Patronalak eta sindikatuek ez dute Hobetuz-etik dirua zuzenean jasotzerik izango

2009. eta 2014. urteen artean, 40 milioitik gora eskuratu dituzte bide horretatik Confebask patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek

Ivan Santamaria.
2015eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Langileen etengabeko prestakuntza sistema aldatzeko erreforma onartu du Espainiako Gobernuak. Moldaketak ondorio zuzenak izango ditu Hego Euskal Herrian ere. Izan ere, administrazio publiko guztiek ezarri beharreko erreforma da, horien artean Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Aldaketa garrantzitsuena da enpresaburu elkarteek eta sindikatuek ezin izango dutela aurrerantzean diru publikoarekin finantzatutako prestakuntzarik eskaini. Ez, gutxienez, zuzenean, gaur egun egiten duten bezala.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, etengabeko prestakuntza kudeatzeko fundazio bat dago: Hobetuz. Eusko Jaurlaritzak, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek erdi bana osatutako patronatua da. ELA eta LAB ere egon ziren fundazioan, baina 2007. urtean alde egitea erabaki zuten, ez zeudelako ados hartutako bide eta erabaki politikoekin.

Jaurlaritzak langileen etengabeko prestakuntzarako jartzen duen dirua nori eman zehazten du Hobetuz-ek. Hots, ikastaroak emateko eskaintzak jaso, aztertu, eta dirua nori eman zehazten du. Dirua emateko behin betiko erabakia Lanbideko agindu batek ezarri behar du, baina fundazioko patronatuak egindako proposamenari jarraitzen dio beti.

Prestakuntzarako finantzaketa zertarako erabiliko den erabakitzeko prozesuan egoteaz gain, gizarte eragileek aukera dute deialdira aurkezteko eta finantzaketahorren parte bat eskuratzeko. 2009. eta 2014. urteen artean, esaterako, 40 milioitik gora eskuratu dituzte bide horretatik Confebask-ek, CCOOk eta UGTk. Urtero banatzen den diruaren heren bat baino gehiago jasotzen dute Hobetuz-eko patronatuan dauden eragileek, ikastaroak antolatzearen truke.

Prestakuntzarako gastua nori eman behar zaion erabakitzeko eta, aldi berean, dirua jaso ahal izateko aukera hori kritikatu dute behin baino gehiagotan sindikatu abertzaleek. ELAren eta LABen ustez, atzeko atetik erakunde horiek finantzatzeko bidea bihurtu da ikastaroen antolaketa.

Espainiako Ministro Kontseiluak atzo onartu zuen erreforma, eta argitaratu bezain laster indarrean sartuko da, premiazko errege lege-dekretuaren formula juridikoa erabili duelako. Espainiako Kongresuan tramitatuko da ondoren, legearen behin betiko onespena bozkatzeko.

Dekretuaren testu osoa argitaratu ez bada ere, posible da gizarte eragileei prestakuntzaren dirua jasotzen segitzeko zirrikituren bat geratu izana. Esaterako, sindikatuek aukera lukete prestakuntza hori eurek zuzendutako fundazioen bidez eskaintzeko. Era berean, enpresen barruan antolatutako prestakuntzan, patronalak eta sindikatuek aukera izango dute ikastaroak eskaintzeko. Eredu horretan, enpresen prestakuntza diruz laguntzen du administrazioak, hobarien bidez.

Aurtengo deialdia, zintzilik

Etengabeko prestakuntzaren erreforma espero zen azken hilabeteotan. Eusko Jaurlaritzak onartua du ezarritako aldaketak bere egin beharko dituela, gustuko izan edo ez. Lan Ministerioak ez du Jaurlaritzarekin inolako harremanik izan. Ez dio edukiari buruz galdetu, ezta zirriborrorik bidali ere, politika aktiboen eskumena Urkulluren gobernuak izan arren. Fatima Bañez Lan ministroak luze negoziatu duten erreforma dela ziurtatu du.

Erreforma gauzatu aurretik onartuta ez zeuden ikastaroak bertan behera geratzea aurreikusten zuten zirriborroek. Aurtengo deialdia onartu gabe du Hobetuz-ek. Onarpena azkartzen saiatu da Eusko Jaurlaritza, datorren astearteko gobernu kontseilura eramanda —iaz ekainean onartu zen—, eta hurrengo egunean Lanbideko administrazio kontseilura bideratuta. Confebaskek, CCOOk eta UGTk aurtengo deialdia azkartzeko eskatu izan diote Jaurlaritzari. Haatik, legearen aldaketa lehenago iritsi da, eta aurtengo deialdia zintzilik geratzeko arriskua dago.

Espainian prestakuntza kudeatzeko sistema ere aldatuko du erreformak. Gaur egun, Hobetuz-en antzeko egitura duen fundazio batek egiten du. Hots, gobernuak, patronalak eta sindikatuek ordezkaritza parekidea dute. Aurrerantzean, ordea, gobernuak gehiengo osoa izango du patronatuan, sindikatuei eta patronalari ordezkaritza kenduta, eta beste eragile batzuk sartuko dira.

Hasiera batean, eta dekretuko xehetasunen esperoan, aldaketa horrek ez du esan nahi ezinbestean Hobetuz desegin beharko dela edo bere erabakiak hartzeko sistema aldatu beharko dela. Hots, sindikatuek eta patronalak aukera lukete prestakuntzaren diseinuan eta kudeaketan parte hartzeko, orain arte bezala, baina ondoren deialdietan egon gabe.

Patronalari eta sindikatuei halako muga bat jartzea ez zaiola gaizki iruditzen esana du Angel Toña Lan eta Gizarte Politiketako sailburuak. Aurten hogei urte beteko ditu Hobetuz fundazioa sortzeko modua ekarri zuen lanbide arteko akordioak. Legearen aldaketak eta antolakuntza arrazoiek bultzatuta, fundazioaren etorkizunari buruzko gogoeta egiteko unea iritsi da. Hobetuz-en zeregina Lanbidera lekualdatzeko aukera aztertzen ari da Jaurlaritza jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.