Pentsiodunek Bilbo erdiguneko kaleak hartu dituzte beste urte batez. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta eta Aste Nagusiko astelehenarekin bat eginez, manifestazio jendetsua egin dute gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadila eskatzeko. Pentsiodunek zazpi urte daramatzate pentsio duinak eskatzeko mobilizatzen.
Pentsiorik apalenak igotzea ez ezik, osasun eta zaintza zerbitzu duinak izatea ere galdegin dute gaurko protestan. Bereziki, Osakidetzak dituen «arazoak» salatu dituzte, eta gogorarazi murrizketek etxez etxeko arreta zerbitzuari eta zahar etxeei ere eragiten dietela. Bada, langileen lan baldintzak hobetzeko eskatu dute.
Azken urteetan bezala, mobilizazio jendetsua eta koloretsua izan da: ehunka herritarrek bat egin dute manifestazioarekin. Izan ere, Euskal Herriko pentsiodunek ez ezik Gaztela eta Leondik, Cadiztik eta Kantabriatik (Espainia) etorritako pentsiodunek ere parte hartu baitute protestan.
Plaza Eliptikotik hasi eta Areatzako txosnagunerainoko bidea egin dute pentsiodunek, jai giroan eta txistulariek lagunduta. Manifestazioaren buruan Pentsioen murrizketarik ez, publikoak eta duinak bai. Gutxienekoa pentsioa 1.080 zioen pankarta eraman dute. Protestan parte hartu duten taldeetako bakoitzak bere pankarta eraman du, hala ere, nork bere aldarrikapenekin.
Hala, orain arteko protestetan ohikoak izan diren leloak errepikatu dituzte: «Pentsiodunak aurrera!», «1.080, bai, posible da»; «pentsio publikoak, unibertsalak eta duinak», eta «hilabete amaierara ez iristea da terrorismoa».
Mobilizazio gehiago
Abuztuko geldialdiaren ostean, pentsiodunek mobilizatzen jarraituko dute berriz irailetik aurrera Hego Euskal Herriko herrietan eta hirietan. Izan ere, pentsiodunek adierazi dute protestan «jo eta ke» arituko direla beren eskaerak bete arte. Protesta egiteko molde berriak abiaraziko dituztela ere esan dute.
Pentsiodunen mugimenduaren arabera, Hego Euskal Herrian 220.000 lagunek kobratzen dute gutxieneko pentsioa gaur egun. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari dei egin diete eskatzeko arazoari irtenbidea eman diezaiotela «behingoz» eta osatu ditzatela pentsiorik apalenak 1.080 euroraino.