Petrolioa

Petrolioaren eskaerak goia joko du 2026an, eta behera egingo du aurrerantzean

IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, munduko petrolio eskaerak %6 egingo du gora 2022 eta 2028 artean, baina behera egingo du hamarkadaren amaieratik aurrera.

Errusiatik iritsitako petrolio ontzi bat Karatxiko portuan, Pakistanen. KARACHI PORT / EFE
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 14a
14:02
Entzun

Petrolioaren merkatuan «erabateko eraldaketa» izango da hamarkada honetan. Horixe iragarri du IEA Nazioarteko Energia Agentziak, gaur argitaratutako petrolioaren merkatuko aurreikuspenen inguruko txostenean. 2026an joko du goia petrolioaren eskaerak, baina «nabarmen» egingo du behera urte horretatik aurrera.

Egun indarrean dauden gobernu politikak eta merkatuaren joera aintzat hartuta egin dituzte aurreikuspenak. Horien arabera, munduko petrolio eskaerak %6 egingo du gora 2022 eta 2028 artean, eta goia joko du 2026an. Epe horretan, petrolioaren eskaria egunean 105,7 milioi upel ingurukoa izango da —petrokimikaren eta aeronautikaren sektoreak izango dira kontsumitzaile nagusiak—, baina beherakada handi baten ataria izango da igoera hori. Izan ere, hurrengo sei urteetan, pixkanaka-pixkanaka, moteldu egingo da petrolioaren eskariaren hazkundea.

Joera aldaketa horren lehen zantzuak datorren urtean nozituko dira jada. Orain arte baino nabarmen motelago handituko da 2024ko petrolio kontsumoa. Egun, urte batean 2,4 milioi upel petrolio eskatzen dira egunean. Bada, 2024ko bigarren seihilekoan kopuru hori egunean 860.00 upelera jaistea espero da.

Aurreikuspen horiei erreparatuta, petrolio ekoizleak ohartarazi ditu IEAko zuzendari nagusi Faith Birolek: «Petrolioaren ekoizleek arreta handia jarri behar diote aldaketaren erritmo azkarrari, eta neurtu egin behar dituzte hartzen dituzten inbertsio erabakiak, energia trantsizio lasai bat bermatzeko». Izan ere, azken urteotan gora baino ez dute egin petrolioaren eta gasaren merkatuetan egindako inbertsioek; hots, 2023an 488 mila milioi euroko balioa izango dute inbertsio horiek, eta azken zortzi urteotako kopururik handiena da.

Eta kontsumoaren aurreikuspenak goibelak izanik, goibelak dira, halaber, petrolio ekoizle handienak ere. IEAren arabera, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundetik kanpo dauden estatuek «menderatuko» dute merkatua —horrek 2026an goia jo aurretik—. Horien artean daude, besteak beste, AEB Ameriketako Estatu Batuak, Brasil eta Guyana.

Horiek hala, LPEE elkarteak gaitzetsi egin du IEAk argitaratutako txostena, eta zera esan du: «Energia berdea mundu osoko kontsumo beharrei aurre egiteko gai izan arte, bi merkatuetan egin behar dira inbertsioak».

Eraldaketaren gakoak

Petrolioaren merkatuko «erabateko eraldaketa» horren atzean dauden faktoreen artean, hauexek aipatu dituzte txostenean: ibilgailu elektrikoen hedapena eta bioerregaien hazkundea, batetik; eta COVID-19aren pandemiak eta Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak merkatuan sortutako egonkortasunik eza, bestetik.

IEAren aurreikuspenen arabera, lau ibilgailutik bat elektrikoa izango da 2028an. Ondorioz, nabarmen egingo du behera erregai fosileko autoen ekoizpenak, baita horiek elikatzen dituzten erregaien kontsumoak ere. Bestalde, Ukrainako gerraren ondorioz, iaz nabarmen egin zuten gora petrolioaren eta gasaren prezioek. Azkenik, bada kontuan hartu beharreko beste krisi bat: klima aldaketarena, hain zuzen. Berotegi efektuko gasen isuriak murrizte aldera, azken urteotan erregai fosilak alde batera uzteko konpromisoa hartu dute nazioarteko erakundeek.

Bada, koktelhorrek «azkartu» egin du energia berdearen aldeko trantsizioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.