Petronorrek erregai gutxiago eta merkeago esportatzeak ia mila milioi euro kendu dizkie esportazioei

Hegoaldeko esportazioak %0,8 gutxitu dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Inportazioak %5,9 apaldu dira.

PETRONOR
Petronorren findegia, Muskizen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko azaroaren 17a
15:23
Entzun

Kanpo merkataritzak goia jo zuen 2022an, inflazio handiak eta batez ere erregai garestiek izandako trukeen prezioa asko handitu zuelako. Inflazioa nahiko handia da aurten ere —ia %4, batez beste—, baina gasa eta petrolioa iaz baino merkeago daude, eta, horren ondorioz, iazkoaren azpitik dabiltza esportazioak eta inportazioak.

Esportazioei dagokienez, Espainiako Industria eta Merkataritza Ministerioaren arabera, urteko lehen bederatzi hilabeteetan 31.928 milioi euroren esportazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko enpresek, iaz epe horretan baino %0,8 gutxiago.

%32,3

Frantzia (%16,2) eta Alemania (%16,1) dira Hego Euskal Herriaren bazkide nagusiak. Atzerago datoz AEBak (%7), Italia (%6,2), Erresuma Batua (%6) eta Portugal (%4,8).

Europako ekonomiaren geldotzeak izan du eragina datu horretan, baina erregaien merkatzeak pisu handiagoa izan duela argi ikusten da lurraldez lurraldeko datuekin. Izan ere, Bizkaian izan dute beherakadarik handiena esportazioek (-%9,4), eta lurralde haren kanpo merkataritzaren zati garrantzitsu bat da hidrokarburoen salerosketa, hau da, Petronorren petrolioa eta Bahia de Bizkaiaren gasa.

Xehetasun gehiago eman ditu Eustatek —haren emaitzak ministeriorenaren oso antzekoak dira—. Azaldu duenez, petrolioaren olio finduak izeneko atala txikitu da gehien aurten (-%50,6 edo 993 milioi euro gutxiago), baina beherakada hori ez du prezioen jaitsierak eragin soilik, esportatutako petrolio finduaren tonak (gasolioa, gasolina...) ere %43,7 jaitsi baitira: 2.329.538 tonatik 1.312.226 tonaraino.

Araban eta Gipuzkoan, gora

Are gehiago, esportazioak hazten ari dira beste osagai batzuk dituzten bi lurraldetan: %11,9 handiagoak izan dira Araban (Mercedesen furgonetak, Michelinen pneumatikoak, Tubacexen eta Tubos Reunidosen hodiak...), eta %2,2 Gipuzkoan (altzairua, autoen osagaiak, makina-erremintak, CAFen trenak...).

Nafarroan pisu handia dute Volkswagenek, eta hark esportatutako autoak gutxitu direnez, esportazio osoak %3,6 apaldu dira.

Energiaren eragina nabarmena da inportazioetan ere, haren osagai oso garrantzitsua baitira. Esportazioak baino gehiago jaitsi dira aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan (-%5,9). Egia da, ordea, hidrokarburoen inportazioak pisurik ez duen lurraldeetan ere apaldu egin direla, hala nola Gipuzkoan (-%8,5) eta Nafarroan (-%3,2), eta horrek lotura estuagoa du ekonomiaren moteltzearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.