Frantziako aurrekontuen negoziazioaren ondorioz, berriro ireki da itxia zirudien kontu bat: erretreta 62 urtetik 64ra atzeratu zuen erreforma. Arau horren aplikazioa etetea derrigorrezko baldintza gisa jarri diote ezkerreko taldeek François Bayrou lehen ministroari, eta, oraingoz, ez dute ezezko borobilik jaso.
«Betorik ez dago», esan du gaur goizean TF1 telebista katean Olivier Faure PS alderdi sozialistako lehen idazkariak, bezperan gobernuko ordezkariekin bildu ostean. Haren iritziz, zilegi da 2023ko pentsioen erreformaren aplikazioa geraraztea, «frantziarrak modu masiboan azaldu zirelako haren aurka», eta denbora hartzea sistemaren jasangarritasuna bermatuko lukeen beste neurri sorta bat hartzeko.
Baina erretretarena ez da PSren eta ezkerreko beste taldeen eskaera bakarra aurrekontuei buruzko negoziazioan. Halaber eskatu dute Smic gutxieneko soldatak eta langile publikoen sariak «emendatze esanguratsu bat» izatea, hezkuntzan 4.000 lanpostu ez kentzea, «zerga justizia handiagoa» izatea eta ingurumenaren aldeko neurriak hartzea. Gastu horiek konpentsatzeko, PSk proposatu du ISF aberastasunaren gaineko zerga berreskuratzea, zerga gutxiago ordaintzeko Frantzia uzten dutenei tasa bat ezartzea (exit tax), eta enpresek ordaintzen dituzten tasa batzuk handitzea.
Aurrekontuaren aldeko botoak eta gobernuaren iraupena ziurtatze aldera, Eric Lombard Finantza ministroak eta Amelie de Montchalin Aurrekontu ministroak defizit publikoa motelago murriztea eskaini diote elkarrizketarako deiari erantzun dioten ezkerreko hiru taldeei: PSri, Berdeei eta PCF alderdi komunistari. Hiru horiek, ordea, urrunago joan nahi dute, jakitun baitaude gobernuak haien babesa behar duela RN Batasun Nazionalaren karta jokatu nahi ez badu. Eskuin muturraren aldeko apustua egin zuen Michel Barnier aurreko gobernuburuak, baina kukuak oker jo zion: aurrekontuak hitzartzeko saioan huts egin zuen, eta RNk bat egin zuen NFP Fronte Popular Berriak aurkeztutako zentsura mozioarekin.
Hitz gogorrak NPFren barruan
Ezkerreko koalizio hori bera oso hauskorra da. Gobernuarekin hitz egiteari uko egin dio haren kide nagusiak, LFI Frantzia Intsumisoak, eta haren buru Jean Luc Melenchonek oso hitz gogorrak izan ditu bere bazkide teorikoen aurka. «Ezker tradizional txikiak ez du zer eskaini, eta haien negoziatzaileak barregarri geratzen ari dira beren morrontzarekin», esan zuen atzo, X plataformaren bitartez, eta NPFren programari errespeturik ez izatea egotzi zien.
Berehala erantzun dio Faurek: «Dena ala ezer ez egiten duen ezkerra, gaur egun, ezerezaren ezkerra da». Haren iritziz, Frantziak aurrekontu bat behar du, eta horrek justifikatu egiten du gobernuarekin mintzatzea. PSko buruaren arabera, ez dira sozialistak ari ezkerreko koalizioa hausten, baizik eta Melenchonen «zurrunkeria» eta «presidente izateko obsesioa».
«'Dena ala ezer ez' egiten duen ezkerra, gaur egun, ezerezaren ezkerra da. Melenchonen presidente izateko obsesioa ari da NPF hausten» OLIVIER FAURE PSko lehen idazkaria
Negoziatzea defendatu dute Marine Tondelier Berdeen buruak eta Fabien Roussel PCFko idazkari nagusiak ere. Hiru horiek eta haien aliatuek 120 diputatu inguru dituzte, eta haien aldeko botoa edo abstentzioa derrigorrezkoa da aurrekontuak onartzeko eta, funtsean, gobernua aste gutxiren buruan ez erortzeko.
Uste denez, gobernuak heldu den asteburuan emango dio erantzuna ezkerrari, beste taldeekin hitz egin ondoren. Ondoren, asteartean, Bayrouk bere politikaren ildo nagusiak azaldu behar ditu Frantziako Asanblean.
Patronala, aurka
Aurrekontuei buruzko eztabaidan sartu da Medef enpresaburuen elkartea ere, pentsioen erreforma ez ukitzeko eskatuz. Patrick Martin patronaleko buruaren arabera, «ez da garai egokia» erreforma hori eteteko, Frantziaren finantza egoera larria delako eta gai horretan gibelera egiteak finantza merkatuen «konfiantza galera» ekarriko lukeelako.
Macronisten artean, Edouard Phillippe Horizons alderdiko buruak ere esan du «ideia txarra» dela erretretaren adina berriz aurreratzea, baina «ulertzen» duela gobernuak zerbait egiten saiatu behar duela aurrekontuak aurrera ateratzeko.