Paueko administrazio auzitegiak arrazoi eman dio prefetari Elkargoak bozkatu enpresen gaineko zergaren gatazkan

Paueko epaileak ezeztatu du Euskal Elkargoak martxoaren 23an bozkatu zuen enpresen gaineko zergaren emendatzeko deliberoa, prefetaren helegiteari jarraituz. Elkargoko buru Etxegaraik jakinarazi du dei eginen dutela Bordeleko auzitegian.

Jean-Rene Etxegarai eta Kotte Ezenarro, zerga eta aurrekontu berriak bozkatu zituzten martxoaren 23ko Elkargoko batzar orokorrean. PATXI BELZAITZ
Jean-Rene Etxegarai eta Kotte Ezenarro, zerga eta aurrekontu berriak bozkatu zituzten Elkargoko batzar orokorrean. PATXI BELZAITZ
Iñaki Etxeleku.
2024ko abuztuaren 27a
16:00
Entzun

Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak Euskal Hirigune Elkargoa Paueko administrazio auzitegira jauki zuen uztailaren 22an, joan den martxoaren 23ko Elkargoko batzar orokorrean bozkatu zuen CFE enpresen gaineko zerga gehiegi emendatzeagatik. Paueko administrazio auzitegiak agorrilaren 22an arrazoi eman zion prefetari, erranez «duda handiak badirela» Elkargoaren erabakiaren legezkotasunari buruz». Ez du oraino auziaren funtsari buruz erabaki auzitegiak, baina lehen helegite horretatik ezeztatu du Elkargoaren erabakia.

Jean-Rene Etxegarai Elkargoko lehendakariak Sud Ouest egunkarian iharduki du, eta «indarrez hartu epaia» dela salatu du. Bordeleko dei auzitegira joko dutela iragarri du, eta helegitea jin artean ezeztatzea ez betearazteko epe bat galdetuko dutela.

Beste argudio bat erabili du Etxegaraik: «Sekula ez genuen CFE zerga emendatu Elkargoa sortuz geroztik». Hori izan da, hain zuzen, Elkargoa defendatu duen Logeais abokatuaren arrazoikatzearen oinarrietarik bat.

Urteen gibelatzea auzitan

Joan den martxoaren 23an Elkargoko lehendakaritzak hautetsiei bozkarazi zien aurrekontuari datxekiola, CFE enpresen gaineko zerga %29,91raino emendatzea finkatu zuen. Nahiz eta hautetsien gehiengo motz batek alde bozkatu, eztabaida piztu zuen bat-bateko emendatze horrek, hautetsi batzuk kontra agertu ziren, eta bozka estua izan zen. Ondotik, Baionako merkataritza ganberak ere salatu zuen.

Euskal Elkargoko arduradunek otsaileko eta martxoko aurrekontuen eztabaidetan erran zuten proportzionalki emendatuko zituztela zerga sariak, lur eta funtsen gainekoak, enpresenekin batean. Pirinio Atlantikoetako prefetaren defentsak, hain zuzen, hori du salatu auzitegian: «Euskal Elkargoak ez zezakeen bere zerga guzien gainean molde berean ezarri aldaketa proportzional bat». Zehazki, enpresen gaineko zergari «aitzineko urteko lur funtsen zergaren» araberako emendatzea jar dakioke bakarrik, prefeturaren arabera, eta ez, Elkargoak egin duen gisan, aitzineko hiru urteak metatuz. «Ondorioz, Euskal Hirigune Elkargoak gehienez %28,84raino baizik ez zezakeen emenda».

Elkargoa bera ez da ados, eta legea bestela interpretatzen du, erranez Elkargoek badutela aukera aitzineko hiru urteetan ez badute enpresen gaineko zergarik emendatu hiru urtekoa tanpez emendatzeko.

Beste argudio bat erabili du Elkargoak auzitegian emendatzea justifikatzeko: «Aurrekontu testuinguru berezian bozkatu zen auzitan ezarri delibero hori; izan ere, Hirigune Elkargoak funtzionamendu gastu handiei buru egin behar zien, diru sartzeak ttipitzen zirelarik».

Horrez gain, prefeta eta haren zerbitzuei leporatzen die hitzemana zuten fiskalitate aholkularitzako zerbitzua ez ezartzea. Elkargoko defentsak erran duenez, aholkulari horien betekizuna da «tokiko zergetan laguntza metodologikoa ekartzea, besteak beste bozkatzekoak diren zerga heinen deliberoetan». Euskal Elkargoak dio 2024ko urtarrilaren 9an estatuko zerga aholkulariei dei egin ziela eta haiek «ez zutela erantzunik eman». Ondotik, otsailaren 17ko Elkargoko batzar orokorrean aurrekontu norabideak aurkeztu zituen lehendakaritzak, eta «aholkulariek sekula ez diote Hirigune Elkargoari abisurik eman, egin zituen hautuek arazoak ekarriko zituztelakoan». Elkargoko defentsak hala trenkatu zuen Pauen: «Ondorioz, prefetak, hitzarmenak manatzen dizkion aholku eta alerta betekizunak ez ditu errespetatu».

Prefetaren defentsak auzitegian berean erantzun zituen Elkargoko argudioak. Lehenik, abokatuek azpimarratu zuten Elkargoak delako hiru urteen metaketa ez zezakeela egin «zerga administrazioa aitzinetik abisatu gabe». Eta bestalde, metatzeko «eskubide horren erabiltzea ez zitzaiela Elkargoko hautetsiei bozkarazi, eta ez dela aipatzen ere auzitan ezarria izan den deliberoan». Prefetaren abokatuek gehitu zuten Euskal Elkargoak bozkatu enpresen gaineko zerga emendatze horrek «euskal lurraldeko enpresen bizkar 1,6 milioi euroko gainzerga ezartzen zuela 2024. urtean berean; tasa edo hein hori ez da legearen araberakoa».

Bi milioi euro zintzilik

Auzitegiak arrazoi eman die prefetaren argudioei. Besteren artean, hala dio bere epaian: «Egitekoetan duen legezkotasun zaintzan, Pirinio Atlantikoetako prefetak 2024ko apirilaren 4ko gutun baten bidez, Euskal Hirigune Elkargoari jakinarazi zion haren deliberoa partez legez kanpokoa zela, enpresen gaineko zerga ez zezakeelako %28,84 baino gorago ezarri». Elkargoak ez ziolako erantzunik bidali jo zuen auzitara.

Auzitegiak kontuan hartu du Elkargoak ez ziola zerga administrazioari jakinarazi enpresen gaineko zerga gisa horretan emendatuko zuela. Ondorioz, zerga emendatze hori egin den moldeak «2024ko martxoaren 23ko Euskal Hirigune Elkargoko batzar orokorrak hartu deliberoaren legezkotasunari buruzko duda serioak pizten ditu», trenkatu du Paueko administrazio auzitegiak. Ondorioz, «delibero hori eten behar da».

Erran bezala, Euskal Elkargoak Bordeleko dei auzitegira joko duela erran du Paueko auzitegiaren erabakia ezeztatzeko. Arte horretan, 2024ko Elkargoko aurrekontuan, bi milioi euro inguru zintzilik dira —enpresen gaineko zergetarik— dei auzitegiak erabaki artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.