Enpresak

Petronorrek auzitan jarri ditu bi inbertsio Bizkaian

PSOE-Sumar gobernurako itunak luzatu egin nahi du energia enpresen gaineko zerga berezia, eta horrek inbertsioak kanporatu eta izoztu ditzakeela ohartarazi dute Repsoleko buruek.

Petronorrek bere findegian eraiki duen elektrolizatzailearen sarrera. IñIGO SIERRA
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 30a
16:03
Entzun

Repsolek eta haren filial Petronorrek gogortu egin dute Pedro Sanchezen aurkako presioa. Inbestidura lortuz gero, bankuen eta energia konpainien gaineko zerga berezia luzatu egingo duela hitzartu dute Espainiako jarduneko presidenteak eta Yolanda Diazen Sumarreko buruak.

Balizko luzapen horren aurka ozenki mintzatu zen joan den astean Josu Jon Imaz Repsoleko presidenteak, eta taldeak inbertsio batzuk «Espainiatik kanpo» egitea edo izoztea eragin zezakeela abisatu zuen.

Inbertsio horietako biri izena jarri die gaur Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidente eta Repsoleko kontseilariak —Petronorren %86 da Repsolena—: Bilboko portuan egitekoa den erregai sintetikoen lantegia eta Muskizko findegian energia berriztagarriekin hidrogenoa sortzeko planta (H24All).

Lopez Atxurraren arabera, bi proiektu horiek stand by egoeran edo izoztuta geratuko dira «araudi egonkorra» ez badago.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Petronorreko presidenteak ziurtatu du zergak «beharrezkoak» direla «herritarrei ongizatea bermatzeko», eta aldarrikatu du bere enpresak 2019-2022 epean 3.000 milioi euro ordaindu dizkiola Bizkaiko Ogasunari eta beste 2.000 Espainiakoari.

Baina, haren arabera, zergek ezin dituzte enpresa zehatz batzuk «zigortu», kasu honetan petrolio eta gas enpresak. Zigor «ideologikoak» izango lirateke, eta «teknikoki bidegabeak», sektorea diru asko inbertitzen ari delako energia trantsizioan.

Hain zuzen ere, molde horretakoak dira zergaren ondorioz Repsolek izoztu ditzakeen proiektuak.

Hidrogenoari dagokionez, duela aste gutxi piztu zuen egunean tona bat hidrogeno ekoizteko gai den elektrolizatzailea,Muskizko findegian. Gailu txikia da, esperimentu bat azken finean, eta beste bi handiago egiteko asmoa dauka: 2025erako hamar MWhko bat martxan jartzeko lanak abiarazi ditu, eta ondoren etorriko litzateke 100 MWhko beste bat . Azken horrek hornitu behar du findegia, eta hori, hain zuzen, orain izoztuta gera daitekeena.

Bilboko portuan erregai sintetikoak sortzeko eta probatzeko lantegi txiki bat eraikitzen ari da Petronor, baina haren segidaerregai sintetikoak industrialki ekoizteko lantegi bat da. «Logikoki», izoztuta geratuko da zerga luzatuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.