Erretiroa hartzeko adina bi hilabete atzeratuko da bihartik aurrera Hegoaldean, eta hiru Iparraldean

Hego Euskal Herrian, batez besteko pentsioa %2,8 handituko da, baina hortik gora txikienak eta handienak. Ipar Euskal Herrian, %2,2 emendatuko dira, Barnierren gobernuaren erorialdiari esker.

Erretiratuak, Bilboko plaza batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Erretiratuak, Bilboko plaza batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Ingelesez bada esamolde bat esaten duena bizitzan bi gauza soilik direla seguruak: heriotza eta zergak. Gizartea zahartzen ari den heinean, beste bat ere gehi dakioke: pentsioen urteroko erreforma. Gastuak eta diru sarrerak orekatzen saiatzeko etengabeko eginahal horrek beste kapitulu bat izan du aurten, Hego Euskal Herrian bederen. Irailean, erretiro partziala eta atzeratua arautzeko akordioa izenpetu zuten Espainiako Gobernuak, CEOE patronalak eta hango bi sindikatu nagusiek —CCOOk eta UGTk—. Baina erreforma horren arauak ez daude oraindik prest, eta ez da espero apirilaren 1a baino lehen indarrean jartzea.

Baina horrek ez du esan nahi 2025ean ez dela berritasunik izango. Aurreko urteetan egindako erreformek moldaketak ekarriko dituzte bihartik aurrera ere, eta ondorio bat izango dute Euskal Herri osoan: denbora gehiago egin beharko da lan pentsioa osorik jasotzeko.  

1

Erretiroaren adina

Hegoaldean, beste urrats bat egingo du erretiro adina atzeratzen duen 2012ko erreformak. Horrenbestez, urtarrilaren 1etik aurrera, beste bi hilabete atzeratuko da pentsioa osorik jasotzeko bete beharreko adina, 66 urte eta zortzi hilabetera. 2027an, 67 urtera iritsiko da adina, eta hor geratuko da beste erreformarik ez badago.

Baina badago pentsioa osorik jasotzeko beste modu bat: orain arteko moduan, lan ibilbide luzeagoak izan dituztenek aukera izango dute erretiroa 65 urterekin hartzeko. Horretarako, hori bai, gutxienez 38 urte eta hiru hilabete kotizatu dituztela erakutsi beharko dute. Epe hori ere hiru hilabete luzatuko da urte berriarekin batera.

 

Adin horiek baino lehen erretiroa hartzeko aukera izango dute urteetan aurrera doazenek, baina, halakoetan, pentsioa murriztu egingo diete, %2,85 eta %21 artean. 63 urterekin hartu ahal izango dute 38 eta hiru hilabete kotizatuta edukiz gero, eta 64 urte eta zortzi hilabeterekin, berriz, gutxiago kotizatu badute. Hori bai, erretiroa aldez aurretik hartzeko, gutxienez 35 urteko kotizazioa erakutsi beharko da. Pentsio murrizketak txikiagoak dira lan bizitzaren amaiera aldera kalera bota dituzten langileentzat, ulertzen baita adinean aurrera egin ahala zailagoa dela beste enplegu bat lortzea.

Ipar Euskal Herrian, berriz, 2023ko erreforma eztabaidatuaren eragina ikusiko dute. Erretretaren adina 62 urtetik 64ra gibelarazten du erreforma horrek, progresiboki. Horrek esan nahi du 2025ean 1963an jaiotakoei eragingo diela: erretreta hartzeko 62 urte eta bederatzi hilabete ukan beharko dituzte —2024an baino hiru hilabete gehiago—. Gainera, pentsioa osorik jaso nahi badute, 170 hiruhileko kotizatuta eduki beharko dituzte (42 urte eta erdi).

Erreforma bertan behera geratzen ez bada —hori nahi dute ezkerrak eta eskuin muturrak—, 1968tik aurreragoko belaunaldiek 64 urterekin hartuko dute erretiroa, eta 43 urte kotizatu beharko dituzte pentsioa osorik eskuratzeko. 

2

Pentsioen eguneratzea

Hego Euskal Herrian, pentsio gehienak %2,8 handituko dira urtarrilaren 1ean, hura izan baitzen Espainiako batez besteko inflazioa 2023ko abendutik 2024ko azarora arte. Batez besteko pentsioa 1.537 euro izan zen azaroan, eta, horri %2,8 gehituta, 1.580 eurora iritsiko da, 43 euro gehiago, hain zuzen ere.

Erretiratuek dute, batez beste, pentsiorik handiena; 1.742 euro ziren abenduaren 1ean, eta 1.792ra iritsiko dira igoerarekin. Hori bai, alde handia dago erregimenaren arabera: sistema orokorrean daudenen batez besteko pentsioa ia 2.000 euro da —lautik hiru—, baina 1.150 euroan dago autonomoena, haietako gehienek askoz gutxiago kotizatu diotelako Gizarte Segurantzari.

Aldea nabarmena da alargunen pentsioetan ere: sistema orokorrekoek 1.100 patrikaratzen dituzte, baina 720 euro baizik ez autonomoen alargunek.

 

 

%2,8tik gora handituko dira pentsio txikienak. Espainiako Gobernuak joan den astean erabaki zuen pentsio txikiak batez beste %6 handitzea, baina badira gehiago igoko direnak ere; ezkontidea beren kargu duten pentsiodunen sariak %9,1 handituko dira.

Hego Euskal Herrian ia 80.000 lagunek jasotzen dituzte gutxieneko pentsioak, pentsiodun guztien %10,9k —Espainian, halako bi dira—, eta lautik hiru emakumeak dira. Emakume pentsiodunen %19k dituzte gutxieneko pentsioak, baina gizonezkoen %6k baino gutxiagok.

Gizarte Segurantzaren pentsioa jasotzeko, gutxienez hamabost urte eduki behar dira kotizatuta. Epe horretara iritsi ez direnek kontribuziorik gabeko pentsioa jasotzen dute. Hegoaldean,16.500 inguru dira, eta haien saria %9 handituko da.

%40

1.100 eurotik beherako pentsioa dutenak. Batez besteko pentsioa 1.537 euro izan zen abenduan Hegoaldean, baina hori ez da pentsio ohikoena. Pentsioen %40 1.100 eurotik beherakoak dira, eta %60, berriz, 1.500 eurotik beherakoak. 2.000 eurotik gorakoak, berriz, ez dira lautik bat ere.

Pentsiorik handienak ere apur bat gehiago handituko dira, %2,915 hain zuzen ere. Kontua da oraintsu arte soldatarik handienek muga batetik gora ez zutela gizarte kotizaziorik ordaintzen, baina azken erreformak muga hori gutxitu egingo du progresiboki. Neurri berean bada ere, pentsiorik handienak ere handituko dira: aurten hilean 3.175 euro izan dira, eta 3.267 izango dira 2025ean.

Iparraldean, berriz, %2,2 handituko dira oinarrizko pentsioak, inflazio aurreikuspena bezainbat. Michel Barnierren gobernuaren asmoa %0,8 emendatzea zen, baina hura erortzeak mesede egingo die pentsiodunei.

3

Genero arrakalaren osagarria

Batez besteko pentsioa baino gehiago (+%8,1) handituko da gurasoek eskura dezaketen osagarria. Eurotan, 35,9 euro jasoko dute seme edo alaba bat izan dutenek, 71,8 euro bi dutenek, eta 107,7 hiru edo gehiago dutenek.

2016an sortu zen osagarri hori, genero arrakalarena deitutakoa, PP boterean zela, seme-alabak zaintzeko ordainpeko lana utzi zuten amak konpentsatzeko. Europako Auzitegiak, ordea, indargabetu egin zuen 2019. urtean, sexuaren arabera diskriminatzen zuelako. Espainiako Gorteek legea egokitu zuten 2021. urtean, eta zenbait aldaketa egin zituen. Horrenbestez, gaur egun, aitek ere eskatu ahal izango dute, zaintzagatik haien kotizazioak jaitsi badira, baina gurasoetako bakar batek eskuratu ahal izango du.

Bi gurasoetako bakar batek ezin badu frogatu kotizazioa jaitsi egin zaiola, amari emango diote automatikoki. Gurasoak bi emakume edo bi gizon baldin badira, pentsiorik txikiena daukanak eskuratuko du. Gainera, lehen haurra izan dutenetik lortzen dute osagarri hori jasotzeko eskubidea, eta ez bigarrenetik aurrera, legearen lehen bertsioan bezala.

Hego Euskal Herrian, azaroan, 61.000 lagunek eskuratu zuten genero arrakalaren osagarria, 67 euro batez beste, eta horietatik ia %93 emakumezkoak dira.

68.884

Bi pentsio jasotzen dituztenak, Hegoaldean. Gizarte Segurantzak 728,492 pentsio banatu zituen abenduan, baina pentsiodunak 659.608 dira. Hau da, 68.884 lagunek bi pentsio jaso zituzten, gehienetan alargun pentsioa gehitu zietelako beren pentsio propioari. Emakumeak dira haietako %83.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.