Enpresa munduan euskararen erabilera normalizatu nahi du Emiliano Lopez Atxurrak (Zumaia, Gipuzkoa, 1956), eta ardura horretatik dator elkarrizketa eman izana euskarazko egunkariari halako asko ematen ez dituen Petronorreko presidenteak. Aukera baliatuz, eta haren ibilbidea eta hark hitzaldietan esandakoak ezagututa, ezin Lopez Atxurrari Petronorri buruz soilik galdetu. Zenbait galderari erantzun zehatza ematea ezinezkoa du, delitua izan litekeelako administrazio kontseiluren bateko informazioa ematea, adibidez. Baina ez da gelditu erantzun gabe; «zarauztarra zarelako, e!», esan du zumaiarrak, irribarrea ahoan.
Zer iruditzen zaizkizu Frantziako hauteskundeen lehen itzuli honetako emaitzak? Susmoa dut erreparatu diezula hango bozei.
Emaitzak interesgarriak izandira; Europako Batasunaren ikuspuntutik itxaropentsuak dira, eta espero dut Macronek haize berriak ekarriko dituela.
Europaren eta globalizazioaren ezintasunek protekzionismoaren aldeko mugimendua ekarri dute.
Ni ez nago protekzionismoaren alde: batetik, konfrontazioa ekartzen duelako, eta, bestetik, jende guztiak daukalako eskubidea lan egiteko, bizitzeko aukerak edukitzeko. Protekzionismoa indarrean izan balitz, Indiak, Txinak eta hainbat lurraldek ezin izango zuketen euren industria garatu. Protekzionismoak zer esan nahi du: gure etorkizuna besteen etorkizunaren truke dela? Espainia Europako Batasunean ez balitz sartu, gure sare industriala eta gure ekosistema teknologiko industriala ez ziren garatuko orain garatuta dauden bezala.
Arrisku garai batean bizi garela diozu zuk.
Globalizazioak eta komunikazioen garapenak hainbat inpaktu ditu gure bizitzan. Gauzak aldatzen ari dira, ekonomia digitala aldatzen ari da, telekomunikazioekin komunikazioak aldatu egin dira, gure kultura portaerak aldatzen ari dira. Beste ikuspegi bat behar da.
Gure izaera industriala ere kinka horretan ikusten duzu.
Azken finean, gure jatorria da industria, eta gure etorkizuna ere industria da. Guk ez dakigu... turismoaz, industria prozesuez dakigu. Gure etorkizuna industria da, eta, horretarako, egokitzapen bat behar dugu.
Ildo horretan, hainbat tokitatik azpimarratzen da euskal enpresa industrialen dimentsioaren beharra. Besterik ez bada ere, elkarlanetik. Zuk ere aipatu izan duzu kooperazioaren beharra. Baina elkarren lehiakide diren enpresetaz ari gara askotan; adibidez, Irizar eta CAF.
Nik ez dut hitz egingo enpresa zehatzez. Nik esaten dudana da: merkatu batera joan nahi baduzu eta merkatu horrek nolabaiteko sendotasun teknologiko, industrial eta finantzarioa eskatzen badizu, ez daukazu elkarlanean joatea beste aukerarik. Merkaturik gabe ahuldu egingo zara, eta, ahulduta, teknologia izatekotan, norbaitek erosiko zaitu, eta, teknologiarik ez baduzu, itxi egin beharko duzu.
Gure industriaren etorkizunaz baikorra ala ezkorra zara?
Ni beti baikorra naiz. Gainera, gure oinarriak esaten digu baikorrak izan behar dugula. Antzinako jendeak eta gure gurasoek egin zuten lanetik datoz guk gaur egun ditugun gauzak. Gu baino baliabide gutxiagorekin eta gu baino prestakuntza gutxiagorekin egin zuten aurrera, indarrarekin eta prestakuntza profesionalarekin.
Hemengo enpresen jatorria ahotan izan duzu elkarrizketaren batean. Askok nola hasi zuten enpresa teilape batean..
Bai...
Baina orain jendeak enpresaburuak ez ditu horrela ikusten, baizik eta gorbatadun, aberats...
Hor nahasketa bat dago. Jende baten, eta ez jende guztiaren, imajinarioan enpresaburu guztiak estetika eta posizio jakin bateko Ibexeko enpresaburuak dira. Gure enpresaria ez da hori, gure enpresaria da pertsona bat gaitasuna eduki duena produktu bat edukitzeko, hura gordin-gordin garatzeko, teknologia barne. Gai dena egunero-egunero plataforma desberdinetatik beren produktua munduan saltzeko, eta inoren babesik gabe. Eta azpimarratzen dut: inoren babesik gabe. Hori da gure sare industriala. Horiek dira benetako enpresariak. Eta hori da gure kultura.
Eta zergatik nagusitzen da beste irudia, Ibexekoarena?
Demagogia dagoelako. Eta, azken finean, inkultura industrial bat dagoelako, ahaztu egin dugulako nondik gatozen.
Egungo enpresaburuek eurek ere ez dute jatorri hori ahaztu?
Besteek, ez dakit; nik ez dut ahazten, eta ez dut nahi ahaztu Jose Mari Korta, adibidez. Zergatik? Eredu bat delako. Herri honen aurrerapausoaren errepresentazioa delako. Eta Jose Mari Korta bezala, beste hainbat... Miguel Lazpiur eta horiek zer dira? Enpresariak. Eta horiek beti eman dute etsenplu ona, beti. Eta ezin ditugu ahaztu.
Horiekin injustizia egin dela diozu.
Bai.
Memorian ere bai.
Hala da, memorian ere injustizia egin zaie. Ahaztu egin dugu-eta Arizmendiarreta zer izan zen, ahaztu egin dugu Bilbao anaiak zer izan ziren makina-erreminta sortu zutenean. Ahaztu egin dugu hainbat jendek zenbat lan egin duen gure bizitza hobetzeko. Eta gure gizarteak ezin du ahaztu nondik datorren.
Zeinek ahaztu du? Sindikatuei buruz ari zinen hori esan zenuenean?
Ez, ahaztu dugu denok, zoritxarrez. Eta ezin dugu etorkizuna irabazi nondik gatozen ahazten badugu.
Ikerketa batzuek diote krisiaren ondorioz desberdintasun sozialak areagotzen ari direla.Sindikatuek salatzen dute ongizate estatua ekarri duen gizarte paktua hautsi egin dela. Ikusten duzu ongizate hori galtzeko arriskua?
Bai. Ez badugu... Begira, beti esaten dut bizitza honetan bizikletan ibiltzen garela, eta pedalei ematen ez badiegu izugarrizko arriskua dugula erortzeko. Mundu hau Tourmalet da, gu etapa erdian gaude, eta ezin dugu ahaztu gora joan behar dugula. Ezpainak estutu, pedalari eman, eta aurrera jo.
Inor atzean utzi gabe, ahal bada.
Ez, ez, ahal bada, ez; erantzukizuna da inor atzean utzi gabe egitea aurrera. Gure gizartean kohesioa eduki dugu inor ez dugulako atzean utzi. Zergatik? Auzolana egon delako hainbat tokitan, elkarlana egon delako, kooperatiben mugimendua... Orain hori transformatu egin behar da, moldatu, inor atzean ez uzteko. Erantzukizuna da. Eta zergak erabili behar dira horretarako.
Hain zuzen, zerga politikaz galdetu nahi nizun. Kritika egiten da, sozietate zergan, behin krisitik aterata, gutxi...
Guk [Petronorrek] 2016an 1.200 milioi eurotik gora ordaindu ditugu zergatan; 1.274 milioi euro guztira, horietatik 674 milioi euro Bizkaian. Eta zerga horiek izan behar dute inor ez uzteko atzean. Baina zer esan nahi du inor atzean ez uztea? Denek eduki behar dutela aukera prestakuntza bat edukitzeko, aukerak izateko.
Meritokrazian sinesten duzu.
Horretan bakarrik sinesten dut. Gure herri hau meritokraziarekin eraiki da. Makina-erremintako enpresak nondik sortu dira? Meritokraziatik.
Aukera berdintasuna da meritokraziaren oinarria. Ez dakit gure gizartean aukera berdintasun hori ziurtatua dagoen.
Ez dakit. Baina, ez baldin badugu hori finkatzen, gaizki goaz. Eta gainera, kontraesana litzateke gure historiarekin. Eta, gero, gure herriarentzat zein dira erreferenteak? Danimarka, Suedia, Norvegia. Lana, prestakuntza eta apaltasuna. Lanak eta apaltasunak egiten du herri bat handi.
Espainiako bankuen aktibo toxikoak bildu zituen Sarebeko administrazio kontseiluko kide izan zara. Nola joaten da horrelako gauza baten lehen bilera bat?
Handik abiadura handienean hanka egiteko sekulako gogoarekin! Ea... Niretzat, esperientzia oso positiboa izan da. Bat: ezagutzeko barne-barnetik finantza sistemaren funtzionamendua. Bi: ezagutzeko Espainiak eduki duen benetako problematika. Hiru: ikusteko zenbat jende egon den bizia eman duena honek porrot ez egiteko. Eta lau: jabetzeko gauzak konplexuak direla. Konturatzeko egon garela mundu oso... exuberantean. Eta hor ere etsenplu bat izan dira gure herriko aurrezki kutxak; BBK, behintzat. Eta BBK diot, izan zelako garai horretan sendotasunari eta seriotasunari eutsi ziona. Ondo esaten dut, BBK.
BBKtik edo Kutxabanketik izan zinen kontseilari Sareben?
Ez, Sareben kontseilari independente nintzen; BBKrekin kontseilari izan nintzen Cajasurren, eta hor ikusi nuen... Sareben hasi nintzenean utzi nuen hori.
Ados... eta zer ikusi zenuen, bada, Cajasurren?
[Segundo batzuk hartu ditu] Ez dut nahi erantzun... [Baina esan nahi du zerbait]. Nik bakarrik dakit Andaluziak eskertu behar diola BBKri zer inbertsio egin zuen.
Petronorri buruz hitz egingo dugu. Petrolioaren prezioak pixka bat gora egitean, arnasa Petronorrentzat?
Petronorren 2016ko emaitza onak 2015eko ondorio dira. Marjinak positiboak izan direlako, baina baita hemengo dinamika produktiboa berrikuntzan oinarritu delako ere.
Mantentze lanetarako geldialdi handia egin duzue aurten findegian.
Izugarrizko astindua eman dugu bi hilabete eta erdian. Aprobetxatu dugu hainbat inbertsio egiteko, eta probatzeko hainbat proiektu berritzaile, segurtasunerako eta antolaketarako.
Geldialdiaren ostean izan da isurketa bat. Zer gorputzaldi gelditzen da horren berri ematean?
Gure politika gardentasun osoa edukitzea da. Petronorrek ez du ezer ezkutatzen. Ezer ere ez. Zergatik? Hau filosofia bat delako, nirea eta Petronorrena; gardentasuna oinarri sakon bat da gure jarduera industrialean. Gauza txarrak gertatzen direnean, kezka izaten da ondorioa: kezka, afekzioa egon delako eta gizartearentzat afekzio hori ez delako behin ere ona; kezka, zer gertatu den jakin eta neurriak hartzeko berriz gerta ez dadin. Eta azkenik, kezka, estrategia finkatzeko. Guretzat, ingurumen politika ez da elementu deseroso bat, ez da arazo bat, baizik eta aukera estrategiko bat. Ingurumenaren inguruan praktika onak baldin badauzkagu eta ondo egiten baldin baditugu gauzak, gure etorkizun industriala salbatuta dago. Gardentasunak bakoitza bere tokian jartzen du. Hau da: demagogia demagogia da, eta ingurumen politika ingurumen politika da.
Ibileko buruzagi ere bazara, auto elektrikoentzako karga guneetan lan egiten duen konpainia. Non geldituko da petrolioa eta non argindarra?
Nik esaten dut Petronor energia industriako konpainia bat dela. Eta horrek esan nahi du ez dagoela kontrakotasunik erregai fosilen eta mugikortasun elektrikoaren artean. Gu mugikortasunerako energia hornitzaileak gara, eta eskaini behar dugu produktu eta zerbitzuen panoplia osoa. Gero, mugikortasun elektrikoak beste eremu batean sartu gaitu, sorkuntza banatuaren arloan.
Deskarbonizazioaz ari garela, Parisko akordioak, Trumpen ondoren, arriskuan daude? Zer iritzi duzu akordioaz?
Parisko akordioek ez daukate atzera bueltarik, finkatuta baitaude mundu guztirako. Hor ikusi beharko da zein eskaera dagoen 4.000 milioi biztanlerentzat. Izan ere, eskaera ez dugu ikusi behar Mendebaldetik, baizik eta Afrikatik, Indiatik, Malaysiatik, Txinatik, Hego Amerikatik...
Eta bitartean petrolioa garestitzen bada, hobe.
Gauza ez da prezioen gorabehera, baizik eta da gure antolaketa industriala eraginkorra izatea eta berrikuntza prozesuekin jarraitzea. Kontua da zein ahalmen dugun petrolioa transformatzeko, produktu oso lehiakor eta jasangarriak egiteko. Europako ingurumen araudia oso goi mailakoa da, eta, maila horretan, etengabeko berrikuntza teknologikoa behar duzu. Horregatik, Antoni Brufauk Repsoleko presidentetza hartu zuenean, hemengo egoera ikusi, eta erabaki zuen segituan egitea koke plantaren inbertsioa. Hemen koke planta ez balitz egin, orain ez ginen etorkizunari buruz ariko, etorkizunak esango baitzuen honek porrot egin zuela.
Oposizio handia izan zuen koke plantak.
Bai, eta oso jende gutxik lagundu zigun. 900 milioi euroko inbertsioa egin genuen, eta horregatik gaude gaur egun gauden bezala, irabaziak ematen. Eta horregatik herri honek jakin behar du nor arduratu zen horretaz: Antoni Brufau.
Emiliano Lopez Atxurra. Petronorreko presidentea
«Petronorrek ez du ezer ezkutatzen. Ezer ere ez»
Gardentasuna konpainiaren industria jardueraren oinarri sakona dela dio Lopez Atxurrak. Tecnaliako presidentea ere bada, eta Ibilekoa, eta Orkestrakoa. Euskal industriak garai berrietara egokitu behar duela dio, «nondik gatozen ahaztu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu