Energia

Petrolioa garestitzen ari da, LPEE+ taldeak ekoizpena murriztu ondoren

Errusiak bere kabuz egindako murrizketaren ondoren, 1,6 milioi upel gutxiago izango dira egunero.

LPEE erakundearen egoitza nagusia, Vienan. CRISTIAN BRUNA / EFE
Iker Aranburu.
2023ko apirilaren 3a
12:14
Entzun

Ustekabeko mugimendu batean, petrolio ekoizpena milioi bat upeletik gora txikitzera erabaki dute LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta Errusia buru duten aliatuek. LPEE+ taldearen erabakiaren helburua da petrolioaren merkatzea etetea eta berriro ehun dolarren mugara gerturatzea.

Xede horretan urrats bat egin du jada petrolioak. Europako erreferentziazko upela, Brent izenekoa, bost dolar edo %4 ari da gora egiten gaur, eta beste hainbat AEBetako petrolio nagusia, West Texas. Brenta 84 dolarrean salerosten ari da, duela bi aste baino hamar dolar garestiago, baina iazko udaberrian eta udan izandako preziotik urrun —123 dolarrera iritsi zen, ekainaren hasieran.

Analistek uste dutenez, ehun dolarrera berriro hurbiltzea da kartelaren eta haren aliatuen helburua.

Murrizketa milioi bat upeletik gorakoa izango dela iragarri du kartelak, hau da, munduak egunean kontsumitzen dituen ia ehun milioi upelen %1 inguru. Ez dirudi asko, baina estua da petrolioaren merkatua: ez dago soberakin handirik, eta murrizketa txiki batek eragin handia izan dezake.

Gainera, kontuan hartu behar da martxotik aurrera Errusia bere ekoizpena 500.000 upel txikitzen hasi dela. Neurri hori hasieran soilik ekain artekoa zen, baina urtea amaitu arte luzatu du Moskuk. Horrenbestez, 1,6 milioi upel gutxiago izango dira merkatuan.

Egonkor gasolina, behera gasolioa

Petrolio ekoizpenaren murrizketak aurki izango du ondorioa Euskal Herriko gasolindegietan ere. Urtea hasi denetik nahiko egonkor egon da gasolinaren prezioa, litroa 1,66 euroan batez beste. Gehien kontsumitzen den erregaia, gasolioa, merkatu ere egin da: urtarrilean 1,71 euroan salerosi zen Euskal Herrian, eta 1,55ean gaur egun.

Hori bai, kontuan hartu behar da apirilarekin batera jaitsi egin direla deskontuak Hego Euskal Herrian. Batetik, hogei zentimotik hamarrera txikitu da Espainiako Gobernuak garraiolariei eta beste sektore profesional batzuei litroko ematen zien laguntza; bestetik, gasolindegi kate handienek (Repsol eta Cepsa), txikitu egin dituzte beren bezeroei egiten zieten deskontua.

Petrolio ekoizpena txikitzea kolpe bat da inflazioaren aurkako borrokan, ziur aski erregaien garestitze bat ekarriko duelako. Banku zentralen politikan ere eragina izan dezake, inflazioa nahiko baino motelago apaltzen bada beren burua behartuta ikusiko dutelako interes tasak gehiago igotzera eta luzaroan hor uztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.