Soldatak

Espainiako Gobernua prest agertu da gutxieneko soldata %4 baino gehiago igotzeko

Lan Ministerioak mehatxu egin dio patronalari: akordioa babesten ez badu, sindikatuekin soilik adostuko du ituna. Gaurko bileran ere ez dute lortu adostasunik.

ESPAÑA DIALOGO SOCIAL
Joaquin Perez Rey estatu idazkaria UGTko Fernando Lujan de Frias agurtzen, gaur, Madrilen. MARISCAL / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko urtarrilaren 8a
14:05
Entzun

«Guztion artean %4 inguruko igoera bat adosten ez badugu, patronalak gobernuarekin adostasun bat lortzeko asmorik erakusten ez badu, kopuru horretaz ahaztu eta gutxieneko soldatak are gehiago igotzeko akordio bat lortu beharko dugu sindikatuekin». Joaquin Perez Reyk, Espainiako Lan Ministerioaren ordezkariak, argi utzi du zein den Espainiako Gobernuaren jarrera lanbide arteko gutxieneko soldata (SMI) igotzeko negoziazioetan. Gaia jorratzeko bildu dira, berriro, Espainiako sindikatu nagusiak —CCOO eta UGT—, CEOE patronala eta ministerioa, baina gaur ere ez dute ados jartzerik lortu. Ostegunean edo ostiralean bilduko dira berriro.

Joan den hilean hasi ziren negoziazioak. Orduan, soldatak %4 igotzea proposatu zuen Yolanda Diaz Lan ministroak. Proposamen horren eraginez, 1.123 euroko soldata izango litzateke gutxienekoa Hego Euskal Herrian eta Espainian —hamalau pagatan ordainduta—; 1.080 eurokoa da gaur egun. Ez zuten ez sindikatuek ez enpresariek onartu. Txikiegia lehenengoentzat, eta handiegia bigarrengoentzat: 2024rako, sindikatuek %5eko igoera proposatu zuten —eta patronalak %3koa—, eta 2025erako, beste %3ko igoera. Espainian azken hamabi hilabeteetan batez beste %3,8koa izan da inflazioa, eta sindikatuek horregatik ez dute tasa hori baino igoera txikiagorik onartuko.

%4

Soldaten igoera. Espainiako Gobernuak igoera hori proposatu die sindikatuei eta patronalari. Haren arabera, erosahalmena ez galtzea ekarriko die horrek gutxieneko soldata jasotzen duten langileei.

Gaurko bileraren aurreko agerraldian, Perez Reyk adierazi du gobernuak ahaleginak egingo dituela alde guztiak bat datozen akordio bat lortzeko, baina, posible ez bada, proposamen berri bat egingo diela sindikatuei. «Itunean sartzen ez bada, patronalak ulertu behar du ondorioak ordainduko dituela», azaldu du estatu idazkariak. Dena den, argitu du oraingoz ez daudela egoera horretan, eta soldatak %4 igotzeko proposamenak balio beharko lukeela guztiak ados jartzeko. Hurrengo bilerarako, patronalak mahai gainean dagoen proposamena aztertzeko konpromisoa hartu du.

Lan Ministerioaren arabera, gutxieneko soldata jasotzen duten langileei erosahalmena ez galtzea ekarriko die igoera horrek, eta Espainiak «nazioartearekin dituen konpromisoak» ere beteko ditu. Horretarako, lanbide arteko gutxieneko soldatak batez besteko soldataren (1.822 euro) %60aren ingurukoa izan behar du.

Abenduko bileran, CEOEk ituna sinatzeko jarritako baldintzetako bat zen gutxieneko soldataren igoera konpentsatzeko kontratu publikoak igotzea. Horren inguruan, Perez Reyk azpimarratu du soldaten inguruko negoziazioa ez dela horretaz hitz egiteko tokia, baina proposamena helaraziko diotela Ogasun Ministerioari.

Soldaten agintaldia

Bilkuraren ostean adierazpenak egin dituzten bakarrak izan dira sindikatuetako ordezkariak, eta adierazi dute %4 eta %5 arteko igoera bat onartzeko prest leudekeela patronalak ere akordioarekin bat egingo balu. Horrela ez bada, CCOOko Mari Cruz Vicentek %5eko igoera bat negoziatzearen alde egin du. Harago joan da, ordea, UGTko Fernando Lujan; «koherentzia» eskatu dio gobernuari, eta soldatak %5 eta %6,9 artean igo beharko lituzkeela defendatu du, gutxieneko pentsioak eta bizitzeko gutxieneko diru sarrerak ere hala igo baititu.

Yolanda Diaz Lan ministroak ere hizpide izan du gaia bere X-ko kontuan. Esan du gutxieneko soldata gordinaren igoera dela berdintasunik ezari aurka egiteko tresnarik onena: «%50 igo dugu, baina ez gara konformatzen. Europako soldaten aldean dugun 25 punturen tartea murriztu behar dugu. Soldaten eta lanaldiaren murrizketaren agintaldia izango da hau».

2016tik 2023ra nabarmen handitu da gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian eta Espainian, 655 euro zena 1.080 euro baita orain —hamalau ordainsaritan ordaintzen den lanaldi osoko enplegu batengatik—. Igoera gehienak Pedro Sanchezen gobernuekin egin dira, baina igoera gutxi babestu dituzte sindikatuek eta patronalak. 2020koa izan zen bi aldeen baiezkoarekin onartu zuten igoera; ordutik ez du patronalaren babesik izan Lan Ministerioak.

Ipar Euskal Herrian, zergak eta kotizazioak ordaindu aurretik, gutxieneko soldata 1.766,92 euro da: 1.398,96 euro garbi. Abenduan onartu zuten kopuru hori 15,6 euro handitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.