Pentsioak osatzeko sistema bat sortzea 60 urtetik gorako pentsiodunei SMIaren pareko diru sarrerak bermatzeko. Hori nahi du EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, eta abian du HEL herri ekinaldi legegile bat Eusko Legebiltzarrak neurria eztabaidatu eta bozkatu dezan. Orain, ahalik eta sinadura gehien bildu nahi ditu presio egiteko eta ekinaldia babesteko.
Legebiltzarreko mahaiak urriaren 30ean tramitatu zuen HEL hori, azaroaren 21ean manifestazioa egin zuten pentsiodunek, eta gaur agerraldia egin dute parlamentuan bertan. Ekinaldiaren xehetasunak emateaz gain, haren aldeko sinadura gehiago behar dituztela helarazi nahi izan diete Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatutako 18 urtetik gorako pertsona guztiei, «langileei, pentsiodunei, emakumeei, gizonei eta gazteei». Aspaldi gainditu zuten gutxieneko 10.000 sinaduren langa, baina gehiago nahi dituzte, eta apirilaren 24ra arte irekita egongo da horretarako epea.
Pentsioak osatzeko euskal sistemaren bidez, gutxieneko pentsioak SMIaren parekoak izatea lortu nahi dute —1.080 eurokoak, hamalau ordainketatan banatuta—, baita gutxieneko soldatetan dagoen genero arrakala murriztea ere. Argi dute Eusko Jaurlaritzak badituela lege hori onartzeko eskumena eta baliabideak.
Ikusi gehiago
Izan ere, EHPMren iritziz, Espainian eta Hego Euskal Herrian ezarritako gutxieneko pentsioek ez dute modurik ematen bizitza duin bat izateko. Gogorarazi dute hiru pentsiodunetik batek SMItik beherako diru sarrerak dituela, eta horien %70 emakumeak direla, asko zaintza lanetan jardundakoak direlako: «Gehienek hilean 850 euro baino gutxiago jasotzen dute, eta hori ez da nahikoa duintasunez bizitzeko».
Batez besteko pentsioa 43 euro handitu da urtarrilean Hego Euskal Herrian. Beste modu batera esanda, 2024koa baino %2,8 handiagoa izango da, horixe izan baita Espainiako batez besteko inflazioa azken hamabi hilabeteetan, INEren arabera.
Gutxieneko kopurua eskuratzen du Hego Euskal Herriko hamar pentsiodunetik batek (79.300), eta azken urteetan haien zenbatekoa inflazioa baino gehiago handitu da. Denera, azaroaren 1ean 658.560 pentsiodun zeuden Hegoaldean. Pentsioak, berriz, 727.322 ziren, pentsiodun batzuek bi pentsio jasotzeko eskubidea dutelako: alargun pentsioa eta pentsio propioa batu ditzakete. Batez besteko pentsioa 1.579 eurokoa da.
Eragileen babesa
«Gure ustez, ez da bidezkoa lan bizitza oso baten ondoren, zahartzaroan, pentsiodunek bermatuak ez izatea etxebizitza eroso bat eta oinarrizko eskubide sozialak», azpimarratu dute EHPMko kideek Gasteizko agerraldian. Beste eskaera bat ere egin dute: pentsiodun bakoitza pertsona bakarreko unitate ekonomikotzat hartzea, «bestela, emakumea zigortu eta sostengatzaile maskulinoaren kontzeptua indartzen baita».
EAEko udal guztiei bidali diete ekinaldia babesteko eskaria. Sindikatuekin eta alderdi politikoekin ere bildu dira, eta, jakinarazi dutenez, «bakar bat ere ez da ekinaldiaren aurka agertu». Dena den, haiekin berriz elkartzeko asmoa dute, legebiltzarrean legearen alde bozka dezaten.
Bitartean, ez dira geldirik egongo pentsiodunak: besteak beste, astelehenero mobilizatzen segituko dute, 250 pertsona ezagunen babesa izango duen ekitaldi publiko bat egingo dute Bilbon, eta elkarretaratze jendetsu bat ere bai Gasteizen. «Zazpi urteko borrokaren ondoren, erakutsi dugu gizartearen mobilizazioak emaitzak lortzen dituela. Aurkeztu dugun lege proposamen hori bidezkoa, beharrezkoa eta premiazkoa da», amaitu dute.
LEGEAREN GAKOAK
EHPMk egindako lege proposamenak hamahiru artikulu ditu. Hauek dira garrantzitsuenak:
Legearen xedea da pentsioen osagarri bat ezartzea, SMIaren parekidea.
Eskubide hori izateko pentsioduna izan behar da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan modu jarraituan bizi behar da, eta aldez aurretik prestazio guztiak eskatuta eduki behar dira.
60 urtetik gorako pertsona oro hartuko da pentsioduntzat, pentsioren baten onuradun bada.
EAEn lanbide arteko gutxieneko soldata propioa lortzen bada, hori izango da osagarria kalkulatzeko erreferentzia.
Osagarria jasotzeko, egiaztatu egin beharko da premia egoera. Horrek esan nahi du: onuradunak ez duela SMItik gorako urteko diru sarrerarik, ez eta ondasun higiezin, higigarri edo bestelakorik ere, urteko zenbaketan SMIaren halako bost baino balio handiagoa duenik.