Pentsiodunak batuta azaldu dira greba indargabetzeko saioen aurrean

Lau lurraldeetako taldeak bildu dira Bilbon. LABek deitzaileen «aniztasuna» nabarmendu du

Hego Euskal Herriko pentsiodunen elkarteetako ordezkariak Bilbon elkartu ziren atzo. LUIS TEJIDO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi, Jokin Sagarzazu
Bilbo Donostia
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Batasun irudia eman zuten atzo Hego Euskal Herriko pentsiodunek, greba orokorrerako deialdia denek babesten dutela erakusteko. Bilboko udaletxearen aurrean eginiko elkarretaratzean, Bizkaiko herrietako batzarretako ordezkariez gain, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroakoak egon ziren. Adierazi zuten pentsio duinak defendatuko dituztela «agintzen duenak agintzen duela», eta nabarmendu «mobilizatzeko duten ahalmena» dela euren helburuak lortzeko bermerik handiena.

Pentsiodunek Bilboko udaletxearen aurrean egin zuten agerraldia, baina aurreko espaloian. Haien asmoa zen udaletxeko eskaileretan egitea, ohi duten moduan, baina udaltzainek ez zieten utzi. Hilaren 30ari begira, jakinarazi zuten lau manifestazio antolatu dituztela: Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon. Eguerdiko hamabietan izango dira, eta Euskal Herriko Gutun Sozialeko kide diren beste kolektiboekin bat egingo dute ibilbidean. Herrietan ere egingo dituzte manifestazioak, arratsaldean. Bezperan, urtarrilaren 29an, lapiko jotze zaratatsuak egingo dituzte herri guztietan, 21:00etatik 21:15era.

Pentsiodunek atzo emandako batasun irudiarekin erantzun nahi izan zioten greba «indargabetzeko» saioei. Eta hala ari dira mobilizazioa babesten duten beste eragileak, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren arabera. Donostian atzo eginiko agerraldi batean azpimarratu zuen «kapitalaren interesak defendatzen» ari diren alderdi eta sindikatuen jarreren atzean «urduritasuna eta ezinegona» daudela. «Bide onean goazela pentsatzera eramaten gaitu horrek». Aranburuk uste du mobilizazioa «arrakastatsua» izango dela. 1.200 enpresatako langile batzordeek bat egin izanak eta Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan 171 batzorde osatu izanak erakusten du deialdiak «ilusioa» piztu duela. Lantalde horien «aniztasuna» azpimarratu du: «Langileak, pentsiodunak, ikasleak, emakumeak, migratzaileak... Langile klasearen batasuna gertatzen ari da. Eskuz esku ari gara lanean».

Mugarri bat

Kazetarien galderei erantzunez, Aranburuk salatu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «gehiengo sindikal eta sozialari» dion «mespretxua», grebako deitzaileekin biltzea baztertu duelako. Ahal Dugu-k mobilizazioa ez babesteko hartutako erabakiari buruz, berriz, adierazi zuen EAJren «logika neoliberalean txertatzea edo urtzea» erabaki duela alderdi horrek. Hilaren 30eko greba orokorra elkarlan dinamika baten emaitza dela azpimarratu zuen LABeko buruzagiak. «Mobilizazio sozial oso indartsu baten ostean iritsi gara hona, eta borroka ezberdinak bat eginez. Greba honek mugarri berri bat izan nahi du langile borrokan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.