Ekintzaile sozial gisa ibilbide luze baten ondoren, erretiroa hartzean Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduan sartu zen Uña, eta berak bideratzen ditu asteroko bilkurak. «Baina beti egon naiz kalean, hor lortzen direlako eskubideak», azaldu du. Bihar 12:00etan Bilboko manifestazioan egongo da. Pentsiodunek Hego Euskal Herriko 50 herri eta hiritan antolatu dituzte mobilizazioak.
Pentsiodunen mugimenduak hiru urte bete ditu urtarrilean. Nola dago osasunez?
Oso bizirik. Jaio zenean guk ez genekien gizarte mugimendu plural eta transbertsala bihurtuko zenik. Gauzak lortu ditugu, batez ere pentsioen gaia agenda politikoetan agertzea. 2015ean jaio zen dena, Fatima Bañez orduko Lan ministroak pentsiodunei bidalitako eskutitz lotsagarri harekin. 2015eko urtarrilaren 31n 3.000 lagun geunden Bilboko udaletxearen aurrean! Orduan hasi ginen elkartzen kontzentrazio baimenak-eta eskatzeko. Martxoan bilerak hasi ziren, eta oraindik hor jarraitzen dugu. Pandemiak mugatu gaitu, arrisku taldea gara, eta kontzentrazioak txikiagoak dira, baina indartsu jarraitzen dugu. Herri eta hiri askotan gaude, eta larunbateko mobilizazioetan ikusiko da. Gure oinarrizko eskaerakez dira aldatu:1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lan eta pentsio erreformen indargabetzea...
Agenda politikoan eragina izan duzue, baina egunerokoan erakundeek entzuten al zaituztete?
Gure lorpenetako bat izan da pentsio sistema publikoa bideragarria ez den mezua desagerraraztea. %0,25eko igoera gelditu genuen, 2021ean KPI indizeari lotzea lortu dugu... Eta miseria dela badakigu, argindarra eta erosketa saskia hortik gora garestitu direlako. Baina erakundeek oraindik ez dituzte gure aldarrikapen asko kontuan hartu. Horrek behartzen gaitu kalean egotera, oraindik gauza handiak ditugu lortzeko. Eta erne Bruselarekin, handik datorren diru guztia murrizketei lotuta doa.
Astelehenetako elkarretaratzeekin hasi zinetenean politikariek argazkiak ateratzen zituzten zuekin. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere egon zen behin.
Baina deserosoak bihurtu gara. Hasieran Espainiako telebista kateak zetozen, komunikabide handiak... Zerbait folklorikoa bagina bezala hartzen gintuzten. Aititeak ginen, yayoflautak... Oroitzen naiz Aburto alkateak nola esaten zuen Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean bildu behar ginela. Orain trabak jartzen dizkigute, eta hedabide askok ez digute ahotsa ematen.
Eusko Jaurlaritzari ere kontuak eskatzen dizkiozue.
Bai, baina baita Espainiako Gobernuari, Nafarroakoari eta aldundiei ere. Eskumen batzuk ez ditugu oraindik, baina hemendik gauza asko egin daitezke. Alderdi eta ordezkari politikoekin bildu gara. 1.080 euroko pentsioak lortzeko osagarriak eman ditzaketela esaten diegu. Pobrezia mugaren azpitik bizi diren pentsiodun asko dago; onartezina da. Euskal Herrian pentsioak handiagoak direla esaten dute, eta batezbestekoak erabiltzen dituzte. Baina asko dira DSBEa behar dutenak, eta kotizazio gabeko pentsioak 400 eurokoak dira. Norbait bizi al daiteke 400 eurorekin?
Mugimendu barneko balizko zatiketek zeresana eman dute.
Mugimendu indartsua gara, eta baten batek esaten badu utzi egiten duela ez delako hasieran bezala, bada hedabide asko erakartzen ditu. Mugimendu plurala da gurea; hala ez balitz, hautsita legoke. Arrakala horiek hauspotzen dituztenak mugimendu hau desagerrarazteko interesa dituzten sektoreak dira. Irten eta beste plataforma batzuk sortu dituen jendea dagoela? Bai. Baina pentsiodunen mugimendua ez dago hautsita. Mugimendu plural eta apolitikoa da. Gu ez gara kanpoko inongo erakunderen lotura. Jendeak militantzia iragan bat izateko eskubidea du, baina bileretan eta elkarretaratzeetan motxilak kanpoan gelditzen dira. Inori ez diogu galdetzen nondik datorren.
Pandemiarekin zahar etxeen egoeraren aldarria gehitu duzue.
Itxialdiaren ondoren, iazko maiatzaren 22an atera ginen kalera lehen aldiz. Zahar etxeen egoera salatzeko izan zen: kutsatzeak, hildakoak... Jabetu ginen zer gertatzen ari zen murrizketen eraginez. Gutako asko etorkizuneko egoiliarrak gara, eta zaintza zerbitzuen egoera ardura sortzen digun gai bat da. Gainera ez dugu datu errealik. Babestu egoiliarren senidekoen elkartearen eskutik ikerketa bat egiten ari gara. Salaketak egin ditugu epaitegietan, delitu zantzuak egon daitezkeela uste dugulako: bazterketa, ratioak ez betetzea...
Pentsiodun guztiak ez dira egoiliar, baina egoiliar guztiak dira pentsiodun.
Argi dago. Aldarri hau hartu badugu, 2008ko murrizketen eragina ikusten dugulako hartu dugu. Pandemiak osasun zerbitzu publikoa desegin izanaren lotsak agerian utzi ditu. Aldundiek zahar etxeak pribatizatzera jo dute, eta egungo egoera horren ondorio da. Egoitzen kudeatzaileek gehiago zaintzen dute dirua pertsonak baino. Zaintza duina eskubide bat da. Bizitza kalitate ona izateko eskubidea dugu, eta ez orain ikusi duguna. Zahar etxe batzuk adinduentzako haurtzaindegiak dira.
Emakumeen egoera gordinagoa dela nabarmendu duzu. Arrakala hor al dago oraindik?
Bai. Begira, duela bi aste 74 urteko emakume batek gelditu ninduen kalean. Argindarraren igoerarekin arduratuta zegoen. Esan zidan etxean ezin zuela hotza jasan, eta arratsaldeko seietan sartzen zela ohera. Are gehiago, semeari eskatu zion telebista logelan jartzeko. Hau egia da, berogailua piztea edo jatea erabaki behar duen jendea dago. Adin horretako emakume askok ia ez dute kotizatu. Eta lan asko egin zuten, etxean, zaintzan... Kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituzte. Miseria egoera hauek desagertzeko eskatzen ditugu 1.080 euro. 70-80 urteko emakumeak dira etxeetan zokoratuta daudenak. 1.080 eurorekin berogailua jar dezakezu, hobeto jan, zeure burua zaindu... Eta gazteagoak ez daude askoz hobeto. Gehiago sartu ziren lan merkatuan, baina egun pentsioen genero arrakala %35 ingurukoa da.
Andrea Uña. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua
«Pentsiodun asko bizi dira pobrezia mugaren azpitik; onartezina da»
Pentsiodunak mobilizazioetara deituta daude biharko Hego Euskal Herriko ia herri guztietan. Uñak argi du kalean jarraitzeko arrazoi asko dituztela, eta pandemiarekin egoerak okerrera egin duela, zahar etxeetan bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu