Petronorrek 2030erako nahi du Aiaraldeko enpresetara iritsiko den hidrogeno hodia

Hidrogeno berdea Bilbo Handiko altzairutegietara eta Arabako tutu eta beira enpresetara eramatea da asmoa. Ehun megawatteko elektrolizatzailearen lanak irailean hasiko ditu, eta 2028rako egongo dira amaituta, ondo bidean.

Petronorrek dagoeneko eraikia duen 2,5 megawatteko elektrolizatzailea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Petronorrek dagoeneko eraikia duen 2,5 megawatteko elektrolizatzailea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Muskiz
2025eko otsailaren 18a
06:00
Entzun

Petronor hasia da hidrogeno berdearen aldeko apustuaren mugarriak zehazten. Oraingoz, gutxi gorabeherako data batzuk dira, baina petrolio konpainiaren hurrengo urteetako bidea markatzen dute. Anbiziorik handiena duen mugarria, hauxe: Muskizko findegitik (Bizkaia) Aiaralderaino (Araba) iritsiko litzatekeen hidrogenobide bat, hidrogeno garbiz hornituko lituzkeena beira eta altzairuzko tutuak ekoizten duten bertako konpainien (Tubacex, Tubos Reunidos, Vidrala...) labeak. Aurretik Sidenor eta Arcelorren altzairutegietara ere iritsita egongo litzateke, haiek Basaurin eta Sestaon baitaude (Bizkaia). Hidrogeno hori, hain zuzen, ondo bidean irailean eraikitzen hasiko den ehun megawatteko elektrolizatzaile egitasmoaren menpe dago; iturri berriztagarriekin sorturiko argindarra erabiliko du elektrolizatzaile horrek. 

Petronorrek hurrengo sei urteetan egin asmo dituen inbertsioak aurkeztu ditu, eta bertan aipatu du hidrogeno garbiaren jauzi kualitatiboa. Gaur egun, Muskizko findegitik Ortuellako energia parkeraino doan kilometro eta erdiko hidrogeno hodibide bat du, eta Bilboko portura arteko beste bat eraikitzen ari da. 2030erako eraiki nahi duen horrek 70 kilometro inguru izango ditu. Haren garapenean bi bazkide oso garrantzitsu izango ditu, Nortegas eta Enagas.

1.127 milioi eta kenkari handiak zergetan

Petronorrek 1.127 milioi euroko inbertsioa iragarri du hurrengo sei urteetarako. 582 milioi orain erabiltzen dituzten ekoizpen gailuen berrikuntzan gastatuko dituzte, tartean portuko bi plantetan. 544 milioi, berriz, ekoizpen gailu berrietan (hidrogenoa), eta 99, eraginkortasun hobekuntzetan. Petronorrek 182 milioi euroren laguntzak kalkulatu ditu bere txostenean, baina askoz handiagoak izan daitezke kenkariak kontuan hartuz gero. Bizkaiko Ogasunak, bere azken zerga berrikuspenean, %75erainoko kenkariak kalkulatu ditu deskarbonizazio proiektuetarako. Are gehiago, zehazki aipatzen ditu hidrogeno ekoizpena, CO2-aren harrapaketa eta halako teknikak.

Jose Ignacio Zudaire Petronorreko zuzendari nagusiaren albokoak esan duenez, oraindik ez dute kalkulatu zenbateko kenkaria lortu ahalko luketen, eta zehaztu du sozietate zergari aplikatzen zaizkiola kenkari horiek, «betiere irabaziak badaude». Azken urteetan Petronorrek ez du arazorik izan mozkinekin, eta gehitu du dagoeneko beste kenkari batzuk baliatu izan dituztela. Zifrarik eman ez arren, aipatu du zerga sistemak laguntzen duela: «Guk hemen ez dugu eguzkirik, ez dugu berriztagarririk nahi… Bada, lagungarri izan daitekeen inguru fiskal bat badugu, industria ekosistema bat izaten lagunduko digu».

Nortegas hasia da gas naturala eta hidrogenoa nahasteko probak egiten, eta frogatu du oraingo gas hodiek %20rainoko hidrogeno kantitate bati eusten diotela. Dena den, hodi bide berria hidrogenorako propio eraikiko luke, Europak hala eskatzen duelako. Petronorrek uste du bi urte beharko direla baimenak lortzeko eta bakarra hodi bidea eraikitzeko. Halaber, gogoratu dute fuel oliotik gas naturalerako trantsizioa egin zenean lehen hodi bide handia Petronorreko findegia eta Aiaraldea artekoa izan zela, 1980ko hamarkadaren hasieran.

Nortegas eta Enagas izango dira Petronorren laguntzaile handiak 70 kilometro inguru izango dituen hoditeri sarea eraikitzeko. 

«Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriak sortzen duen CO2a-ren erdia eremu horietako enpresek sortzen dute. Haiek eta porlana egiten dutenek. Deskarbonizatu nahi badute, hidrogenoa da aukerarik aproposena», zehaztu du Jose Ignacio Zudairek, Petronorreko zuzendari nagusiaren albokoak. Haren hitzetan, 500 gradutik gorako beroa behar duten industria jardueretan dago hidrogenoak duen erabilerarik eraginkorrena, eta halaxe da enpresa horietan. Zudairek espresuki izendatu ditu.

Baina hidrogeno garbia izango al da? Hor sartzen dira jokoan elektrolizatzaileak. Petronorrek dagoeneko hidrogenoa ekoizteko 2,5 megawatteko elektrolizatzaile bat du Muskizen, findegian erabiltzen duen energiaren parte oso txiki batentzako hidrogenoa sortzeko ahalmena duena. Hamar megawatteko bat eraikitzen ari da dagoeneko, baina ehun megawattekoarekin eman nahi du jauzia. Azken baimenen zain, ondo bidean irailean jarriko du lehen harria, eta Zudairek iragarri du martxan jarriko dutela «2028aren erdialderako».

sidenor
Sidenorrek Basaurin duen plantako labeetako bat. Petronorren ustez, hidrogenoa erregai aproposa izan daiteke altzairutegietan. LUIS JAUREGIALTZAO / FOKU

260 milioi euroko proiektu bat da, eta 160 Europako IPCEI laguntzekin finantzatuko du. Argindar garbia, berriz, Repsolekin dituen PPA akordioekin lortuko du. PPAk beste enpresa batzuek iturri berriztagarrien bitartez sorturiko argindarra erosteko akordioak dira. Aurrerago argitu beharreko zalantzak izango dira ea enpresa horiek zer baldintza jarriko dituzten hidrogeno hori erabiltzeko, Zudairek ere onartu baitu gaur-gaurkoz gasa erabiltzea errentagarriagoa dela, baina etorkizunean hidrogenoa «modu lehiakorrean» ekoiztea espero duela. 

Erregai sintetikoak hegazkinentzat

Hidrogenoaz gain, bi dira Petronorren etorkizunaren ardatzak, eta biek dute harrapaturiko CO2-aren oinarria. Karbono dioxido horrekin, eraikuntza materialak eta erregai sintetikoak ekoitziko ditu, hiri hondakinen tratamendutik eratorrikoak. Bi produktu horiek ekoizteko plantak Bilboko portuan eraikitzen ari da, eta biak 2026. urtearen erdialdera inauguratuko dituzte.

Erregai sintetikoetan sakontzen jarrita, Zudairek nabarmendu du merkatua izaten hasiak direla, eta itsaso, aire eta errepide bidezko garraio astunera bideratu nahi dutela. «Hegazkin konpainiak aliatu handiak izango dira. Haien jardunaren %2 deskarbonizatu behar dute dagoeneko, eta kopuru horretan gorantz egin. Dagoeneko hasiak dira gure erregai sintetikoak erabiltzen». Gehitu du interes handia dagoela Herbehereetan: «Kontsumo hub garrantzitsu bat dute, eta merkatua sortu nahi dute, besteak beste Alemaniara bidaltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.