Pentsioak KPIaren arabera eguneratuko dira 2022tik

Erreformaren lehen zatiak erretiroa atzeratzea sarituko du, eta aurreratzea zigortuko. Jasangarritasun faktore berri bat negoziatuko dute. Zergek gastu batzuk pagatuko dituzte

Protesta mugimendua. Pentsio duinen aldeko manifestazio bat, Donostian (artxiboko irudia). MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Pentsio sistemaren erreformaren lehen zatia lotuta, bigarren zatiari helduko diote orain Espainiako gizarte eragileek. Neurri batean, errazena egin dute, eta galdera zail batzuei erantzun beharko diete bigarren negoziazioan: nola kalkulatuko dira hasierako pentsioak? Edonola ere, erreformaren lehen zatiak baditu garrantzi handiko hainbat puntu. Haien artean dago 2022. urtetik aurrera pentsioek erosteko ahalmenari eutsiko diotela, aurreko urteko KPIaren arabera igoko direlako. Erretiroa aurreratzen dutenak gehiago zigortzea —pentsioa txikituz— eta atzeratzen dutenei saria ematea ere —pentsioa handituz— hitzartu dute Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek. Sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen organoek ontzat hartu ondoren, sinatu egingo dute akordioa.

EGUNERATZEA

Behin betiko lurperatuko da PPren garaiko erreformaren eguneratze sistema. Haren bidez, sistema defizitean zegoenez, pentsioak %0,25 baizik ez ziren igo bost urtez, 2014tik 2018ra. Oraingo sistemak, berriz, erosteko ahalmena ez galtzea bermatuko du, aurreko urteko batez besteko KPIan oinarrituta eguneratuko baitira. Urte batean inflazioa negatiboa bada, hurrengo urtean pentsioak ez dira hein horretan jaitsiko, baizik eta zeuden bezala geratuko dira.

JASANGARRITASUNA

PPren azken erreformaren beste hanka bat ere desagertuko da, jasangarritasun faktorea izenekoa. Bizi itxaropena handitu ahala pentsioen zenbatekoa txikitzeko tresna bat zen, eta, kalkulu batzuen arabera, pentsioak %30 jaistea ekar zezakeen. 2019an zen indarrean jartzekoa, baina ez da inoiz ezarri, pentsiodunen protestek eta gobernu aldaketak2023 arte atzeratu zutelako. Sindikatuek haren aurka egin dute, eta gobernuak haien eskaera onartu arte ez dute akordio osoa bideratu ahal izan. Edonola ere, sistema berriak modua izango du pentsioetan egiten den gastua kontrolatzeko eta «belaunaldien arteko berdintasuna» bermatzeko. Bost hilabeteko epea dute orain alternatiba hori negoziatzeko; akordiorik ez badago, Espainiako Gobernuak bere proposamena ezarriko du, urtarrilaren 1ean indarrean jartzekoa den legean izango dela agindu baitio Europako Batzordeari. 

ERRETIRO AURRERATUA

Pentsioetan egiten den gastua mugatzeko neurrietako bat da erretiroaren benetako adina—64,6 urte, azken datuen arabera— adin ofizialera gerturatzea—66 urte orain, 67 urte 2027an—. Horretarako bidea da pentsioak txikitzea adin ofizialaren aurretik erretiroa hartzen duten batzuei. Egun, gehienez %16 txikitzen diote pentsioa erretiroa bi urtez aurreratzen duenari, eta %1,6, berriz, hiruhileko bat atzeratzen duenari. Murrizketa horiek handitu egingo dira kasu batzuetan—bi urte lehenago erretiroa hartzen dutenentzat eta pentsio handienentzat—, baina beste batzuetan, txikitu. Horrela, Gizarte Segurantzan 38 urte eta sei hilabete baino gutxiago kotizatu dutenei %21 txikituko diete hileroko pentsioa adin ofiziala baino bi urte lehenago erretiratuz gero. Hiletik hilera jaitsi egingo da zigorra, eta %3,21ekoa izango da hilabete lehenago erretiratuz gero.

Zigorrak txikitu egingo dira kotizazio epea handituz gero: %19 eta %3,11 artekoa izango da 38,5-41,5 urteko kotizazioa dutenentzat; %17 eta %2,96 artekoa 41,5-44 urteko kotizazioa dutenentzat; eta %13 eta %2,81 artekoa 44 urtetik gora kotizatu dutenentzat.

Badira, ordea, beren borondatez ez baizik enpresek behartuta erretiroa hartzen dutenak, erretiroaren adina gerturatzean kalera botatzen dituztelako. Horientzat baldintza bereziak izango dira, beren borondatez lan merkatua uzten dutenenak baino samurragoak. Horrela, pentsioetan jasoko duten murrizketen taula %0,5ean hasiko da. %30era iritsi ahal izango da, baina hori hala da erretiroa lau urte aurreratu ahal izango dutelako egoera horretan daudenek. Behartutako erretiro aurreratua hartzeko eskubidea izango dute haien enplegatzaileak lan baldintzetan aldaketa esanguratsuak jasan dituzten enpresetako langileek, baita lantokiz aldatzeari uko egin diotenek ere. Kaleratze indibiduala eta kolektiboa jasan dutenak ere lau urte lehenago erretiratu ahal izango dira, betiere kalte ordaina jaso dutela erakusterik badute.

ERRETIRO ATZERATUA

Erretiro adina gaindituta ere langileek lanean jarraitzea sustatu nahi du gobernuak. Gaur egun, hori egiteak %2ko hobaria du pentsioetan gehienentzat, eta %4ra helduko da kasu guztietan. Sari hori ordainketa bakar batean jasotzeko aukera ere izango dute: lanean jarraitutako urte bakoitzean 4.786 eta 12.060 euro arteko ordainketa bat egitea, kotizazio oinarrien eta urteen arabera.

NAHITAEZKO ERRETIROA

Erreformak debekatu egingo du hitzarmen kolektiboetan nahitaezko erretiroa finkatzea 68 urte bete dituztenentzat. Indarrean egon eta klausula hori duten hitzarmenetan, berriz, hiru urtez soilik iraun ahal izango du.

GASTU BATZUK, ZERGEN ESKU

Pentsioen sistemak azken urteetan defizit handia izatearen arrazoietako bat da Gizarte Segurantzaren bizkar daudela berez harenak izan beharko ez luketen zenbait gastu. Gastu horiek Gizarte Segurantzatik aterako dituzte, eta aurrekontuen bizkar jarri. Hau da, gizarte kotizazioen bidez ordaindu beharrean, zergen bitartez ordainduko dira. Horien artean daude erretiro aurreratu batzuei emandako laguntzak, enplegua sustatzeko kotizazioetan egiten diren beherapenak, amatasun osagarria eta nekazarien erregimenaren tratamendua.

BESTE NEURRI BATZUK

Erreformaren lehen zatiak zenbait eskubide zabalduko ditu. Horrela, izatezko bikoteek ere alargun pentsioa jasotzeko eskubidea izango dute. Bekadunen kontratatzaileek ere haien gizarte kotizazioak ordaindu beharko dituzte, formakuntza horretan soldatak ordaindu ala ez. Enpresak, hori bai, laguntzak jasoko dituzte kotizazio horiek ordaintzeko. Menpeko pertsonak zaintzeko lanaldia murriztu dutenek kotizatzen jarraitzeko erraztasunak izango dituzte.

LOTZEKO DAUDENAK

Beste negoziazio baterako geratu dira gai arantzatsu batzuk, haien artean pentsioa kalkulatzeko zenbat urteko kotizazioak hartuko diren kontuan —epea zabaldu ahala, pentsioa jaisten zaie langile gehienei—. Lan bizitzako azken 25 urteetako kotizazioak dira gaur egun oinarria, eta azken 35 urteetara igarotzea jarri zuen mahai gainean PSOEk, edo lan bizitza osoa kontuan hartzea. Unidas Podemosen eta sindikatuen ezezkoen ondoren, ez dago garbi azken formula zein izango den.

Erabakitzeko dago autonomoen kotizazio sistema berria, eta soldata handienen kotizazio oinarriak zenbat handituko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.