Udako seriea. Munduaren jabeak (IV)

Petrodolarren zama

Erregaietatik etekin handia lortu duten Arabiar penintsulako herrialdeak ekonomia dibertsifikatzen ari dira, egon daitezkeen arazoei hobeto aurre egiteko, baina guztiei ez zaie ondo ateratzen ari.

Eskuinean, PIFeko burua, Yazeed Alhumied; erdian, Yoon Suk Yeol Hego Koreako presidentea; eta ezkerrean, Chang Jae-hoon Hyundaiko presidentea. EFE
Eskuinean, PIFeko burua, Yazeed Alhumied; erdian, Yoon Suk Yeol Hego Koreako presidentea; eta ezkerrean, Chang Jae-hoon Hyundaiko presidentea. EFE
inaut matauko rada
2024ko abuztuaren 17a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Ez da sekretua Ekialde Hurbileko eta, batez ere, Arabiar penintsulako hainbat herrialderen aberastasuna nondik datorren. Munduko petrolio eta gas erreserba handienak zona horretan daude, eta herrialde horiek ederki atera diete zukua erreserba horiei XX. mendetik hona. Iran, Irak, Saudi Arabia, Kuwait, Qatar, Arabiar Emirerri Batuak, Azerbaijan, Kazakhstan... izugarrizko erregai baliabideak dituzten herrialdeetako batzuk dira.

Industria iraultza ikatzak ahalbidetu zuen, eta orduko potentzia nagusiek beren herrialdean bertan lortzen zuten erregaiaren zatirik handiena. Hala ere, historia osoan gertatu den moduan, gehien erabili diren erregaiak aldatuz joan dira berriak deskubritu ahala. Petrolioa lehenagotik ezagutzen bazen ere, haren erabilera eta erauzketa ez zen zabaltzen hasi XIX. mendearen erdira arte. Lehen petrolio putzu modernoa 1859an ireki zuten, Pennsylvanian (AEBak), eta hortik mundura zabalduz joan zen, putzu berriak aurkitzen joan ziren heinean.

Hasieratik AEBak izan ziren energia iturri berri hori gehien erabiltzen eta gehien erauzten zutenak, eta XIX. eta XX. mendeetan petrolio ekoizle nagusi izan ziren. Mende honetako urte askotan ere lehen postuan ibili da, baina Errusia eta Saudi Arabia sartu dira tarteka lehen postu horretan. Petrolio industria aurreratu horrek bultzatu du, hein handi batean, AEBen XX. mendeko nagusitasun ekonomikoa, eta, ondorioz, hark mantendu du nagusitasun politikoa, diplomatikoa, belikoa eta kulturala ere.

Ekialde Hurbilean XX. mendearen hasieran hasi ziren petrolio putzuak topatzen, baina hasieratik Mendebaldeko herrialdeetako enpresen esku egon zen horien esplotazioa, lurralde horren gehiengoa Iparralde Globaleko potentziek baitzuten kolonizatua. Lehen Munduko Gerraren eta Otomandar Inperioaren disoluzioaren ostean, Ekialde Hurbil ia osoa Europako mandatuen menpe geratu zen. Herrialde gehienek XX. mendearen bigarren erdira arte ez zuten independentzia lortu Europako potentzietatik, salbuespenak salbuespen —Iran, Afganistan eta Saudi Arabia, esaterako—.

Horietako herrialde asko orokorrean oso atzeratuta zeuden Mendebaldeko herrialdeekin alderatuta: biztanleria txikia, industria falta eta estatu ahulak zituzten. Bada, erregaietatik gero eta diru gehiago hasi ziren poltsikoratzen, eta funts subiranoak sortu zituzten kapital hori kudeatzeko. Pixkanaka, ezberdintasunak ezberdintasun, garatuz joan dira herrialdeak, eta eskualdeko potentzia bihurtu dira batzuk.

Arabiar Emirerri Batuak

Duela gutxira arte nahiko eskualde ezezaguna izan da Arabiar penintsula. Petrodolarrek baino lehen, Persiar golkoko gerrak jarri du lerroburuetan eskualde horretako herrialdeen izena. Bada, azken hamarkadetan, gehienbat Arabiar Emirerri Batuek lagundu dute munduko txoko horri egun duen lekua ematen.

1976an sortu zen Abu Dhabiko funts subiranoa, eta, ordutik, petrolioaren eta gasaren salmenten etekinak kudeatu ditu. Goiz hasi ziren ekonomia dibertsifikatzen Arabiar Emirerri Batuetan, 1980ko hamarkadan, baina inbertsio gehienak erregaien industrian egin zituzten: findegiak, siderurgia, ongarri lantegiak... mende honetan, baina, marketinaren eta presio fiskal txikiaren laguntzaz, maila globaleko turismo eta merkataritza gune garrantzitsu bihurtu dituzte herrialdeko hainbat hiri, Abu Dhabi eta Dubai bereziki. Esaterako, iaz Dubaiko aireportua munduko bigarrena izan zen bidaiari kopuruan, Atlantako aireportuaren atzetik (AEBak).

UAE DUBAI DAILY LIFE
Munduko turismo eta merkataritza puntu garrantzitsu bihurtu da Dubai, petrodolarren inbertsioari esker. ALI HAIDER / EFE

Diru publiko asko inbertitu du herrialdeak aipatutako bi hiri horiek garatzen, eta, hirigintza proiektu berezi eta erraldoien bidez, begiradak erakarri ditu, Mendebaldeko herrialdeetakoak batez ere. Horren adibide da Dubain egotea munduko etxe orratzik handiena, palmondo formako uharte artifizialak eta munduan luxurik handieneko hotela. Gainera, petrodolarrez hornitzen diren Arabiar penintsulako herrialde gehienek egiten duten bezala, nazioartean ezagunagoa izan dadin asko inbertitu dute kirolean, futbolean bereziki. Lehenengotarikoak izan ziren Europako futbol talde bat erosten, Manchester City, eta inork gogoratzen ez zuen talde bat munduko onenen artean kokatu dute milioika euroren inbertsioei esker. Bestalde, talderik onenen babesle garrantzitsu bihurtu da Fly Emirates, herrialdeko hegazkin konpainia nagusia, Real Madrilena eta Arsenalena, esaterako. UAE Team txirrindularitza taldea ere sortu zuten, munduko onenetakoa.

Qatar

Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, biztanleko barne produktu gordinik handiena duten herrialdeetan laugarrena da Qatar, Luxenburgo, Singapur eta Irlandaren ostean. 1940ko hamarkadan deskubritu zituzten petrolio erreserbak, eta, 1971n independentzia lortu zuenetik, bere ekonomia hazten aritu da, munduko herrialderik aberatsenetako bat bihurtu arte.

Arabiar Emirerri Batuak erregaietan oinarritutako ekonomia baten dibertsifikazioaren eredu on bat da, baina parerik gabekoa, nekez kopiatzeko modukoa. Qatar ahaleginak egiten ari da erregai fosilekiko dependentzia hori murrizteko, baina oraindik, alde handiz, erregaien salmentan oinarritzen ditu bere kanpo salmentak. Petrolioa, gas naturala eta bestelakoak dira Arabiar Emirerri Batuen salmenten erdia; Qatarren, berriz, %87 baino gehiago dira. Are gehiago, metalak, plastikozko produktuak, industria kimikoa eta antzeko lehengaiak batuta, esportazioen ia %99 dira. Makineriaren esportazioak ez dira %0,5era iristen; aldiz, Arabiar Emirerri Batuen kasuan %10 gainditzen dute.

Hala ere, Qatarrek ez du erraza ekonomia dibertsifikatzea, oso herrialde txiki eta laua baita, biztanleria txikikoa, eta haren auzokoak baino geroago hasi izanak egoera okertzen du; izan ere, eskualdean ezin dira Dubai bezalako hub turistiko eta komertzialak egon izkina guztietan. Hala, herrialdean bertan inbertitzeaz gain, Mendebaldeko potentzia nagusietan inbertituta ziurtatu nahi du Qatarrek etorkizuneko ogia. Erresuma Batuan sona handiko erosketak egin ditu Qatarreko funts subiranoak: Harrods eta Sainsbury taldeen akziodun nagusia da, eta 2007an Londresko Burtsaren %20 erosi zuen. Beste enpresa eta talde askotan erosi ditu akzioak, hedabide zenbaiten taldeetan, esaterako —Prisa taldearen akzioen %5en jabe da—.

MUNDIAL DE FÚTBOL 2022
Nazioartean ezagunagoa izateko, Qatarren proiektu nagusia 2022ko Munduko Futbol Txapelketa izan zen. Irudian, Messi, kopa eskuetan, FIFAko eta Saudi Arabiako agintarien ondoan. J. I. RONCORINI / EFE

Gainontzekoek bezala, kirolean ere inbertitu du, eta 2022ko Munduko Futbol Txapelketa bertan jokatu izana da adibiderik garbiena. Ustelkeria kasuak tartean, milioika euro ordaindu zituen Qatarrek txapelketa hori antolatzeko, eta 200.000 milioi euro baino gehiago inbertitu behar izan zituen munduko selekziorik onenak halako torneo batean hartu ahal izateko. Futbol taldeak ere baditu; PSG, adibidez, non Neymarrek, Messik eta Mbappek jokatu duten.

Kirolean egiten diren inbertsio gehienek, baina, ez dute utzitako dirua berreskuratzeko intentzioa. Nahiz eta alor ekonomikoa garrantzitsua izan, beste arrazoi batzuengatik ere egiten dira. Zuriketarako, adibidez; herrialde horiek kirolean egiten dituzten inbertsioei hasieratik jarri zaie kirol zuriketa etiketa. Hau da, haien irudia hobetzeko erabiltzen dute kirola, gehienak diktadura teokratikoak baitira, nahiz eta azken urteetan araudi batzuk malgutzen ari diren, pertzepzio hori garbitzeko eta turistak erakartzeko.

Munduan ezagun izateko ere badarabilte kirol zuriketa herrialde batzuek, beste herrialderen batekin gatazkarik izanez gero jendeak buruan izan dezan. Batzuek arrazoi hori ikusten dute Qatarrek 2022an Munduko Txapelketa antolatu nahi izatearen oinarrian. Gatazka politiko eta diplomatiko handiak ditu Qatarrek bere bizilagunekin, Iranen aldekoagoa izatea egozten baitiote. 2017an jo zuen goia tentsioak, Saudi Arabiak, Bahrainek, Arabiar Emirerri Batuek, Egiptok, Libiak eta beste hainbat herrialdek Qatarrekin harreman diplomatikoak haustea erabaki baitzuten; Qatarrek gerra deklarazio gisa jo zuen hori. Bada, herrialdeak behin baino gehiagotan errepikatu du 2017an Arabiar Emirerri Batuak eta Saudi Arabia Qatar inbaditzen saiatu zirela, eta 2018an The Intercept agerkariak filtratu zuen Donald Trumpen estatu idazkariak, Rex Tillersonek, inbasioa saihestu zuela. Horregatik saiatzen ari da Qatar potentzia diplomatiko bihurtzen, eta horren adibide da Hamasen eta Israelgo Gobernuaren arteko negoziazioetan bitartekari lanak egitea.

Saudi Arabia

Azken urteetan Saudi Arabiako funts subiranoa —Public Investment Fund, PIF— ari da eragiten oihartzunik handiena, batez ere futbolean egiten ari den inbertsioagatik. Ingalaterrako Newcastle FC taldea erosi du, eta Saudi Arabiako ligan ere milioika euro inbertitzen ari da, Europako jokalari asko erakartzeko. Horretarako, Europako taldeek parekatu ezin dituzten soldatak ari dira eskaintzen; Cristiano Ronaldoren fitxaketa izan zen handienetan lehena: portugaldarrak urtean 200 milioi euro jasotzen ditu klubetik bakarrik, eta haren atzetik beste hainbat jokalari handi joan dira Saudi Pro Leaguera; Benzema eta Neymar, esaterako.

Beste kirol batzuetan, golfean eta automobilismoan, esaterako, inbertitutakoa kontuan hartuta, 6.300 milioi euro baino gehiago gastatu dute. Halako inbertsioek herrialdea lehen lerroburuetan jartzen badute ere, haien helburua ez da inbertitutakoa errentagarritasun batekin bueltan jasotzea, baizik eta nazioarteko nabarmentasuna handitzea, horrek beste sektore batzuetan ere inpaktua baitu, turismoan esaterako. Kirolarekin zerikusirik ez duten beste inbertsio batzuk ere sar daitezke zaku horretan, handikeriatik gehiago dutenak, The Line hiriaren eraikuntza, adibidez. Duela urte batzuk plazaratu zuten 170 kilometro luze izango zen hiri bat egiteko asmoa zutela, kristalezko bi paretaren artean, ehunka unitate independenterekin. 2022ko azaroan hasi ziren lehen moduluak eraikitzen, baina aditu gehienak ados daude proiektua ez dela bideragarria, eta hainbat elkartek salatu dute ingurumenean sekulako inpaktua izango lukeela halako proiektu batek.

SAUDI ARABIA SOUTH KOREA DIPLOMACY
Hego Koreako, Hyundai enpresako eta Saudi Arabiako agintariak, The Line hiriaren maketa bat ikusten. EFE

Inbertsio horiek, baina, ez dute zertan seinale onak izan, eta hainbat adierazlek diote Saudi Arabia ez dela bere bizilagunak bezain ondo ari ekonomia dibertsifikatzeko orduan. Egiturazko arazo handiak ditu, inguruko herrialdeek baino biztanleria handiagoa baitu, baita administratzeko lurralde gehiago ere. Biztanleen ia %40 etorkinak dira, eta horiengan erortzen da lan produktiboaren zatirik handiena, nahiz eta bertako biztanleen zati handi batek estatuarentzat lan egiten duen. Petrolioarekiko oso menpeko da gaur egun ere, 2023ko esportazioen %80 erregaiak izan baitziren, eta beste ia %10 petrolioaren eratorriak. Beraz, petrolioaren merkatuko nahasmenduek gogor jotzen diote herrialdeari, 2020ko prezioen beherakadak esaterako. 2016an onartu zuten Vision 2030 plana, ekonomia indartzeko eta dibertsifikatzeko, baina, ia hamarkada baten ondoren, lan hori ondo egiten ari direlako zantzu gutxi daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.