Pentsioak

Pentsiodunek «informazio osoa eta egiazkoa» nahi dute zahar etxeetan jazo denaren inguruan

Pentsiodunek diotenez, Hego Euskal Herrian koronabirusaren ondorioz hildakoen «%40 eta %50 bitartean» zahar etxeetan hil dira, eta «ziur» daude kopuru hori «labur» geratu dela, «hil ostean test gutxi» egin baitira.

Donostiako zaharretxe bateko langile eta egoiliarrak, apirilean. JON URBE / FOKU
xabier martin
2020ko ekainaren 15a
10:40
Entzun

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak protesta egitera deitu du gaurko, «beharrezko prebentzio neurri guztiekin»; esan dutenez, «azken egunotan jasotzen ari garen albisteek adierazten dutelako adinekoak diskriminatu egin direla osasun sistemako baliabideak eskuratzeko orduan, pandemiaren garairik kritikoenetan bereziki».

Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkarteak bere txosten batean jasotakoa ekarri du gogora pentsiodunen plataformak: «Krisi honetan, adinekoak diskriminatu egin dira osasun zerbitzu espezializatuetara benetan iristeko gaitasunari dagokionez, eta egoitzak estigmatizatu egin dira. Osasun baliabide egokietara bideratzeko orduan, ez adinak, ez egoitza batean bizitzeak ez dute izan behar ez ospitaleratzeko irizpidea».

Pentsiodunek diote badirela bi hilabete Jaurlaritzako Osasun sailburuari bilera bat egitea eskatu ziotela, eta oraindik ez dutela berririk; «kezka handia» daukate. «Koronabirusa duten 80 urtetik gorako pertsonen %1,2 baino ez dira ospitaleratu larrialdietako zaintza unitatean, Estatuan. EAEn ehuneko hori zein den jakin nahi dugu, eta, era berean, 70-79 urte bitarteko tartean larrialdietako zaintza unitatean ospitaleratutakoen ehunekoa ere bai». Oso informazio kezkagarriak eman dituzte adituek azken asteetan.

Egoera dramatikoa

Bizkaiko pentsiodunek «informazio osoa, egiazkoa eta objektiboa» exijitu diote Jaurlaritzari, «egoitzetako pertsonen eta, oro har, adineko pertsonen egoera dramatikoa izaten ari baita»; zahar etxetan daudenei «ez zaizkie behar diren prebentzio neurriak eta ospitale tratamendua bermatu», plataformaren arabera. Senideek ere kezka handia adierazi dute osasun krisian.

Hala, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari «galdera argia eta erraza» egin diete, baita foru aldundiei ere, «erantzun bat» eman dezaten: «EAEn eta Nafarroan, koronabirusaren ondorioz hildakoen %40 eta %50 bitartean egoitzetan hil dira. Zeintzuk dira heriotza horiek azaltzen dituzten benetako arrazoiak?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.