Patxi Noblia enpresaria hil da

Besteak beste Sokoa altzari enpresa eta Herrikoa elkartea sortu zituen. 79 urte zituen.

PATXI NOBLIA
Patxi Noblia, 2011. urtean. Gaizka Iroz
Ekhi Erremundegi Beloki - Edu Lartzaguren
2023ko abenduaren 16a
14:15
Entzun

Enpresa sortzaile, ekonomiaren bultzatzaile eta militante abertzalea zen Patxi Noblia. Gaur jakinarazi dutenez, atzo hil zen, 79 urte zituela. Ipar Euskal Herriko eremu ekonomiko eta politikoan pisu handia izan du urteetan. Enbata mugimenduan ibili zen, Sokoa enpresaren sortzaile izan zen, eta Herrikoa elkartea bultzatu zutenen artean izan zen. Euskal departamenduaren aldeko borrokan azkarki engaiatu zen, eta Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko zuzendaritzan parte hartu zuen.

«Xumea», «umila» edo «diskretoa» bezala aurkeztu dute haren hurbileko batek baino gehiagok, eta nabarmendu dute ez zuela haren heriotzaren berri zabaltzerik nahi. Sokoa enpresak agiri batean esplikatu duenez, aspalditik jakinarazia zuen azken hatsa eman ondoren ez zuela zeremoniarik edo omenaldi publikorik nahi. «Bere borondatea da, errespetatuko dugu», adierazi dute. «Ekintzaile nekaezina», «taldelan zalea» eta «lider karismatikoa» izan dela azpimarratu dute. «Haren desagertzeak hutsune handia uzten digu, bere pertsona sortu zuen konpainiatik bereizezina baita. Haren ondarea gure esker onaren eta gure minaren heineko da : izugarrizkoa».

Angelun (Lapurdi) jaio zen Patxi Noblia, 1944. urtean, enpresaburu sendi batean. Izan ere, haren gurasoek txokolatea lantzeko lantegiak zituzten, besteak beste Kanbon (Lapurdin). Zuzenbidea eta merkataritza ikasi zituen, eta horrek ekonomia arloan engaiatzera eraman zuen. Bere bizitzan, helburu nagusietarik bat izan du Ipar Euskal Herriaren garapen ekonomikoa bultzatzea. 1968. urtean, lanak Euskal Herritik kanpora eraman zuen, familiaren txokolate lantegi bat zuzentzera joan baitzen Normandiara (Frantzia). Edonola ere, 1970eko hamarkadaren amaieran, Euskal Herrira itzuli, eta bertako ekonomia bultzatzeko hainbat egitasmo sortu zituen, besteak beste Sokoa enpresa; altzariak ekoizten ditu, besteak beste bulegoetarako aulkiak. Horrez gain, Herrikoa elkartea bultzatu zuen 1980. urtean, Ipar Euskal Herriaren ekonomia garatzeko egitasmoak lantzeko. Horren buru izan zen 1989. urtera arte. Erretiroa hartuta zegoen 2008tik.

Sokoa enpresan ezagutu zuen Joset Bergara Txistu-k. Beste gazte abertzale askok bezala, Enbata aldizkaria irakurtzen zuen garai hartan Bergarak, eta Sokoa enpresaren sorreraren berri jaso zuen bertan. Kapitalean parte hartzea erabaki zuen, eta, gerora, langile sartu zen. Nobliaren ondoko izan zen urteetan, eta haren segida hartu zuen, enpresako zuzendari gisa lehenik, eta lehendakari nagusi gisa ondotik. «Balio handiko pertsona zen. Nire bizitzako suerterik handiena izan da haren bidea gurutzatu izana. Anitz ikasi dut harekin», erran du, hunkiturik.

«Duela zenbait urte, modan eman ziren diru bilketa parte hartzaileak; Patxik hori orain dela berrogei urte asmatu zuen. Hori zen Herrikoa: lantegiak sortzea, ekonomiaren jabetza hartzea, kolektiboki, eta behetik gora. Iraultza bat zen bere garaian, eta hala da oraindik».

JOSET BERGARA, 'TXISTU'Sokoako lehendakaria

Noblia gizon xumea izan dela erran du, eta haren ibilbidea goraipatu du. «Geroa gure gain hartu eta aitzina egin behar zela erraten zuen. Ez bakarrik aldarrikatu: egin, eta gauzatu», oroitu du Bergarak. «Duela zenbait urte, modan eman ziren diru bilketa parte hartzaileak; Patxik hori orain dela berrogei urte asmatu zuen. Hori zen Herrikoa: lantegiak sortzea, ekonomiaren jabetza hartzea, kolektiboki, eta behetik gora. Iraultza bat zen garaian, eta hala da oraindik». Erran du Nobliaren helburu nagusia Euskal Herria eraikitzea zela, arlo guzietan. «Seaskaren sorreran eta garapenean ere parte handia izan zuen, lan asko egin zuen, eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera ere lagundu du». 

Enbata eta Garapen Kontseilua

Militante abertzalea izan zen gaztetik Noblia, eta Enbata mugimenduko kide izan zen. Horren buruzagitzako kide bihurtu zen 1965. urtean. Orduan ezagutu zuen Kristiane Etxaluzek, 1967 inguruan. Frantziako Asanbleako hauteskundeetara aurkeztu zen mugimendu politikoa, eta Etxaluz izan zen hautagaietarik. Nobliak hartu zuen kanpaina koordinatzeko ardura. «Jakin izan zuen ingurune ezberdinetako jendea biltzen, eta elkarren artean ados ematen». Lehenago hautagai abertzaleak izan baziren ere, lehen aldia zen mugimendu politiko gisa bozetara aurkezten zirena. «Gure helburua zen pedagogia egitea: erratea zazpi probintziako Euskal Herri bat bazela». Noblia «zinezko ekintzailea» zela erran du: «Militantzia politiko eta industrialean, haren ideia zen Euskal Herriaren garapena bultzatzea».  

Hauteskundeetako emaitzak ez ziren izan nahi bezain onak, eta horrek «ahultze» bat ekarri zuela esplikatu izan du Allande Duny-Petre historialari eta Enbata aldizkariko kronikariak. Horren ondorioz sortu zen Izan mugimendua, 1970eko hamarkadaren bukaeran, gogoetarako eta ekintzarako arragoa; Julen Madariagak, Jakes Abeberrik, Patxi Nobliak eta beste batzuek parte hartu zuten bertan. «Abertzaletasunak gizarte zibilean inbertitu behar zuela uste zuten, herria eraikitzeko», Duny-Petreren hitzetan. Arlo anitzetako proposamenak egin zituzten. 

Frantziako Gobernuak euskal departamendua sortzeari ateak itxi ondotik, Euskal Herriko Garapen Kontseilua bultzatu zuten 1994an Frantziako Estatuak eta tokiko hainbat eragilek. Nobliak hasieratik parte hartu zuen, eta haren zuzendaritzako parte izan zen urteetan. «Argi zuen instituzioaren aldarrikapena ez zela baztertu behar, eta bilkuretan ahal zuen guzietan oroitarazten zuen erakundetzearen beharra, izan ekonomian, laborantzan ala unibertsitate arloan», gogoratu du Battitta Boloki Garapen Kontseiluko zuzendari ohiak. 

2004. urte inguruan Garapen Kontseiluan greba egin zutenetarik izan zen Noblia. Frantziako Gobernuarekin harremanak izan zituzten garai hartan, baina Garapen Kontseiluko zuzendaritzak ez zuen ontzat eman lurraldeko aldarrikapenen bozeramaile gisa jardutea. Ezezkoaren aitzinean, bilkuretara joateari utzi zioten kide batzuek. Bizpahiru hilabeteren ondotik, biltzar nagusi berezi bat egin zuten, eta hainbat aldarrikapen bere egin zituen Garapen Kontseiluak. «Helburu bat zuelarik, bururaino eramaten zuen. Ez zen amore eman behar; hori zen haren egiteko modua», nabarmendu du Bolokik. «Uste dut Ipar Euskal Herriko jende anitzek, izan abertzale ala ez-abertzale, Patxirendako errespetua bazutela. Mintzo zelarik, denak isiltzen ziren».

BERRIAren administrazio kontseiluan

2003an Espainiako justiziak Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren BERRIA sortu zenean, haren lehen administrazio kontseiluko kide izan zen Noblia. Egoera zail hartan ardura hura hartzearen garrantzia azpimarratu du Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak. «Guretzat babes handia izan zen». Nobliaren ibilbidea goraipatu du, abertzaletasunari eta euskaltzaletasunari egindako ekarpena azpimarratuta. 

«Ipar Euskadik lantegiburu eraikitzaile haundi bat eta Abertzale zintzo bat galtzen du. Agur, ohore eta milesker Patxi Noblia», idatzi du Peio Etxeleku EAJko Ipar Buru Batzarreko presidente eta Agour enpresako buruak, X sare sozialean –lehengo Twitter–. Doluminak adierazi dizkie Nobliaren hurbilekoei.

Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak gorazarre egin dio Nobliari: «Gizon engaiatua zen. Ipar Euskal Herriko figura enblematiko eta enpresaburu goiargitu baten oroitzapena utziko digu. Euskal Herriko borroken aitzingidaria izan zen, bai eta gure lurraldeko modelo kooperatibistaren bidegilea ere».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere gogoratu du Noblia: «Patxi Noblia zendu da, euskaltzale eta abertzale handia. Eskerrik asko egindako lan guztiagatik eta besarkada erraldoia senide eta lagunei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.