Espainiako Diputatuen Kongresuak, hainbat hilabete iraun duten negoziazioen ostean, pentsioen erreforma onartu zuen atzo. PSOE eta Unidas Podemosen koalizio gobernuaren ohiko bazkide gehienek erreformaren alde bozkatu dute —aldeko 179 boto—. PPk, Ciudadanosek, CUPek eta BNGk aurka bozkatu dute —104 ezezko—, eta Vox eta EH Bildu abstenitu egin dira.
Kongresuak legearen alde bozkatu ostean, parlamentari guztiak —344— ados jarri dira erreforma errege-dekretu bidez onartu beharrean lege proiektu gisa onartzeko. Hala, tramitazio prozesuan, alderdiek aldaketak edo hobekuntzak egin ahal izango dizkiote testuari.
Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin adostu du erreforma, eta Bruselaren oniritzia jaso du; Europako funtsak lortzeko gakoa. Eskuineko alderdiez gain, patronala ere aurka izan dute, negoziazio mahaitik goiz joan baitzen. Airef Espainiako Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak, ELA eta LAB sindikatuak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua ere kritiko dira erreforma berriarekin.
Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantza ministroak adierazi zuen erreforma teknikoki «oso zehatza» dela, eta baieztatu zuen erreferentziazkoa izango dela Europako gainontzeko herrialdeentzat, pentsioen sistema publikoaren «jasangarritasuna bermatuko» duelako.
Espainiako Ministroen Kontseiluak hilabete hasieran pentsioen erreforma onartu eta ordu gutxira, EH Bilduk iragarri zuen akordio bat lortu zela Espainiako Gobernuarekin, erreformari aldaketa batzuk egiteko; esaterako, alargun pentsiorik txikienak handitzea. Lehengo gutxieneko alargun pentsioek milaka emakumeri duintasunez bizitzea eragozten ziela esan zuen Mertxe Aizpurua koalizio abertzaleko eledunak. Erreforma defendatu bazuen ere, zaurgarrienentzako neurri gehiago eskatu zituen.
EAJren babesa ere izan zuen erreformak kongresuan, baina Iñigo Barandiaran parlamentari jeltzaleak adierazi zuenez, neurri berriek gehiago begiratzen diete diru sarrerei gastuei baino.
ELA, erreformaren aurka
Pentsioen erreforma eta hari bide eman dioten EH Bildu eta EAJ alderdiak gogor kritikatu ditu ELA sindikatuak. «Bereziki penagarria» iruditzen zaio ELAri «EH Bildu bezalako ezkerreko» alderdi batek gutxieneko pentsioen hobekuntza handiaren «gezurrarekin» bat egitea. Gutxieneko pentsioak eta alargun pentsioak hilean 45 euro inguru igoko direla gogorarazi du sindikatuak, pentsio horiek jasotzen dituzten pertsonak «pobrezia egoeran mantenduz».
Pentsioen erreforma onetsi eta tramiterako onartu du Espainiako Kongresuak
Lege proiektu gisa onetsi dute erreforma, eta tramiterako onartu. ELA sindikatuak gogor kritikatu ditu EH Bildu eta EAJ, bidea emateagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu