JOSE LUIS RODRIGUEZ ZAPATERO. Espainiako Gobernuko presidentea

Pentsioekin batera, lan merkatuaz ere negoziatzen ari dira Madrilen

Negoziazio kolektiboaz eta funtzionarioen egoeraz ere hitz egiten ari dira Espainiako Gobernua eta CCOO eta UGT sindikatuakErretiroa atzeratzeak bereziki emakumeei egingo diela kalte ohartarazi du CCOOk

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Erreformak egitea «ezinbestekoa» dela berretsi du Jose Luis Rodriguez Zapaterok, eta sindikatuekin akordioak egiteko «mugaraino» negoziatzeko prest dagoen arren, bestela ere egin egingo dituela ziurtatu du: «Adostasun falta baino askoz larriagoa baita egin beharreko erreformak ez egitea». Espainiako Gobernuko eta CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkarien lehendabiziko bilerek emaitzarik izan ez badute ere, alde bietatik elkarrizketekin jarraituko dutela esan dute. Gainera, eztabaida «pentsioen erreformatik haratago» doa, atzo aurreratu zutenez.

Erretiroa 67 urtera arte atzeratzeko asmoa alde bien arteko «banalerroa» dela gogorarazi du Fernando Lezkano CCOOko komunikazio idazkariak, eta, horregatik, erretiroaren benetako adina legeak zehaztutakoari hurbiltzeko neurri malguak aztertzen ari dira. Gai honek negoziazioen porrota berriz eragin ez dezan, pentsioen erreformarekin batera lan merkatuaren eta azken lan erreformaren hainbat alderdi eztabaidatzea adostu dute Espainiako Gobernuak eta sindikatuek.

Besteak beste, negoziazio kolektiboa, enplegu politika aktiboak, industria politikak, sektore publikoko langileen egoera eta politika energetikoak eztabaidatzea adostu dute. Horren harira, UGTko antolaketa idazkariak azpimarratu duenez, «politika energetikoen eztabaidak hamar urtekoko atzerapena dauka; eta pentsioen erreformaren eragina, berriz, hogei urte barru ikusiko dugu». Edukiak mahai gainean jarrita, eztabaidetan enpresaburuek ere parte hartu beharko dute, CEOE patronaleko zuzendaritza aldatu berri dela.

Zapaterok asteotan egin bezala, CCOOkoek «arduraz jokatu» beharraz hitz egin dute, nazioarteko finantza merkatuen presioari begira. Lezkanoren esanetan, «askoz indar handiagoa dauka eragile sozialek eta legebiltzarrak adostutako erreformak». Sindikatuko idazkari nagusia, berriz, baikor azaldu da negoziazio hauen inguruan. Lan erreformarekin ez bezala, oraingoan hauteskunde eta inkestek PSOEri aurreikusitako emaitza txarrak oso gertu egoteak sindikatuen alde jokatzen duela uste du Ignacio Fernandez Toxok.

Pentsioen murrizketa

Espainiako Gobernuak hil amaieran onartu nahi duen erreformaren ondorioak aztertu ditu, halaber, CCOOko buruzagiak. Bi urteko atzerapenak, batetik, etorkizuneko pentsioak %20 eta %25 bitartean murriztuko dituela ohartarazi du. Bigarrenik, neurriak bereziki emakumeei egingo diela kalte salatu du Toxok, lan merkatuan gizonezkoak baino beranduago hasi direlako. Horrez gain, handituz doazen kotizazio luzeak dituztenak «salbuespen» direla gogorarazi dio Zapaterori.

Negoziatzen jarraituko duten arren, sindikatuek ere epe jakin bat jarri diote gobernuari. Urtarrilaren 25erako jakin beharko dute Zapateroren asmoak bere horretan jarraitzen duen edo aldaketarik onartzeko prest dagoen. Egun horretan bilduko da berriz, hain zuzen ere, Toledoko Itunaren jarraipen batzordea.

Espainiako presidenteak, oraingoz, herenegun iragarritako «malgutasun neurriak» baino ez ditu eskaini. Iazko txosten ekonomikoaren aurkezpenaren harira, 67 urteko erretiroaren helburua «mailaka eta progresiboki» lortuko litzatekeela berretsi du. Era berean, arauak enplegu motak ere kontuan hartuko lituzke.

Adostasun falta baino askoz larriagoa da beharrezkoak diren erreformak ez egitea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.