Pentsioak berrituta, alderdiekin negoziatu behar du orain Moncloak

Gorteek 30 egun baliodun dituzte legea onartzeko. EH Bilduren eta Podemosen babesa dute

inaut matauko rada
2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo goizean onartu zuen pentsioen erreforma, dekretu bidez. Espainiako Gobernuak, baina, alderdien babesa behar du orain, legeak Gorteetan aurrera egin dezan. Oraingoz soilik botere betearazlearen babesa duenez, 30 eguneko epea du alderdiekin negoziatzeko eta Diputatuen Kongresuan zein Senatuan gehiengoa lortzeko. Unidas Podemoseneta EH Bilduren baiezkoa du jada PSOEk, baina beste ohiko aliatu batzuen aldeko jarrera behardu oraindik parlamentuaren gehiengoa lortzeko. Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak atzo bertan lortu zuen EH Bilduren baiezkoa, gutxieneko alarguntasun pentsioak handitzea onartu ostean.

EAJren, ERCren eta PdeCATen babesa behar du oraindik Escrivak, eta, alderdi horiek erreforma begi onez ikusi badute ere, aldaketa batzuk proposatuko dizkiote pentsio sistema berriari baiezko botoaren truke. PP, Vox eta Ciudadanos aurka izan dituzte hasieratik, eta ez da jarrera aldaketarik espero. CEOE patronala ere kritiko izan da hasieratik, eta elkarrizketa sozialeko mahaitik altxatu zen, gobernua sindikatuekin bakarrik utziz. Haien ustez, erreformak arriskuan jartzen du «enpleguaren sorrera». Escrivak gezurtatu egin du baieztapen hori.

Bruselak ere joan den astean eman zion baiezkoa Moncloaren erreformari, nahiz eta ez duen lortu Espainiako Gobernuari eskatzen zizkion aldaketa guztiak lege berrian sartzea.

Nahiz eta gobernuaren eta alderdien arteko negoziazioetan aldaketa batzuk egon daitezkeen, pentsio sistemaren erreformak oinarri berdinak izango ditu. Escrivaren hitzetan, erreforma berriaren helburua pentsio sistema «modernizatzea» da, baita etorkizuneko pentsioak bermatzea eta sistemaren defizita amaitzea ere. Hori dela eta, kotizazioak handitzea da aldaketaren ardatza. Gizarte kotizazioak 0,6 puntu handituko dira aurten kolpe batez (0,5 enpresak eta 0,1 langileak), eta progresiboki beste 0,6 puntu igoko dituzte 2029rako (urtero hamarren bat gehiago).

Gutxieneko pentsioak, gora

Gehien irabazten duten langileen kotizazioak ere igo egingo dituzte. Lehenik eta behin, gehienezko kotizazioa 54.000 eurotik 70.000 eurora igoko da progresiboki 2023 eta 2050 urten artean, eta gehienezko datu horretatik gorako irabaziei beste kotizazio gehigarri bat aplikatuko zaie. Progresiboki joango da haziz kuota hori: %1ekoa izango da 2025ean, eta %6koa, berriz, 2045ean.

Gutxieneko pentsioak ere pixkanaka handituko dituzte, eta ezkontide bat bere kargura duten 65 urtetik gorakoen pentsioak pobreziaren atalasea gainditu beharko du 2027an —urtean 14.302 euro garbi dago ezarria muga egun—. Kotizaziorik gabeko pentsioak ere handituko dituzte.

EH Bilduk, baietz

Erreformaren beste punturik garrantzitsuenetako bat kotizazio epea luzatuko dutela da. Bi aukera izango dira pentsioak kalkulatzeko: azken 25 urteak, edo azken 29 urteak, 24 hilabete txarrenak kontuan hartu gabe. Erretiroa hartuko duen langileak ez du aukeratu beharko, kalte gutxien egiten diona aplikatuko baitzaio.

Koalizio gobernuak badu jada babesa emango dion aliatu bat: EH Bildu. Alargun pentsioak kotizaziopeko pentsioekin parekatzearen truke baieztatu dio. Mertxe Aizpurua EH Bilduko eledunak atzo bertan adierazi zuen alargun pentsioak igotzea akordioa lortzeko «kontuetako bat» zela, eta «aurrerapen oso garrantzitsu» bat dela gehitu zuen.

EH Bilduren arabera, 2024an gutxieneko alargun pentsioa indibidualak 40 euro handituko dira hilean, eta ezkontide bat kargura dutenena, berriz, 126 euro. «Aldaketa horiekin, ez da izango pobreziaren atalasearen azpitik egongo den alargun pentsiorik», esan zuen. Bestalde, kotizaziorik gabeko pentsioen %15eko igoera kontsolidatzea ere lortu dutela adierazi zue: «Igoera egiturazkoa izango da aurrerantzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.