Pentsiodunek konpromisoa eskatu diete politikariei hiriburuetako kaleetan

Manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiri nagusietan, erakundeei exijitzeko «pentsio publiko duinak» berma ditzatela

Pentsiodunen manifestazioa Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
xabier martin
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Pentsiodunen manifestazioak hasi zirenean, duela urte eta erdi baino gehiago, pentsiodunek ohartarazi zuten prest zeudela iraupen luzeko proba baterako, eta ordutik erakusten ari dira egia zela. Atzo berriro atera ziren kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Eibarren, apirilaren 28ko hauteskunde kanpainaren lehen larunbateko mobilizazioaren parekoa egiteko eta politikarien arreta eskuratzeko egunotako hauteskunde kanpaina betean. «Konpromisoak» eskatu zizkieten politikariei, «eta ez promesak», pentsio sistema publikoa bermatzeko, eta pentsioak «duinak» izan daitezen.

Bilbon milaka pertsona joan ziren Diego Lopez Haroko kale nagusian barna udaletxeko plazaraino, eta alderdi politikoen hautagaiei erreparatu zieten bukaeran: «Esan dezatela gure erreibindikazioak bere egiten dituzten edo ez». Europako hauteskundeak ere badirenez, Europari begira ere jarri ziren: «Pentsioen sistema publikoen aurkako haizeak jotzen du gero eta gehiago Europan. Pribatizazioaren alde egiten dute lobby ekonomiko eta finantzarioek». Hori dela eta, esan zuten Europako Parlamenturako hautagai guztiei proposatuko dietela beren aldarrikapenekin bat egiteko.

1.080 euro eta 1.200 euro

Beste hainbatean egin duten antzera, mobilizazioaren presioari eutsiko diotela agindu zuten, eta biharko beste elkarretaratze batera deitu zuten, astelehenero egiten denera.

Gasteizen ere pareko mezuak helarazi zituzten goizean. Artiumetik abiatu zen martxa, eta, erdiguneko kaleak zeharkatu ondoren, Foruen plazan bukatu zen. «Espero dugu hauteskunde orokorren emaitzak lagungarriak izatea gure erreibindikazioak betetzeko, baina promesa asko daude betetzeke», esan zuen Armando Aulestiartek, Arabako Pentsionistak plataformako bozeramaileak. Jasangarritasun faktorea desagerrarazteko eskaerak ere hortxe jarraitzen du. Bizi itxaropen handiagoa dela eta, 2023. urtetik aurrera, pentsioak nabarmen murrizteko tresna dela gogoratu zuen bozeramaileak.

Armando Aulestiartek gaineratu zuen pentsiodunek eskatzen duten gutxieneko pentsioak (1.080 euro) alboan behar duela 1.200 euroko gutxieneko soldata. «Ez gara promesekin konformatuko; neurri zehatzak nahi ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.