Pentsioen kontuan atzera egin behar izan du Frantziako Gobernuak. 4.000 milioi aurreztu eta defizita murrizte aldera, haren asmoa zen uztailera arte gibeleratzea pentsioen eguneratzea, baina orain iragarri du urtarrilean izango dela lehen igoera bat, %0,9koa.
Laurent Saint Martin Ogasun ministroak eman du erabakiaren berri, France 2 telebista katean. Azaldu duenez, uztailean beste emendatze bat egongo da, baina soilik SMIC gutxieneko soldataren azpitik dauden pentsioentzat (1.400 euro), «ez dezaten erosteko ahalmena gal».
Galdu, ordea, galdu egingo dute Ipar Euskal Herriko pentsiodunetako askok, inflazioak %0,9tik oso gora bukatuko baitu aurten, eta datorren urterako ere %1,8koa espero baitu Frantziako Gobernuak.
Errepublikanoak eskuineko alderdiarekin lortutako itun baten ondorioz igoko dira urtarrilean pentsioak, Laurent Wauquiez alderdi horretako buruzagiak nabarmendu duenez. Alderdi horretakoa da Michel Barnier lehen ministroa, baina kiderik gehienak Emmanuel Macron lehendakaria babesten duten zentroko eta zentro eskuineko alderdietakoak dira, eta RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiaren onespenarekin gobernatzen dute.
Gobernuak kalkulatu duenez, pentsioak urtarrilean igotzeak 800 milioi eurotik gorako kostua izango du, eta, hortaz, haien izozte partzialarekin 3.000 milioi euro aurreztuko dituzte.