Espainiako Gobernuaren laguntza noiz iritsiko zain zeuden Muskizen (Bizkaia), Petronorren findegian. Eta iritsi da dirua. Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur jakinarazi du 160 milioi euroko laguntza emango diola Petronorri, 100 megawatteko elektrolizagailu bat eraiki dezan findegian bertan, hidrogeno berdea ekoizteko xedez. Konpainiak dagoeneko egina dauka proiektu guztiaren oinarrizko ingeniaritza, eta, aurreikuspenen arabera, bi urte beharko ditu elektrolizagailu handi hori eraikitzeko.
Petronorren dagoeneko badago uretik hidrogenoa sortzeko elektrolizagailu txiki bat, 2,5 megawattekoa. Eta 10 megawatteko beste elektrolizagailu baten lanak hastear da Bilboko portuan, konpainiak han dituen proiektuetarako hidrogenoa sortzeko.
Hala ere, ahalmen handiagoa behar du. Findegiak, bere deskarbonizazio prozesuan aurrera egingo badu, ezinbestekoa du elektrolizagailua. Haren bidez, iturri berriztagarrietako argindarrarekin uretik hidrogeno berdea deiturikoa sor dezake. Findegietan, erregai fosilei sufrea kentzeko erabiltzen da hidrogenoa, eta oraindik ia hidrogeno guztia grisa da, gas naturaletik sortutakoa.
Findegiari elektrolizagailu handia baliagarria izango zaio isuriak murrizteko, baina baita etorkizuneko negozioetarako oinarri gisa ere. Konpainiaren asmoa da inguruko industriei hidrogeno berdea saltzea, gas naturala ordezkatu dezaten haien prozesuak deskarbonizatzeko orduan, eta baita hidrogenoaren eratorriak ekoiztea ere, bereziki erregai sintetikoak.
Gaur egun ez dago 100 megawatteko elektrolizagailurik Europan; handiena 30 megawattekoa da
Bilboko portuko bere planta berrian egingo dituzte erregai sintetiko horiek, hidrogenoa eta CO2a erabiliz. Hain zuzen, orain gutxi Petronorrek asmo akordio bat egin du Amsterdamgo portuarekin. Horren arabera, etorkizun batean Petronorrek Bilbon ekoitzitako keroseno sintetikoa eramango du Amsterdamera. Hango portuak hodi bat du Schipholeko aireporturaino, eta, hala, erregai sintetiko horrekin hornitu ahalko du KLM hegazkin konpainia.
100 megawatteko elektrolizagailua BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearentzat ere garrantzitsua da. Euskal Korridorearen asmoa da hidrogeno berdearen inguruko ekosistema industriala sortzea eta garatzea. Funtsean, argindar berriztagarri merkea erabiliz sortutako hidrogeno berde lehiakorrari etekina ateratzea da xedea, industria astunenek derrigorrez deskarbonizatu beharko dutelako hurrengo urteetan, eta guztiek ez dutelako aukera izango isuriak elektrifikazio bidez murrizteko.
Teknologia berria
Espainiako Gobernuaren diru kopuru handia proiektuaren neurriak esplikatzen du, 100 megawatteko elektrolizagailua ahalmen handikoa izango baita, eta halakoak egiteko teknologia bera oraindik nahiko berria da. Horren ondorioz, eskalatzeko, industria mailara iristeko, laguntza publikoa funtsezkoa da halako proiektu garestientzat.
Europako Batasunaren politikaren parte ere bada hidrogeno berdearen apustua, batez ere Ukrainako gerraren ostean agerian geratu zenetik Errusiako gas naturalarekiko menpekotasuna. Hidrogeno berdeak, printzipioz, Europari menpekotasun hori arintzeko bidea emango lioke, deskarbonizatzen zailak diren sektoreen isuriak murrizteaz gain. AEBetako IRA inflazioaren kontrako programak ere dirutza bideratu du hidrogeno berdearen garapenera.
Berez, gaur egun ez dago 100 megawatteko elektrolizagailurik Europan; handiena 30 megawattekoa da. Eta munduan soilik bi dira 200 megawatteko elektrolizagailuak: bat AEBetan dago eta bestea Txinan.
Madrilek guztira 794 milioi euro banatu ditu gaur hidrogeno berdearekin lotutako proiektuetarako. Muskizkoa bezalako beste 100 megawatteko lau elektrolizagailu lagunduko ditu diruz, Andaluzian, Asturiasen, Gaztela Mantxan eta Murtzian. Diru gehien Iberdrolak jasoko du —242 milioi euro—. Puertollanon (Espainia) 100 megawatteko elektrolizagailuak sortutako hidrogeno berdea ongarrietarako amoniakoa egiteko erabiliko da.