Patronalak ezetz esan dio lanaldi murrizketari

Espainiako Gobernuak berretsi du neurriarekin aurrera egingo duela. CEOEren ustez, enpresa askoren etorkizuna jokoan jarriko du.

Antonio Garamendi CEOE patronaleko presidentea, artxiboko irudi batean. JORGE ZAPATA / EFE
Antonio Garamendi CEOE patronaleko presidentea, artxiboko irudi batean. JORGE ZAPATA / EFE
jokin sagarzazu
2024ko azaroaren 5a
14:35
Entzun

Ia urtebeteko negoziazioen ondoren, CEOE patronalak ezetz esan dio 2025ean lanaldia asteko 40 ordutik 37,5 ordura murrizteko Espainiako Gobernuaren egitasmoari.

Lan Ministerioak urriaren 29an jarri zuen mahai gainean bere azken proposamena: lanaldia murrizteagatik kontrataziorako hobari batzuk adosteko aukera eskaini zion patronalari —enpresa kotizazioen %20tik %100era bitartekoak izan zitezkeen, eta handiagoak gazteak eta emakumeak kontratatzeko—. Horrekin batera, 375 milioi euroko diru laguntza zuzenen sail bat eskaini zuen: 6.000 eurorainoko diru laguntzak enpresa bakoitzeko.

Yolanda Diaz ministroak azaroaren 11ra arteko epea eman zion patronalari, eta ohartarazi zion pizgarri horiek kenduko zituela proposamenari baiezkoa ematen ez bazion.

Bada, patronalak ez du epe hori agortu. CEOEren batzorde exekutiboak ezohiko bilera bat egin du gaur eskaintza hori aztertzeko, eta behin betiko itxi du egitasmoa babesteko aukera, aho batez.

Patronalaren ustez, gobernuaren azken eskaintza ez da nahikoa. Horrekin batera, nabarmendu du ezin duela lanaldia murrizteko proposamena onartu, «negoziazio kolektiboan eskua sartzea dakarrelako». CEOEren ustez, halako neurri bat lan itunetan adostu beharko litzateke, eta ez legez.

Era berean, uste du lanaldi murrizketak «berrantolatzera behartuko» dituela enpresa asko, batez ere ertain-txikiak eta autonomoak, eta horrek jokoan jarriko duela haietako askoren etorkizuna.

Funtsean, patronalak ezbaian jarri du egitasmoaren eraginkortasuna. Uste du «nekez» handituko dela produktibitatea. Gogorarazi du «produkzio sarearen %98» enpresa txiki eta ertainek eta autonomoek osatzen dutela, eta zerbitzuen eta turismoaren sektorean aritzen direla nagusiki.

Kongresuak du azken hitza

Enpresaburuen ezezkoaren ondoren, negoziazioa beste fase batean sartuko da. Lan Ministerioak UGT eta CCOO sindikatuekin adostuko du arau berria, eta horrek ez du enpresentzako inolako laguntzarik jasoko, Lan Ministerioak azken proposamena egin zuenean ohartarazi zuenez. Gainera, lanaldiaren erregistrorako neurriak gogortuko ditu. Ondoren, araua Diputatuen Kongresura bidaliko du. Orduan patronalak beste aukera bat izango du egitasmoa trabatzeko, gobernua babestu ohi duten alderdietako batek neurriaren aurka egiten badu: Junts eta EAJrengan jarriak ditu esperantzak.

PSOEren eta Sumarren arteko gobernu koaliziorako akordioan jasotzen da asteko lanaldia murrizteko asmoa. Asmoa zen aurten 40 ordutik 38,5era jaistea, eta hurrengo urtean 37,5 ordura.

Hego Euskal Herrian Espainian baino eragin txikiagoa izango luke lanaldi ofiziala laburtzeak, bertan negoziatzen diren lan hitzarmen gehienetan lanaldia dagoeneko 37,5 ordutik beherakoa baita. Baina badira hortik gorako lanaldia dutenak, haietako asko Espainiako sektorekako eta enpresetako hitzarmenei lotutakoak.

Gainera, bada kontuan hartu behar den beste faktore bat: lanaldi partziala duten langileek, beren lanaldiari eusten badiote, soldata handiagoa jaso beharko dute, beren lanorduak proportzionalki gehiago direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.