Pentsiodunen gogoeta eguna

Hego Euskal Herriko pentsiodunak kalera irten dira lau hiriburuetan, pentsioen auzia kanpainan sartzeko asmoz. Ohartarazi dute euren eskaerak aintzat hartuko dituztenen alde bozkatuko dutela

Pentsiodunen manifestazioa, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ostegunetik ostiralerako gauerdian abiatu zen Hego Euskal Herrian Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina, eta pentsiodunak bete-betean sartu dira. «Alderdi politiko batek ere ez dio pertsona nagusien botoari garrantzia kentzen. Segur aski, egun hauetan alderdi guztien losintxak jasoko dituzte gure mugimenduak eta gure aldarrikapenek. Baina historiak erakutsi digu berbak haizeak eramaten dituela aulkia edo jarlekua hartu ondoren». Horregatik, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean kalera irten dira. Hautagaiei ohartarazi diete noren alde bozkatu erabakitzen ari direla, eta euren aldarrikapenek aintzat hartuko dituztenen alde emango dutela botoa. «Guk ez dugu esango noren alde bozkatu, baina gure eskaeren aurka dauden edo kontrako bidean doazen neurriak proposatzen dituzten alderdiei ez zaie botorik eman behar», ohartarazi zuen Jon Fanok, Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kideak.

Manifestaziorik jendetsuena Bilbon egin zuten. 18:00etan abiatu ziren Jesusen Bihotzetik. «Batak zein besteak gobernatu, pentsioak beti defendatuko ditugu», azpimarratu zuen Pilar Agirre mungiarrak. Berak irakurri zuen manifestazio bukaerako agiria. Besteak beste, mugimenduaren aldarrikapen nagusiakirakurri zituen. Agirreren esanetan bi dira ezinbestean lortu beharrekoak: «Gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea eta pentsioen urteko igoera gutxienez KPIaren bestekoa izatea». Ohartarazi zuten ez dutela etsiko eskatzen dutena lortu arte, «oraingo eta etorkizuneko pentsiodunak duintasunez bizi ahal izateko».

Euren proposamenen eraginkortasuna azpimarratu zuen Fanok. Azaldu zuen Espainiako Gizarte Segurantzak diru sarrerak handitzea lortu duela azkenaldian. «Nola egin duen? Gutxieneko soldata 900 eurora igo duelako gobernuak, eta soldata altuenak dituzten langileak lehen baino gehiago kotizatzen hasi direlako. Guk proposatzen ditugun neurriak indarrean jarriz gero, badago dirua pentsioetarako».

Kalera irteteko deia

Manifestarien artean ezkorrak eta baikorrak zeuden. Karmele Bilbao zornotzarrak kasu egingo dietela uste du. «Agian kanpainan ez dute zuzenean hitz egingo. Baina gu entzuten ari dira; ez izan zalantzarik. Begira zenbat boto duten hemen». Izan ere, milaka lagun elkartu ziren Bilboko kaleetan, baina aurreko manifestazioetan baino gutxiago ziren. Jesus Lozano sestaoarrak mugimendua «epeltzen» ari den kezka agertu zuen.

Hain zuzen ere, pentsiodunen mugimenduak berak apirileko eta maiatzeko hauteskunde kanpainak «indar gehiago» egiteko garaia direla eta deialdietara hutsik ez egiteko eskatu zuen. Maiatzaren 11n beste manifestazio bat egingo dutela iragarri zuten. Astelehenetako elkarretaratzeetan parte hartzeko ere eskatu zuen. «Ez gara lehen beste lagun elkartzen, eta hedabideetan gutxiago agertzen zara. Ez ote dira gutaz ahaztuko!», esan zuen Lozanok. Pentsioen borroka gizarte osoarena dela ohartarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.