Petrolio konpainien artean prezioak ezartzeko legez kanpoko itunik egon ote den ikertzeko eskatu dio Greenpeacek Europako Batzordeari. Izan ere, talde ekologistak kopuru bat jarri dio petrolio konpainien aparteko irabaziei, Ukrainako gerra dela eta: 3.000 milioi euroko aparteko diru sarrerak lortu dituzte, gasolina eta gasolioa gora eta gora hasi direnetik, Errusiaren inbasioa hasi denetik, alegia.
Iberiar penintsulan aritzen diren konpainia nagusiek, Repsolek eta Cepsak, uko egin diote txosten horren inguruan ezer esateari. Euskal Herrrian, hala Hegoaldean nola Iparraldean, 20 zentimoko deskontua dute bezeroek aldi baterako, eta deskontu horretatik zati bat petrolio konpainien bizkar doa: bost zentimo. Hegoaldean aritzen diren konpainiek erregairik garestienetakoa dute Europako Batasunean, zergak jarri aurretik.
Energy Comment ikerketa institutuak egindako txostenak irabazi tarteak aztertu ditu, hornidura kate osoan zehar, eta, haren arabera, petrolio konpainiek 3.000 milioi euroren aparteko sarrerak izan dituzte, Europako Batasunean, Ukrainako inbasioa hasi zenetik, otsailaren amaieran. Egunero, batez beste, 107 milioi euro aparteko lortu dituzte konpainiek: 94 gasolioaren salmentan eta hamahiru gasolinarenean.
Alemanian, egunero, ohi baino 32,2 milioi euro lortzen dituzte; Italian, 12,5 milioi; Frantzian, 13,3; Espainian, Katalunian, Euskal Herrian eta Galizian, 7,6 milioi; Herbehereetan, 4,3; Austrian, 4,3; eta Belgikan, 2,2 milioi euro estra. Azterketak ondorioztatu du, konpainien zerga aurreko irabaziak eta aparteko diru sarrerak loturik daudela, «ekoizpen kostuak maila berean jarraitu dutelako gutxi gorabehera».
Greenpeacek eskatuta, Energy Commentek egindako azterketak esaten du findegien kostuen garestitzea, gasaren garestitzea dela eta, orekatu egin dutela beste aldagai batzuek, esaterako, Uraletako upelaren deskontua eta petrolio konpainiek beraiek gasa ere saltzen dutela; alegia, gasarekin ere aparteko diru sarrerak lortzen ari direla. Brent upelaren kotizazioa hartu du oinarri txostenak, urtarrilaren eta martxoaren artean, eta gasolindegietan ezarri dituzten prezioak, EBko Petrolio Aldizkaritik jasoak, martxoaren 7tik 28ra.
Aparteko zergak eskatu dituzte konpainientzat
«Europako milioika kontsumitzailek aurre egin behar diete erregaiaren prezio izugarriei, baina petrolioaren industria salneurriak igo eta igo ari da, irabazi errekorrak edukitzeko, betiere gerrari esker eta energiaren krisiari esker», esan du Klara Maria Schenkek, Greenpeaceko arduraduna ingurumena eta garraioaren atalean.
Greenpeacek eskatu dio Europako Batzordeari estatu kideek aldi baterako zerga bereziak ezarri ahal izatea energiaren alorreko konpainien aparteko irabazi horiei.«Petrolio konpainiak izkin egiten ari dira aukera horri, ausartu diren estatu bakan batzuek bakarrik gasaren eta argindarraren arteko irabazietan sartu direlako».
Klara Maria Schenkek eskaera argia egin du: «Europako gobernuei esaten diegu geldi dezatela espekulazio lotsagarri hau Ukrainako oinazearekin, eta ezar ditzatela zergak irabazi immoral horientzat. Zerga horiek erabili behar dira diru sarrera apaleko familiak laguntzeko, eta garraioaren trantsizioa azkartzeko.