Peio Dufau EH Baiko diputatuak lege proposamen bat aurkeztu du laborantza lurrak zaintzeko, Safer egiturari botere handiagoa emateko helburuarekin. Arbonan (Lapurdi) aurkeztu du, Berroeta lur eremuaren aitzinean. Izan ere, hainbat hilabeteko okupazio mugimendua izan zen bertan 2021ean, ELB sindikatuak eta Lurzaindiak deituta, salmenta espekulatibo bat oztopatzeko asmoz. Halako kasuak eragoztea da lege proposamenaren helburua. LR Errepublikanoak eskuineko alderdiko Julien Dive diputatuarekin batera aurkeztu du, eta apiril inguruan aztertuko dutela espero du.
Salmenta prozedura bat abiatzean, notarioak jakinarazpena bidali behar dio Safer egiturari, eta hark lehentasunez erosteko eskubidea baliatu dezake, erosketa prezio bat proposatuz. Orduan, bi aukera daude: saltzaileak Safer egiturak proposatutako prezioa onartzea eta salmenta gauzatzea, edo salmenta bertan behera gelditzea. Baina laborantza lurrari lotutako bizitegi bat baldin bada, gauzak konplikatzen dira.
Etxalde batean bost urtean laborantza jarduerarik ez bada, bizitegiak laborantza bokazioa galtzen du, eta, beraz, Safer egituraren eskumenetatik ateratzen da. Lurrekin batera, laborantzarako bokaziorik ez duen bizitegi bat salgai ezarria bada, laborantza lurren zaintzeko erakunde publikoak erosketa partziala egitea proposa diezaioke saltzaileari, baina hura ez da onartzera behartua. Hori izan zen Arbonako Berroeta eta Senpereko Olha lur eremuetako kasua, adibidez.
Frantziako Asanblean aurkeztu duten lege proposamena onartuko balitz, Safer egiturak aukera izanen luke lurra eta bizitegia bi jakinarazpen ezberdinetan bereiztea eskatzeko. Hartara, lurrak lehentasunez erosteko aukera izanen luke berriz ere.
Urgentziari erantzutea
Laburra da lege proposamena: lau artikulu ditu, eta biziki praktikoa da. Vincent Bru diputatuak aitzineko legealdian abiatutako lana bere egin du Dufauk, eta laborantza egitura anitzekin izandako elkarrizketekin ondu du. «Berehalako egoera bati» erantzuteko dela adierazi du. «Legalki mugak baditu Saferrek, eta horiek hausteko da lege proposamen hori». Gerora laborantza arloko lege zabalago bat landu beharko litzatekeela iradoki du.
ELB eta FDSEA laborantza sindikatuetako kideak bertan zeudela aurkeztu du lege proposamena Dufauk, eta Maryse Cachenault Lurzaindiko kideak eta Jean Claude Saint Jean Saferreko presidenteak ere agertu dute babesa. «Arbonakoa enblematikoa izan zen, baina astero ditugu arazoa sortzen duten salmenta jakinarazpenak», adierazi du Cachenaultek. Begi onez ikusten du lege proposamena, egoera konkretu bati erantzuten baitio: «1970ean 8.500 etxalde ziren Ipar Euskal Herrian; gaur egun, 3.800».
Telebistan ikusi duen erreportaje bat aipatu du Saint Jeanek, Euskal Herriko irudi idilikoak erakusten baitzituzten. «Anbizioak sortu ditzake, baretasun bila ari diren dirudunak erakarri ditzake. Paisaia hauek ikustean, anitzek ez dute laborantza helburu». Ez zaio baikorra egoera hori, eta mobilizazio militantea goraipatu du. «Arbonakoa utzi bagenu, erreferentziazko balioak sortu zituen». Lege zabalago bat lortu bitartean indar militante horrekin segitu beharko dela erran du.
Bi gai ikusten ditu bereziki: lurrak jabetza hutsean saltzea, gozamenik gabe. Jukutria hori erabili izan dute azken urteetan jabe batzuek Safer desbideratzeko. Halako kasuetan ere esku hartzeko gaitasuna izan beharko luketela defendatu du Saint Jeanek. Dufauk argitu du beste diputatu bat ari dela gai hori lantzen eta horregatik ez dutela beren lege proposamenean integratu. Laborantza lurrei loturik izanik ere laborantza bokazioa galdu duten bizitegiena da bestea. Horietan ere eragin nahiko lukete.
Adostasun zabalak
Adostasun zabalak lortzeko beharra defendatu du Dufauk. «Hori hitzeman genuen hautatuak izan ginenean, eta horretan ari gara». Frantziako eremu anitzetan gisa bereko arazoak dituztela erran du, eta horrela esplikatu du LRko diputatu batekin aurkeztu izana lege proposamena. Bat egin dute neurriari buruz. Senatuan Errepublikanoek gehiengoa dutela kontuan hartuta, garrantzitsua izan daiteke.
Ezkerreko taldeak ere ados daude Dufauren hitzetan, eta Modem alderdikoek ere begi onez ikusten dutela erran du.