Robotak eta automatizazioa. Euskal industria. Iñaki Maurtua. IK4-Tekniker garatzen ari den Fourth by Three proiektuko zuzendaria

«Pertsonarekin batera lan egiteko diseinatzen ari gara gure robota»

Europako hainbat eragilerekin batera, elkarlanerako robot berri bat diseinatzen ari dira IK4-Teknikerren. Four by Three proiektuaren lehen prototipoa prest izango dute aste batzuk barru, Munichen erakusteko.

xabier martin
Eibar
2016ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Robota eta gizakia elkarrekin lanean. Eskuz esku, biko talde gisa. Horixe proposatzen ari dira IK4-Tekniker Four by Three proiektuarekin. Elkarlanerako robot bat garatzen ari dira industria alorreko manufakturan aritzeko, Europako beste hamabost bazkiderekin batera. Ia zazpi milioi euroko aurrekontua dute, Europako Batasunak lagundua. Ekainerako plazaratuko du IK4-Teknikerrek bere lehen prototipoa.

Zer-nolako robota ari zarete diseinatzen Zer egiteko gai izango da?

Robot zehatz bat baino gehiago, robot familia bat diseinatzen ari gara. Four by Three proiektuaren izenak islatzen du ideiaren muina. Lehenengo hitzak (four) lau ezaugarriri erreparatzen die; lehena modularitatea. Elkarlanerako robot modular bat diseinatzen ari gara, bezeroaren beharretara egokituko dena, bai neurrian, bai gaitasunean, bai ardatzen zenbakian... Horrez gain, robot segurua izango da, pertsonaren eta robotaren arteko jarduera bermatzeko. Erabiltzeko erraza izatea da hirugarren ezaugarria; edonork programatu eta baliatzeko moduko makina izan behar du. Eta azkenik, eraginkorra behar du. Azkenean, robot batek lan jakin bat egin behar du, eta ondo egin behar du.

Bezeroari ez diozu orduan robot bukatu bat emango...

Kit oso bat emango diogu, hainbat elementurekin, hardware eta softwarearekin, eta horrekin, bezeroak zehatz-mehatz nahi duen elkarlanerako robota osatu ahal izango du; alegia, ez da produktu zurrun bat izango, eta horrek abantaila handiak eskainiko ditu.

Beraz, IK4-Tekniker buru duen proiektuaren emaitzak ez du lan zehatz bat egingo, askotariko lanak baizik?

Hori da. Berez, lau agertoki desberdinekin ari gara lanean hemen. Batean, muntatze lana da oinarria; bestean soldatze lana; hirugarrenean erremate-joskera lana, aeronautikan egiten den operazioa garrantzitsua bat; eta azkenik, makinak piezekin hornitzeko lana. Azkenean, nahi duguna da gure robotak test erreal batzuk pasatzea, jakiteko benetan eraginkorra den ala ez, eta horretarako, lau funtzio horietan probatuko dute beste hainbeste enpresek, bai hemengoak baita atzerrikoak ere.

Urtebete baino gehiago da proiektua martxan jarri zenutela. Garaiz bukatuko duzue?

Baietz espero dugu. Oraindik ia bi urte ditugu aurretik.

Zergatik da hain zaila horrelako robot bat egitea?

Azkenean, oraindik sorkuntza alorrean gabiltza; gauza asko ikerkuntza fasean daude, eta urratsak poliki egiten dira. Nahi baduzu ikerkuntzatik produktu jakinaren mundura edo produktuaren alboko mundura salto egitea, gauza asko landu beharko dituzu batera, eta alor guztietan. Robotikak eskatzen du oso teknologia desberdinak bateratzea: hardwarea, softwarea, segurtasuna... Aurretik gauza asko daude landuak bai, baina beste asko lantzeke daude, eta horietan asmatu egin behar da.

Segurtasuna aipatu duzu behin baino gehiagotan. Segurtasuna ezinbesteko aldagaia da langile bat robot batekin batera aritu dadin. Nola lantzen duzue segurtasuna?

Lege aldetik robotak segurtasuna bermatu beharra dauka, eta hor arau zorrotz batzuk bete behar dira. Arau horiek bete ezean, ez duzu robota inon ere jarriko lanean. Baina, hortik harago, langile batek eroso sentitu behar du robotaren alboan lanean; seguru ikusi behar du bere burua, bestela ez du onartuko haren alboan lan egitea. Robota mugimenduan ikusiko du, pisuak jasotzen edo bestelako lanak egiten, eta langileak konfiantza sentitu beharko du harekin. Horregatik segurtasuna ezinbestekoa da. Gure robota ez da izango merkatuan dauden handienen neurrikoa, baina hala ere, gaitasuna izango du hamar kilogramo mugitzeko. Hortik aurrera robot zurrunei buruz hitz egingo genuke, eta gurea elkarlanerako robot bat izango da, askotariko jarduerak egiteko gai izango dena.

Zer egingo du zuen robotak enpresa batean? Zer-nolako lana hartuko du bere gain?

Elkarlanerako robotak ez dira automatizazio hutsa. Pertsona baten eta robot baten artean egin daitekeen edozein lan egingo du, beraz. Bikotean lan egiteko diseinatzen ari gara, beti langile batekin alboan. Helburua da balio erantsia ez daukan lan prozesuaren zatia robotak egitea, eta bestea langilearen esku geratzea. Malgutasun handia, zorroztasun handia eskatzen duen lana, balio erantsia daukan lana alegia, pertsonak egingo du. Baina bien artean lan eginda, inolako hesi fisikorik gabe, prozesua asko azkartuko da.

Zer-nolako langileak ordezkatuko ditu robotak?

Ez dago diseinatuta langilea ordezkatzeko, harekin batera lan egiteko baizik. Edonola ere, balio erantsirik ez duten lanak automatizatzea joera globala da. Autogintzan abian jarri dira dagoeneko robotak, eta sektore horrek finkatzen du joera maila handi batean. Elkarlanerako robotakoso erabilgarriak eta eraginkorrak dira prozesu batean pieza asko eta askotarikoak baliatu behar direnean.

Noiz aurkeztuko duzue Fourth by Three robota?

Bilboko Makina-erremintaren Biurtekora eraman nahi dugu lehen prototipoa; beharbada, gero dezente aldatuko da, oraindik denbora asko daukagulako emaitza zorrozteko. Baina lehen prototipoa hilabete gutxi barru izango dugu prest Municheko automatizazio azoka eramateko.

Ekoizpen industrialean erabil daitekeela garbi geratu da. Hortik ateratzeko gai izango da?

Bai, zalantzarik gabe. Irudikatu dezakezu gauza zehatzak ekartzen eta eramaten adibidez, logistika sektorean edo zerorren etxean ere bai. Baita osasun arloan ere, errehabilitazio ariketa zehatzetan laguntzen. Gure robotak horren adinako malgutasuna izango du. Medikua edo fisioterapeuta beti izango dute alboan, baina mugimendu zehatzak egiteko robota oso eraginkorra izan daiteke.

Robotak lantegietan orokortzen direnean, milaka lanpostu desagertuko direla diote batzuek. Zer diozu ?

Automatizazioak beti aldatu du lan mundua; enplegu batzuk desagertu eta beste batzuk sortu direla erakusten du historiak. Azken balantzea zein izango den ez dakigu, eta nekez jakingo du inork oraindik. Baina aldaketa badator, eta joera da balio erantsia ez duten lanak automatizatzea. Euskal enpresetan oso sartua dago jada robotika, robotika konbentzionala alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.