Esne sektorearen krisia

PAZIENTZIA GUZTIZ HUSTU AURRETIK

EBko herrialdeetako nekazaritza ministroek goi bilera dute bihar esnearen sektorearen inguruan. Bruselara begira egongo dira Euskal Herriko abeltzainak ere. Apirilean EBk kuoten sistema kendu zuenetik zaildu egin da haien egoera, eta itxaropen txikia dute biharko bileran zerbait aldatzeko ere.

PAZIENTZIA GUZTIZ HUSTU AURRETIK.
Arnaitz Lasarte.
2015eko irailaren 6a
00:00
Entzun
Haserre daude Europa osoko abeltzainak. Haserre, Alemaniakoak,Erresuma Batukoak, Belgikakoak, Espainiakoak, Frantziakoak zein Euskal Herrikoak. Esne sektorean lan egiten dutenek lehen ere ilun samar ikusten zuten beren etorkizuna. Bada, are ilunago ikusten dute orain, Europako Batzordeak apirilean esne kuoten sistema bertan behera utzi zuenetik. Hori dela eta, beren egoera salatzeko protesta gehiago antolatu dituzte azken hilabeteetan. Pazientzia agortzen ari zaie.

Abeltzainen ezinegona ikusirik, Europako Batasuneko herrialdeetako nekazaritza ministroek bilera bat egingo dute bihar. Ez dirudi, ordea, erabaki esanguratsurik hartuko dutenik. Hala ondoriozta daiteke Phil Hogan EBko Landa Garapenerako komisarioak joan den astean esandakoetatik. Politika «esku hartzaileen» aurka agertu zen Hogan, abeltzainei gutxieneko prezio bat pagatzearen aurka: «Proposamen interbentzionistak egiteak merkatuan dugun orientazioarikalte egin diezaioke. Kontuz ibili behar dugu bileran neurriak hartzerakoan». Komisarioaren esanetan, EBk ohartarazi zuen kuotak kendu ostean prezioak «ezegonkor» geldituko zirela epe laburrera. Hala ere, aurreikuspen onak dituzte epe ertainera eta luzera begiratuta.

Alex Garmendia Kaiku kooperatibako koordinatzailea ez da batere baikorra biharko bileraren inguruan: «Neurriren bat hartuko dute ziurrenik, baina ez dirudi sektorearen egoera gehiegi aldatuko denik». NPB Nekazaritza Politika Bateratuko diru laguntzak aurreratzea izango da har dezaketen neurrietako bat: «Hori ez da konponbidea, adabaki bat baizik». ELBko kide Mixel Berhokoirigoinek ere ez du norabide aldaketarik espero Bruselaren aldetik: «Merkatu librearen alde egin nahi izan dute kuota sistema kenduta, eta orain ez dut espero kontrako norabideko neurririk».

Gipuzkoako ENBAko lehendakari Iñaki Goenagak ere ez du aurrerapausorik espero biharko bileran. Nahiz eta, haren ustez, politikariek badakiten sektorearen egoera zein den, eta badakitenzerbait aldatzea beharrezkoa dela: «Aurreikusi zuten Txinan eta Indian esnearen kontsumoa handituko zela, baina ez dira betetzen ari aurreikuspenak. Ondorioz prezioak asko jaitsi dira». Goenagak azaldu duenez, kuotak kentzeak abeltzainen egoera are gehiago zaildu du: «Euskal Herrian kooperatiben eraginez-eta nahiko ondo eutsi diogu prezioen gerrari, baina horrek ez du esan nahi ondo gaudenik».

EH Esnea kooperatibako presidente Joxe Agirreburualdek adierazi du haiek ere oraindik ez dutela nabaritu kuotak kendu izana: «Guk industriari ez diogu saltzen eta, oraingoz behintzat, ez digu kalterik eragin EBren erabakiak. Geroago ikusiko da, ordea». Agirreburualdek nabarmendu du egoera inorentzat ez dela ona.

Garmendiaren dioenez, kuotak kendu zirenetik ez da aldaketa nabarmenik izan Kaiku kooperatibako abeltzainen jardunean ere. Hain justu, apiriletik %2 inguru handitu da ekoizpena, baina «azken bi urteetako joeraren ondorioz, ez kuotak kendu dituztelako». Prezioekin antzeko zerbait gertatu dela azaldu du Garmendiak; iazko urtearen amaieran hartu zuten beheranzko joera, eta horretan segitu dute. Iazko martxoko datuen arabera, Gipuzkoan ekoizten den esnearen ia %100 biltzen du Kaikuk, Arabako %60, Bizkaiko %45 eta Nafarroako %20.

Prezioen borroka

Sektorea beldur zen kuotak kenduta herrialde batzuk esne dezente gehiago ekoizten hasiko ote ziren, eta horrek prezioak jaitsiko ote zituen. «Zioten Europako iparraldean esplotazio asko prestatuta zeudela kuotak desagertu ondoren ekoizpena handitzeko. Arriskua hor dago, baina, oraingoz, ez da asko nabaritu, herrialde batzuetan ekoizpena jaitsi egin baita», azaldu du Garmendiak. Haren ustez, Errusiak Europako produktuei jarritako betoak eragin nabarmenagoa izan du esne soberakina sortzeko orduan.

Bestela mintzatu da Berhokoirigoin: «Aurreikusi genuena gertatu da kuotak kenduta. Esne ekoizle handiak gehiago ekoizten hasi dira. Ondorioz, esne litroaren prezioa %20 inguru jaitsi da Frantzian». ELBko kidearen arabera, gertatu dena ez da izan «mirakulua», estrategia baten ondorioa baizik: «Batzuk nahi izan dutelako gaude egoera honetan». Nekazaritza Politika Bateratuak «joera liberala» duela nabarmendu du, eta sektoreko kide askoren ikuspegiak ere horrela direla. Tartean, zenbait ekoizlerenak ere bai. «Azken asteetan Parisen manifestatu diren sindikatuetako ordezkari asko kuotak kentzearen alde zeuden, eta orain gutxieneko prezioak eskatzen ari dira. Kontraesana da hori».

Hain zuzen ere, horixe izan da abeltzainen aldarrikapen nagusia aspaldidanik: esne litroko gutxieneko prezio bat finkatzea. EHNE sindikatuak abuztuan egindako agerraldi batean salatu zuen ohiko bihurtu dela ekoizleei litro bakoitzeko 0,24 eta 0,28 euro ordaintzea. Ekoizpen kostuaren azpitik daude prezio horiek—0,35 euro zen uztailean—. Baldintza horietan segituta, sektorea «desagertzeko zorian» dagoela ohartarazi zuen EHNEk.

Espainiako Nekazaritza Ministerioak, ordea, ez du gutxieneko prezio bat ezartzeko asmorik, Europako legediaren aurka doala argudiatuta. Hala ere, azken asteetan zenbait mugimendu egin ditu Isabel Garcia Tejerina ministroak. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, dekretu bat prestatzen ari da ministerioa, esnearen sektorearen krisiari aurre egiteko. Besteak beste, litekeena da dekretu horrek prozesu osoko prezioak argitaratzera behartzea; baserrietatik hasi, eta saltokietarako bidean izandako prezioak jakiteko.

Garmendiaren arabera, prezioak jakinarazteak lagunduko luke arazoa non dagoen erakusten. Hala ere, ez du argi zenbateraino lagun dezakeen esnearen prezioak orekatzen. «Kontua da kontsumitzaileak ez duela esnea baloratzen. Gaur egun, esnea eskaintzetan sartzen da saltokietan. Jendeak prezioari begiratzen dio, kalitateari baino gehiago». EH Esnea kooperatibako Agirreburualdek adierazi du zentzu horretan hartutako neurri guztiak direla positiboak, baina gero «ezinbestekoa» dela neurri horiek betetzen direla bermatzea. «Saltoki batzuetan 50 zentimotik behera dago esnea. Onartezina da hori. Horri aurre egitea posible da borondatea baldin badago».

Espainiako Gobernuak beste neurri bat ere iragarri zuen joan den hilean: esnea galerekin saltzen duen abeltzainari 300 euroko laguntza ematea behi bakoitzeko. Garmendiak errezeloz begiratzen dio neurri horri ere: «Nola neurtzen duzu abeltzaina esnea galerekin saltzen ari dela? Galerak egitea zer da 32 zentimoz azpitik saltzea? 30ez azpitik? Bakoitzak izaten duen ekoizpen kostua desberdina da gainera. Beste petatxu bat iruditzen zait ».

Orain arte hartutako neurriek emaitza «eskasak» lortu dituzte, Kaiku kooperatibako koordinatzailearen ustez. Duela urtebete baino gutxiago indarrean jarritako kontratuak ekarri ditu gogora. «Egonkortasuna lortu nahi zuten kontratuen bidez, baina ez da lortu. 'Lege bakoitzak, bere tranpa' esaten da. Bada, kontratuak prezioak jaisteko tresna bihurtu dira zenbait industriarentzat». Industriak, gutxienez, urtebeteko itunak sinatu behar zituen ekoizleekin; bestela, zigorra jasoko zuten. Garmendiak azaldu duenez, ordea, industria askok abeltzainei ekoitzitako esnearen erdia prezio onean erosi arren, oso prezio apalean erosten diete beste erdia, «soberakin gisa tratatuz».

Goenagak argi du zein den baserritarrek egin beharreko bidea. Erakundeek har ditzaketen neurrien zain egon gabe, baserritarrak elkartzea garrantzitsua dela uste du ENBAko ordezkariak: «Banatzaileei dagokionez, bost-sei enpresak kudeatzen dute sektorea. Horien aurka zeregin gutxi dugu, elkartzen ez bagara ». Esnearen sektoreko mahaia beste modu batera antolatu behar delakoan dago Goenaga: «Hiru hanka nagusien artean gutxieneko akordioak lortu behar dira». Baserritarrak, industria eta banatzaileak dira hanka horiek: «Salmentetan gutxieneko prezio bat jarri ezean, ezinezkoa da gastuei aurre egitea. Gehienetan, baserritarrak gara katebegi ahulena».

Frantziara begira

Itxura batean, Parisek Madrilek baino erantzun sendoagoa eman die abeltzainen eskaerei. Izan ere, adostu berri du sektorearekin esne litroaren gutxieneko prezioa 34 zentimoan ezartzea. Neurri hori adostu ondoren, ordea, beste herrialdeetako abeltzainek ere antzeko jarrera eskatu diete beren gobernuei. Hori dela eta, joan den astean Frantziako Nekazaritza ministro Stephane Le Foll-ek azalpenak eman behar izan zituen. Ukatu egin zuen gutxieneko prezioa ezarri dutela: «Europako legediaren kontra lihoake hori». Azaldu zuen lege berri bat atera dutela bitartekaritza mekanismoak ezartzeko, modu horretan esne sektoreko eragileen arteko akordioak ahalbidetzeko.

Berhokoirigoinek zalantza du gutxieneko prezioa adostu izana eraginkorra izango ote den: «Enpresa askok dagoeneko esan dute ez dutela posible 34 zentimo ordaintzea. Haiek defendatzen dute Europan daudela eta neurri horiekin ezin direla lehiatu beste herrialdeekin». Pentsamendu horiekin, ELBk zail ikusten du prezioak jaisteari galga jartzea.

Hego Euskal Herritik, hala ere, arretaz begiratzen diete Frantzian hartutako neurriei. Garmendiak, adibidez, uste du lehen sektorea gehiago errespetatzen duela Parisek. «Sektoreak protesta egiten duenean, azkarrago mugitzen dira politikariak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.