Argazki bat lortu du Pedro Sanchezek. CCOO eta UGT sindikatuko buruak ez ezik, CEOE patronalaren ordezkaria ere azaldu da gaur pentsio sistemaren azken erreforma onesteko irudian. Baina argazkiak osagai bat falta du: erreforma horrek aurrera egiteko beharrezkoak diren alderdietako ordezkariak. Gaur-gaurkoz, ez da ziurra aurrera egingo duenik, Madrilgo koalizio gobernuaren ohiko sostengatzaileetako asko aurka azaldu baitira.
Badago, ordea, erreformak aurrera egiteko beste modu bat: PPren babesa edo abstentzioa, eta horregatik du garrantzia Sanchezentzat enpresaburuen babesa erakutsi ahal izateak. Oraingoz, baina, ez dirudi kontserbadoreek Sanchezi puntu honetan arnasa emateko gogoa dutenik.
Uztailaren amaieran hitzartutakoak erraztu egin nahi du erretiro partziala hartzea, pentsio handiagoak ematen dizkie erretiroa atzeratzen dutenei, eta baldintza batzuk sortzen ditu lan neketsuetan ari direnek beren erretiroa aurreratu ahal izan dezaten. Itunak «iraun» egingo duela adierazi du Sanchezek sinadura ekitaldian, baina adierazpen hori ezerezean geratuko da baldin eta zenbait atal indarrean jartzeko beharrezkoak diren botoak lortzen ez baditu.
Mutualitateen zeregina
Auzitan dauden puntuetako bat mutualitateena da. Akordioak aukera ematen die osasun sistema publikoei zenbait gaixoren arta mutualitateen esku uzteko, eta horren aurka azaldu dira ezkerreko alderdi nazionalistak. EH Bildu, ERC eta BNG oso kritiko azaldu dira mutualitateei leku gehiago ematearekin —«finantzatzearekin», esan dute—, patronalarekin lotura handiak dituzten erakunde gisa ikusten dituztelako, eta uste dutelako haien lehentasuna dela gaixoak lanera itzultzea, nola hala bada ere.
CCOOk eta UGTk, berriz, argudiatu dute itxaron zerrendak arintzeko sistema bat dela, eta nabarmendu dute behargina lanera itzultzeko erabakia sistema publikoko medikuak izango duela, eta ez mutualitateak. Gainera, gaixoak eta haren medikuak espresuki eman beharko dute baimena mutualitatera jotzeko.
Lan nekezen pentsioak
EH Bildu eta BNG, gainera, kexu dira Espainiako Gobernuak soilik CCOOrekin eta UGTrekin negoziatu duela, eta albo batera utzi dituela ELA, LAB eta CIG sindikatu abertzaleak. Salatu dute eurekin ere ez dutela hitz egin.
Abertzaleek zalantzak azaldu dituzte lan nekezetan aritzen direnei erretiro aurreratua errazteko prozeduraren inguruan. Testuak dio sindikatu eta patronal esanguratsuenek eta Gizarte Segurantzak eska dezaketela lanbide jakin bati ezartzea, baina abertzaleak beldur dira neurri hori ez dela iritsiko sektore prekarizatuenetara. Puntu horrek, ordea, ez du Kongresutik igaro beharko, gaur egungo araudiaren garapen gisa hartuko baita.
Mutualitateen gaia ere ez da bozkatuko, Gizarte Segurantzak autonomia erkidegoekin eta mutualitateekin egin beharreko itunen arabera arautuko baita.
«Parlamentuak ezin du eragotzi sindikatuek eta patronalak bermatutako arauak indarrean jartzea soilik giro politikoa ez dagoelako horretarako»PEPE ALVAREZEspainiako UGTko idazkari nagusia
Beste puntu gehienek, ordea, diputatuen botoa beharko dute, eta, hortaz, EH Bilduk, ERCk eta BNGk adierazi dute erreformaren testu zehatza eurekin negoziatu beharko duela.
Bereziki haiei eta PPri mintzatu zaie Pepe Alvarez UGTko idazkari nagusia, sindikatu horretako eta CCOOko ordezkarien batzar batean. «Parlamentuak ezin ditu langileen eskubideak bahitu, ezin du eragotzi sindikatuek eta patronalak bermatutako arauak indarrean jartzea, soilik giro politikoa ez dagoelako horretarako».
EAJk azaldu du «oro har» ados dagoela erreformarekin, eta Juntsek ez du bere iritzia plazaratu.
ERREFORMAREN GAKOAK
Erretiro partziala. 62 urtetik aurrera hartu ahal izango da, betiere pertsonaren kotizazio ibilbidearen arabera. Hura eskatzen duen langileak derrigorrez 33 urte eta sei hilabete kotizatuak izan beharko ditu, eta enpresan sei urteko antzinatasuna izan. Lanaldiaren murrizketek gehienezko kopuru bat izango dute: lehen urtean, %33koa, eta azken bi urteetan, gehienez %75ekoa. Haren postua beteko duen langilearen errelebo kontratuak mugagabea izan beharko du, lanaldi osorakoa, eta amortizagarria ez den lanpostu batekoa.
Erretiro aktiboa. Errazagoa izango da pentsioa kobratu eta aldi berean lanean jarraitzea, jada ez delako beharrezkoa izango pentsioaren %100 jasotzeko eskubidea izatea. Batez ere emakumeei egingo die mesede. Eutsi egingo zaio erretiroa hartzetik erretiro aktiboan sartzeko urtebeteko epeari, eta, ordutik aurrera, lanean ari denak pentsioaren %45 kobratuko du lehen urtean, %55 bigarren urtean, %65 hirugarrenean, %80 laugarrenean, eta pentsioaren %100 bosgarren urtetik aurrera.
Lan nekezak. Lanbide bereziki neketsu eta arriskutsuetako beharginek erretiro aurreratua hartu ahal izango dute aurrerantzean ere, pentsioan kalterik izan gabe. Koefiziente batzuk sortuko dira zehazteko zer lanek betetzen dituzten baldintza horiek.
Erretiro atzeratua. Erretiroaren adina iritsita lanean jarraitzen dutenei %4 handituko diete pentsioa, erretiroa atzeratzen duten urte bakoitzeko. Bigarren atzerapen urtetik aurrera, %2ko pizgarri bat gehituko zaie pentsioan, sei hilabetetik gora eta urtebetetik behera egin badute lan.
Aldizkako finkoen erretiroa. 1,5eko koefizientea berrezarriko da aldizkako langile finkoentzat. Hala, sei hilabete kotizatu badituzte, bederatzi hilabeteko kotizazioa kontatuko zaie. Aldizka eta partzialki aritu direnei Gizarte Segurantzaren arau orokorra aplikatuko diete: kotizatutako egun bakoitza egun oso baten moduan aitortuko zaie.
Mutualitateak. Lehen arretako medikuek langileak bidali ahalko dituzte mutualitateetara diagnostiko probak eta errehabilitazioak egitera, soilik baldin eta gaitz muskuloeskeletikorik badago, sistema publikoan itxarote zerrendak badaude, eta betiere medikuak eta gaixoak espresuki ados daudela adierazita.