Euskal Herriko talde industrialik handienaren gidaritza hartuko du datorren urteko abuztuaren 1ean Pello Rodriguez Zabaletak (Urretxu, Gipuzkoa, 1975), Iñigo Uzin ordezkatuko baitu Mondragon taldeko lehendakaritzan. Hala erabaki du kooperatiba guztiak ordezkatuta dauden Kongresu Kooperatiboaren Batzorde Iraunkorrak gaur. Rodriguezek gertutik ezagutzen du taldea, 2015az geroztik Mondragonen lehendakariordea eta ekipamendu eta ondasunen dibisioko zuzendaria baita.
Mondragon taldeak ohar bidez nabarmendu du industria eta kudeaketa alorrean esperientzia handia lortuta iritsi dela Rodriguez Mondragonen lehendakaritzara, eta bere ibilbide guztian eredu kooperatiboarekiko erakutsitako «konpromiso sendoa» goraipatu du, berrikuntzaren eta negozioen lehiakortasunaren aldeko apustuan azpimarra eginez.
Uzinen gisan, makina-erremintari lotutako ibilbidea du Rodriguezek. Hark ere, bere ibilbide profesionala Danobaten hasi zuen, proiektuetako gerente bezala, eta ondorengo sei urteetan Ingalaterrako eta Alemaniako filialetan jardun zuen lanean. 2007an, atzerritik bueltan, kooperatibako tornu eta artezketa negozioaren ardura hartu zuen, eta, ondoren, 2013an zuzendaritza nagusiaren kargura iritsi zen.
Mondragonen lehendakariordea eta ekipamendu eta ondasunen dibisioko zuzendaria izateaz gain, Korporazioko Kontseilu Orokorreko eta Kontseilu Industrialeko partaide ere bada Rodriguez. Halaber, Zientzia, Berrikuntza eta Teknologiaren Euskal Kontseiluko eta Innobasqueko Zuzendaritzako kide ere.
Goi Mailako Industria Ingeniaritzan lizentziatua da, mekanika espezialitatean EHUn eta Pariseko Ecole Nationale d'Arts eta Metiers-en. Halaber, eleaniztuna da, eta bost hizkuntza menperatzen ditu: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta, neurri handi batean, alemana ere bai.
Mondragon Taldeko lehendakaritza datorren abuztuaren 1ean hartuko du Rodriguezek, eta haren erronka nagusia izango da datorren lau urtekorako korporazioaren ibilbidea martxan jartzea. «Erronka berri hau ilusio handiarekin hartu dut. Mondragon nire etxea da, eta oso harro nago funtzio hau betetzeko izendatu nautelako. Espero dut gai izango naizela eman zaidan ardura betetzeko», esan du.
Bi krisi zortzi urtean
Mondragoneko gaur egungo presidente Iñigo Uzinek uztailean hartuko du erretiroa, zortzi urtez korporazioaren buruzagi izan ondoren. 2016ko abuztuan iritsi zen kargura, eta Fagor Etxetresnen porrotaren osteko Mondragonen aro berria zuzentzeko ardura hartu zuen hasieratik. Aurreko arduradun Javier Sotilek ongi zehaztuta utzi bazion ere taldearen norabidea, zailtasun eta oztopo ugariri aurre egin behar izan dio Uzinek urte hauetan guztietan.
Bi krisi gainditu behar izan ditu korporazioak haren agintaldian, eta ez nolanahikoak gainera: COVID-19arena eta Ulmaren eta Oronaren alde egitearena. Pandemiarena taldeak inoiz izan duen erronkarik zailenetakoa izan da Fagor Etxetresnen itxieraren ondoren; enpresek, baina, lortu zuten suspertze ekonomikoaren olatua hartu eta ahalik eta kalte txikienekin gainditzea.
Ordea, birusak lortu ez zuena eragin zuen bigarren krisiak: eredu kooperatiboaren oinarriek dar-dar egitea. Ulmak eta Oronak korporazioa uzteko hartuta erabakiak iraganeko mamuak azaleratu baitzituen, eta arrakalak eragin ustez itxita zeuden zaurietan. Taldeak, halere, jakin du haiek gabe ere aurrera egiten. Eta Uzinek lemaren norabidea ongi zehaztuta utzi badu ere, Rodriguezi egokituko zaio etapa berrian taldea sendotzea eta elkartasun balioak ostera iparrorratz bilakatzea.