Bi bide, helburu bera lortzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutakoak aurrera egiten ez badu, BBKren eta Vitalen patronatuetan gertatutakoa gertatuko da Kutxaren patronatuan ere: EAJk, PSEk eta PPk izendatuko dituzte fundazioetako arduradun gehienak.
Gipuzkoako kasuak, ordea, baditu pare bat berezitasun. Lehenengoa fundazioetako kideak aukeratzeko moduari dagokio. Izan ere, Bizkaian eta Araban oraingo kudeatzaileek erabaki zituzten hurrengo kudeatzaileak. Ondorioak oso garbi daude: BBKren Administrazio Kontseiluan EAJk izendatutakoak ziren bederatzi kide, eta alderdi horrek aukeratutako bederatzi kide esertzen dira orain BBK banku fundazioaren patronatuan. Aldaketa bakarra da CCOOk bi kide galdu dituela, bata PSEren esku eta bestea PPren esku.
Beste horrenbeste gertatu da Vital Kutxan. Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala PPren esku egonik, talde horrek eutsiko dio gehiengoari: patronatuko hamabost kideetatik zortzi hautatu ditu (lehen zazpi ziren). Alde bakarra da Vitalen patronatutik EH Bildurekin batera (kide bat zuen Vitalen administrazio kontseilua) sindikatuak eta beste erakundeak ere desagertu direla, eta haien ordez EAJk eta PSEk aulki gehiago lortu dituztela. Kutxen politizazioa eragotzi nahi zuen sistema baten kontraesanak.
Gipuzkoan, berriz, itxura demokratikoagoa eman nahi izan dio hirukoak bere itunari. Xabier Iturbe Kutxako presidentearen proposamenari jarraiki, joan den ostiralean Batzar Nagusiek ontzat hartu zuten Kutxako patronatuko kideen aukeraketa beren esku geratzea, eta kideen aukeraketan nolabaiteko proportzionaltasun bat gordetzea.
Osteguneko bilera
Beste berezitasun bat ekarri du proportzionaltasun horrek: beste fundazioetan ez bezala, Eusko Legebiltzarreko bigarren alderdia denak ordezkaritza izan dezake Kutxaren balizko fundazioan. Izan ere, EAJk, PSEk eta PPk proposatu duten banaketan EH Bilduri egokituko zaio Batzar Nagusiek izendatuko dituzten hamabi kideetatik lau hautatzea. Ikusteko dago hori egingo ote duen; gaur zortzi bilduko dira Batzar Nagusiak horretarako.
Bi dira koalizio independentistaren kexuak. Batetik, atzoko proposamenarekin ikusten den moduan, eragotzi egin nahi duela Kutxa banku fundazio bilakatzea. «Kutxako ordezkaritza eta pastela beraien artean banatzeko presa dute prozedura demokratiko itxura emanez, eta horretarako Batzar Nagusiak erabili nahi dituzte […] txostena ezagutu aurretik», azaldu du EH Bilduk.
Bestetik, gaizki iruditzen zaio beste hiru alderdiek erabakitako proportzionaltasuna. Izan ere, koalizioak gogorarazi du launa kide izango dituztela beraiek eta jeltzaleek, bien ordezkaritza desberdina izan arren: EAJk 14 batzarkide ditu, eta 22 Bilduk (23 Aralar koaliziokidea batuz gero).
Patronatuko kideak aukeratzeko prozesua «demokratikoa, adierazgarria eta bidezkoa» dela esanez erantzun zuen EAJko Markel Olanok. Nabarmendu zuen Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak fundatzaile gisa aukeratu ahal izango dituen bi kideei esker sei ordezkari izango direla Kutxaren patronatuan. Gehiago ematea ez litzateke, haren iritziz, bidezkoa izango: «Ezker abertzaleak ezingo du gehiengo absoluturik izan Kutxako patrotukoak aukeratzean, Batzar Nagusietan %43ko ordezkaritza duenean».
Kutxabank. Gipuzkoaren proposamena
Patronatuetako kideen gehiengoa bermatzen ari dira EAJ, PSE eta PP
Gaur zortzi dira biltzekoak Gipuzkoako Batzar Nagusiak Kutxaren patronatukoak izendatzeko.Eskutik doaz EH Bildu ez beste alderdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu