Saudi Arabiak, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundekoek eta haren aliatuek —tartean Errusia— produkzioa murriztea adostu zuten borondatez iazko azaroan eta aurtengo apirilean, petrolioaren prezioa garestitzeko, edo, gutxienez, gehiago merka ez zedin. Baina murrizketa horiek apenas izan duten eraginik, ia erabat estali baitituzte beste herrialde batzuek. Hala ondorioztatu du IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak, atzo argitaratutako txostenean. Ekoizpena handitu duten herrialdeen artean daude AEB, Kanada eta Kazakhstan, eta LPEEko herrialde batzuk, hala nola Iran eta Nigeria. Agentziaren ustez, baliteke LPEE erakundeak eta bereziki Saudi Arabiak beste murrizketa bat iragartzea aurki, eta, Riadek hori egingo balu, Errusia karteleko lehen ekoizlea bihurtuko litzateke.
LPEE taldearen barruan, zenbait estrategiari jarraitzen ari dira Saudi Arabia eta Errusia. IEAren arabera, Errusia hitzemandako murrizketak aplikatzen aritu da aurten—500.000 upel gutxiago egunean—, baina agentziak uste du datozen hilabeteetarako txikiagoak izango direla, eta urtea amaituko duela iaz baino 220.000 upel gutxiago produzituta egunean.
Errusia hori egitera behartuta ikusten ari da bere burua, irabaziak gutxitu egin direlako, AEBek eta Europak jarritako zigorren ondorioz; hain zuzen, Moskuk prezioak jaitsi behar izan dizkie hari petrolioa erosten diotenei.
Bi dira Errusiaren bezero nagusiak: Txina eta India. Indiari dagokionez, IEAk dio ekoizpen horren zati bat findu eta gasolio bihurtu ondoren berriz esportatzen ari dela Europara. Hori eta beste herrialde batzuetako ekoizpenak handitu izanak eragin dute, energia agentziaren arabera, azaroaz geroztik gasolinaren prezioa igo ez izana Europan. Brent upela egonkor mantendu da ordutik, 80 dolar inguruan.
IEAk petrolio eskariari buruzko aurreikuspenak berrikusi ditu, halaber. Hori egin du iritzita urte amaierara begirako testuinguru ekonomikoak okerrera egin duela, batez ere Europakoak. IEAren arabera, aurten mundu osoan egunero 102,1 milioi upel kontsumituko dira: 2022an baino 2,2 milioi upel gehiago, baina hark aurreikusi baino 220.000 gutxiago.
IEAren aurreikuspenak ez datoz bat LPEE erakundeak ostegun honetan egindakoekin. Geratzen den urte erdian eskaria handituko dela uste du, egunero 100.000 upel inguru gehiago beharko direla, eta, bereziki, Txinaren beharrengatik.
Petrolioaren prezioa egonkor dago, produkzioa murriztu den arren
IEAk dio LPEEren neurriek ez dutela eraginik izan herrialde batzuek ekoizpena handitu dutelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu