Maiatz amaiera arteko epea eman du Bayrouk pentsioen erreformari buruz ados jartzeko

Erretiro adina 64 urtetan ezartzeaz bestelako aukera bati buruzko negoziazioak hasi dituzte Parisen. Akordiorik ezean, aukera handiak daude Bayrouren gobernua erortzeko.

Pentsioen erreformari buruzko negoziazioen hasiera. BERTRAND GUAY / EFE
Pentsioen erreformari buruzko negoziazioen hasiera. BERTRAND GUAY / EFE
Iker Aranburu.
2025eko urtarrilaren 17a
11:20
Entzun

Atzerako kontua abiatu du gaur François Bayrou Frantziako lehen ministroak. Maiatz amaiera arteko epea eman die gizarte eragileei pentsioen azken erreforma aztertu eta hura ordezkatuko duen beste bat aurkitzeko. Lan zaila bada, negoziazio mahaiaren inguruan bilduko diren eragileak kontrako helburuak dituztelako da: erretiroa 64 urtean hartzeko neurria bertan behera utzi nahi dute sindikatuek, eta adin horri eutsi nahi dio, aldiz, patronalak.

Akordiorik ezean, Bayrou kolokan izango da berriro. Izan ere, sozialistek osteguneko zentsura mozioaren alde ez bozkatzeko baldintza gisa jarri zioten lehen ministroari erretiroaren adina 62 urtetik 64 urtera atzeratu zuen 2023ko erreforma etetea. Bayrouk ez zuen eten, baina haren inguruko negoziazioa irekitzea nahikoa iruditu zitzaion PSri gobernuaren erorketa ez babesteko. Negoziazio horretan «ez da taburik izango», lehen ministroak ziurtatu duenez, nahiz eta argi utzi duen adina atzeratzea derrigorrezko neurria iruditzen zaiola sistema finantzatu ahal izateko.

Baina badago lehen ministroak gustuko duen beste bide bat: puntu bidezko sistema bat. Halako sistema bat indarrean jartzen saiatu zen Emmanuel Macron bere agintaldiaren hasieran, baina koronabirusaren pandemiak saio hori eten zuen, eta gaiari berriro heldu ziotenean erretiroaren adinaren karta jokatzea erabaki zuen sistemaren defizita estaltzeko.

Lan Ministerioan egindako lehen bileraren helburua zen egutegia eta negoziazioaren moldea lotzea. Benetako negoziazioa hemendik aste batzuetara hasiko da, aurretik Kontuen Ganberak pentsio sistemaren azterketa bat egin behar baitu. Lan hori otsailaren 19rako agindu du  Pierre Moscovici erakunde horretako buruak, Bayrouk esplikatu duenez.

Bileraren ostean egindako adierazpenetan, lehen ministroak arduraz jokatzeko eskatu die gizarte eragileei, Frantzia ez dadin «blokeatuta» gelditu. «Herrialdeak ez du aurrekonturik, gehiengorik ere ez, eta denak elkarren aurka daude. Ezin dugu egoera horretan jarraitu, bien bitartean munduak setiatu egingo gaitu eta».

45.000

Estatuaren ekarpena, Bayrouren arabera. Pentsioen sistema erreformatzeko arazoetako bat da ikuspuntu desberdinak daudela haren defizitari buruz. Bayrouk aipatu du estatuak urtean 40.000 eta 45.000 milioi euro artean jarri behar dituela sistemari eusteko, baina kopuru hori auzitan jarri dute sindikatuek, ez datorrelako bat COR Erretiroaren Orientazio Kontseiluaren datuekin.

Frantzian ordezkaritza handiena duten sei sindikatuak gonbidatu dituzte, eta, hortaz, Solidaires eta FSU ez dira tartean izango. Enpresaburuen aldetik, Medef patronal handiaz gain, CPME, U2P eta FNSEA laborarien sindikatua izango dira.

Sindikatuen batasuna, noiz arte?

Sindikatuek fronte bateratua egin zuten erretiroaren erreformaren aurka 2022an eta 2023an, baina ikusteko dago orain ere lortuko ote duten bat eginda aritzea, gauza bat delako lege proiektu baten aurka egotea, eta beste bat hura ordezkatuko duten neurriak adostea. Ostegun arratsaldean elkartu ziren, beren marra gorriak finkatzeko.

pentsioen erreforma
Sindikatuetako eta patronaleko ordezkariak Frantziako Lan Ministerioaren aurrean, negoziazioaren aurretik. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Marylise Leon CFDTko idazkari nagusiak garbi utzi du 64 urteko erretreta marra gorrien artean dagoela. Ordezkaritza handieneko sindikatua da CFDT, eta jarrera moderatua erakutsi ohi du, baina TF1 telebista katean Leonek esan du ez duela oraingo egoera onartuko: «Finantzaketari buruz ari garela, CFDTk borrokatu egingo du irtenbide bakar bat dagoela dioen pentsamendu bakarra. 2023an bezala, ezetz esango diegu 64 urteei».

«64 urte arte lan egitea oso bidegabea da langile askorentzat; ez da zilegi [erretirorako] adin hori guztientzat izatea»MARYLISE LEONCFDT sindikatuko idazkari nagusia

Edonola ere, ezezko horri ñabardura batzuk egin dizkio Leonek berak, esanez ez dela egokia adin hori izatea guztiek erretiroa hartzekoa: «64 urte arte lan egitea oso bidegabea da langile askorentzat; ez da zilegi adin hori guztientzat izatea». Horri lotuta, CFDTko buruak eskatu du lan batzuen gogortasuna neurtzeko irizpideak zehazteko, horietan aritu izan direnek aukera izan dezaten erretiroa lehenago hartzeko.

Bileraren ostean, baikor azaldu da Leon, baina berriro esan du 64 urteko epe hori «mugitu» egin behar dela. Puntu horretan ados azaldu da beste sindikatu handiko burua, CGTko Sophie Binet, eta ohartarazi du negoziatzen aritzeak ez duela esan nahi ez denik mobilizaziorik egin behar. Lehen bilerak «desadostasunak oso handiak direla berresteko balio izan du», haren esanetan.

Patronalaren aldetik, Patrick Martin Medefeko buruak ziurtatu du ez duela onartuko pentsio sistemaren zuloa estaltzeko enpresek gizarte kotizazio handiagoak ordaintzea langileengatik, eta gogorarazi du inguruko beste lurraldeetan ere erretiroaren adina atzeratzen ari dela, gizartea zahartzen ari delako eta bizi itxaropena handitzen.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.