Confebaskek zerga erreforma kritikatu du: «Aukera galdu bat da»

Enpresari elkartearen arabera, arau fiskal berriak ez dira erakargarriak, eta bere atsekabea adierazi du udan aldundiei eginiko iruzkinak ez direlako inon ageri.

Tamara Yague Confebask elkarteko presidentea. LUIS TEJIDO / EFE
Tamara Yague Confebask elkarteko presidentea. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko abenduaren 20a
16:00
Entzun

Confebaskek gogor kritikatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek diseinaturiko zerga erreforma. Patronalaren iritziz, arau berriak ez dira «erakargarriak» eta ekonomia ituna lehiakortasunaren mesedetan erabiltzeko «aukera galdu bat» izan da. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren jardunaren inguruan, aldiz, onartu du haren «musika» gustuko duela, baina ez dakitela zer hitz izango dituen abesti horrek.

Urtea ez da amaitu, zerga erreforma ez da artean onartu, eta Confebask hasi da presio egiten aldundiek hurrengo urteko udazkenean egingo duten zerga berrikuspenari begira. Aldundiek aurreratu zuten hurrengo urtean hartuko zituztela enpresen jarduna sustatzeko neurriak, baina patronala hasi da estutzen. Bide horretan Tamara Yague elkarteko presidenteak azaldu du aurten harturiko erabakiek ez dutela hobetu lurraldeen «erakarmen ahalmen fiskala».

«Galeren kenkarien gehienezko langa ez da kendu. 2008an jarri zen langa, krisi betean, baina egun, inoiz baino diru gehiago biltzen ari denean, neurri horrek ez du zentzurik»TAMARA YAGUEConfebaskeko presidentea

Confebaskek urtero abenduan egiten duen agerraldian eman du Yaguek bere iritzia. 2024ko jardunari errepasoa egin dio, eta 2025eko aurreikuspenak azaldu ditu. Ohikoa da aktualitate gaiak jorratzea, eta gaurkoan luze jardun du fiskalitatearen inguruan. Zehaztu duenez, udan Confebaskek hainbat neurri jakin helarazi zizkion Jaurlaritzari, baina ez dago haien arrastorik.

Zehaztu du begi onez hartu dutela 19.000 eurotik behera irabazten dutenek errenta aitorpena egin behar izatea eta enpresen deskarbonizazioa bultzatzeko kenkariak sortzea, baina gaineratu du askoz gehiago espero zutela. Ereduak ere jarri ditu: «Esaterako, galeren kenkarien gehienezko langa ez da kendu. 2008an jarri zen langa, krisi betean, baina egun, inoiz baino diru gehiago biltzen ari denean neurri horrek ez du zentzurik». Halaber, deflatazio handiagoak eskatu ditu: «Enpresek soldatak igotzeko egiten duten ahaleginak ogasunari bakarrik egiten dio mesede».

Itxura du urte osoan mantenduko duen tonua dela, eta hurrengo abenduan neurtuko da zer-nolako uzta jasotzen duen kanpainak. Alde horretatik, azken urteetako mantra errepikatu du, eta ekonomia ituna enpresen lehiakortasun eta talentua erakartzeko lanabes gisa deskribatu du; «irudimena» eskatu die aldundiei. Azken helburu horretarako Portugalgo Gobernuak harturiko neurri bat jarri du eredu gisa: «Langile gazteek lehen hamar urteetan zerga gutxiago ordaintzen dituzte, eta 36 urte bete arte ez dute %100 ordaintzen. Ez dut hori zehazki eskatzen, baina aztertu daiteke».

Soldata propioa, momentuz ez

Beste gai batzuk ere jorratu ditu: esaterako, Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzeko sindikatuek eginiko eskaera. Baina ez dio atea ireki lanbide arteko akordio horri. Hasteko, zehaztu du Espainiako Gobernuak duela hori ezartzeko eskuduntza, eta sektoreko lan hitzarmen guztiek dutela «errealitatera egokitzen den gutxieneko soldata», eta Hego Euskal Herriko soldatak «Espainiakoak baino handiagoak direla». Halaber, gehitu du fiskalitatearen bitartez ere igo daitezkeela soldatak.

Halako agerraldietako beste bi gai klasiko ere aipatu ditu: langile espezializatuen falta eta absentismoa. Barne inkesten arabera, hamar enpresatik seik dute eskulan falta, baina absentismoak ematen die azkenaldian buruhausterik handiena. Aurreratu du badutela horren inguruko bide orri bat, osasun arazoengatik lanera joaten ez diren langileen kopurua arazo bihurtu baitzaie, eta «kaltetzen» ari da enpresen lehiakortasuna.

Langabezia %6,5era jaitsiko da 2025-ean

Confebasken ustez, EAEko ekonomia %1,8 haziko da 2025ean. Eusko Jaurlaritzak eginiko iragarpena (%2,1) baino apalagoa da, eta Laboral Kutxak asteon eginikoarekin bat dator. Alemaniaren ahuleziak industria zamatzen jarraituko du —aurten %20 jaitsi dira han eginiko salmentak—, baina iragarri du eraikuntzak eta batez ere zerbitzuen sektoreak enplegua sortzen jarraituko dutela. Adierazi du haien eskutik 12.000 enplegu sortuko direla eta langabezia tasa %6,5era jaitsiko dela. 2009. urte hasierako datuetara itzultzea litzateke hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.