026rako amaitu asmo dituzte. Egitasmoak 20 milioi euroko kostua du, eta Petronorren findegian harrapaturiko CO2a baliatuko du. CO2 hori «errausturiko hiri hondakinen» soberakina birmoldatzeko erabiliko dute, eta eraikuntzarako materiala ekoizteko lehengaia lortuko dute hala.
Petronorrek eta OCOk gaur eman dute proiektuaren berri. Petronorrek enpresa berriaren akzioen %75 izango ditu, eta OCOk, %25. OCO bazkide teknologiko bezala sartuko da, CO2a harrapatzeko sistemak eskaintzen baititu, besteak beste. Prozesuaren ondorio den agregakin hori baldosak, morteroa eta porlan arina ekoizteko erabiliko dute. Hiri hondakinei dagokienez, litekeena da Zabalgarbikoak erabiltzea, hura baita portutik gertuen dagoen planta.
OCOren arabera, mota honetako lehen «fabrika handia» da, eta Ingalaterratik kanpo martxan jarriko duten aurrenekoa —lau dituzte Ingalaterran—. Halaber, nabarmendu dute hondakinak berrerabiltzeaz gain harrobiak gutxiago ustiatzea ere eragingo duela. Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidentearen ustez, planta hori bere konpainiak deskarbonizazioarekin duen konpromisoaren eredu da.